Itxurak eta etxurak


2021eko uztailaren 16an
Azkenaldian kezkatuta nabil emakumezkoen irudiarekin. Sarritan izaten dut hizpide ingurukoekin. Inguruko emakumeekin, dena esateko. Lagun batek dio berak zahartzarorako zein irudi aukeratu jakin nahi lukeela. Eredu faltaz kexatzen da. Lagun hori pertsonaia publikoa da, hedabideetan azaltzen denetakoa, eta eredu faltaz ari denean, ez aitortu arren, irudi publikoa dauka buruan.

Tinterik gabeko nire ile urdinduak eman zion aitzakia honetaz jarduteko. Ez da bakarra. Ilea bere horretan uzteko erabakiak beste askori jarri die hizpidea. Erreakzioak bi muturretakoak dira: batzuk ile zuriaren fan bihurtzen dira, eta beste batzuk berriz behin eta berriz aholkatzen dizute adinaren aitorpen horri muzin egiteko.

Bi jarreren arteko lerroa tinkoa da oso, inor gutxi geratzen da indiferentzian edo erdibidean. Eta hala ere, ezinezkoa da bando batera eta bestera lerratzen direnen tipologia zehaztea. Azkar esanda, ezin daiteke pentsa ile zuriaren kontrakoek Barbieren irudia dutenik eredutzat, edo, alderantziz, ile zuriaren aldekoek itxurari paso egiten diotenik. Norbaiti aditu diot, hori bai, norberaren ile zuriak adinkide tintatuak molestatu egiten ote dituen, ebidentzian jarriko balitu bezala.

Irudia, ez da ordea, ilajera mugatzen. Hor sartzen dira jantzia, ibilera, jarrera, hizkera eta keinuak -gorputzaren hizkuntza mutua- osotasunean. Nire laguna, eredu faltaz kexatzen denean, esparru honetan dabil. Kontua ez da bakarrik takoi fineko zapata torturatzaileei alternatiba bilatzea, jendaurrean azaldu, mugitu, egon, jardun eta adierazten asmatzea baizik.

Emakumezkoa espazio publikoan tokia irabazten doan eran, erronka modura ageri da irudiaren kontu hori. Gurean, bertsolaritzaren munduan aztertu izan da zerbait. Hasi ahotsaren tesituratik eta mikrofono aurrean jartzeko posturaraino. Sinbolikoa ere gertatzen da plaza -zentzurik zabalenean- joka-leku duen arlo horretan sortu izana hausnarketa.

Baina susmoa daukat hurrengo urteotan Gasteizko Legebiltzarrean egingo dela, ezarian-ezarian, gaur eta hemengo emakumearen irudi publikoa finkatzeko bide dezente. Diputatuen erdia gehi bat, presidentea barne, andrazkoak izateak berekin ekarriko du emakumezkoen ahots eta esapideak, jarrera eta itxura askotarikoak ohiko bihurtzea. Ikuslea familiarizatu egingo da aniztasun horretara; aktoreek beren tokia eta neurria aurkitu eta beldur eszenikoa gaindituko dute.

Ez gara hutsetik abiatzen. Hor daude lehendik hainbat alkate, sailburu banaka batzuk eta alderdietako ordezkari zenbait. Politikatik at, irakasleak dauzkat batez ere buruan, horien lana ere jendaurrekoa baita. Gogora datorkit nola orain urte batzuk "andereño estiloa" deitzen zitzaion ile motzak, hizketa ondo ebakiak eta autoritate apur batek marrazten zuten emakume klaseari. Karikaturatik hurbil, mesprezu tanta batzuekin botatzen zen "andereño estiloa"rena. Karikatura horrek, dena den, zera adierazten zuen, nortasun nabarmeneko profesional mota berri bat sortua zela gure gizartean.

Karikaturak, ez dauka zertan txarra izanik. Begiratu bestela Canal Pluseko Guiñolean Espainiako Gobernuko emakume ministroei. Irristada galanta egin zuten izendatu berri hartan Voguerako posatu zutenean. Irudi aholkularia etsaiak jarritakoa behar zuen izan. Geroztik, eta urtebete honetan, beren benetako irudia beste bat dela erakusten dute behin eta berriz. Baita karikaturetan ere.

Irudia dela-eta emakumezkook jasaten dugun presio ikaragarria jakinekoa da. Presioa agerikoa denean, gaitzerdi, errebeldia pizten baitu; okerragoa da presio sotil eta isila, oharkabean barneratu eta autoestimari zuloak egiten dizkion hori. Nik uste oso sanoa dela itxurari buruz hitz egitea. Ereduak bilatzea, eztabaidatzea, auzitan jartzea... Ereduak, pluralean, kanon bakar eta unidimentsionaletik urruti. Ile zuri nahiz tintatuekin, soprano ahotsaz edo kontraltoarenaz, itxura eta (h)etxura guztiak eroso sentitzeko moduan eta... behingoz hizpidea agortuta.


Azkenak
EHUk eskolak ematea debekatu dio, behin-behinean, “mezu faxistak” zabaldu dituen irakasleari

Euskal Herriko Unibertsitateak jakinarazi duenez, gutxienez astebetez ez du eskolarik emango Zuzenbide Fakultateko irakasleak. Astelehen goizean Leioako campuseko ehunka ikaslek sare sozialetan frankismoa goraipatzea eta mezu xenofobo, matxista eta homofoboak hedatu izana salatu... [+]


Turistifikazioaren Aurkako Urria antolatu dute, hiri bizigarri baten alde

Turismoaren Nazioarteko Egunean, joan den ostiralean, aurkeztu zuen Bizilagunekin plataformak Turistikazioaren Aurkako Urria egitasmoa.


2024-09-30 | ARGIA
Barakaldoko tiroketaren harira zazpi pertsona atxilotu dituzte

Gizon bat hil eta beste bi pertsona zauritu dituzte igandean, Barakaldon izandako tiroketan. Ertzaintzak zazpi lagun atxilotu ditu –bost gizon eta bi emakume–, eta ikerketa zabalik da oraindik.


2024-09-30 | ARGIA
Israelek dozenaka lagun hil ditu Libanon eta Yemenen, Hezbollah eta Hamaseko buruak tartean

Israelen bonbardaketek ez dute etenik. Beirut (Libano) eta Yemengo hainbat azpiegitura izan ditu jo-puntuan azken egunotan, eta dozenaka herritar hil erasoetan. Horien artean, Hezbollah erakunde xiitako buruzagi Hassan Nasrallah eta Segurtasun Prebentiboko komandante Nabil... [+]


2024-09-30 | ARGIA
Ultraeskuinak irabazi ditu hauteskundeak Austrian, lehen aldiz Bigarren Mundu Gerraz geroztik

Botoen %28,8 lortu ditu FPÖ alderdi ultranazionalistak, 2019an baino %13 gehiago. ÖVP Alderdi Popularrak botoen %26,3 jaso du eta hirugarren indarra izan da SPÖ alderdi sozialdemokrata, botoen %21,1ekin. Alderdi nagusiek uko egin diote ultraeskuinari gobernatzeko... [+]


Pilar Garaialde, Gogora Institututik kanpo utzi duten estatuaren biktima:
“Beti zoru etikoa ahoan, baina ez dakit hori non ote dagoen”

Iragan asteazkenean, Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko bost kide independenteak hautatu zituzten Gasteizko Legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean. EAJren eta PSE-EEren abstentzioek Pilar Garaialde Salsamendi zuzendaritzatik kanpo utzi zuten. Bera zen,... [+]


Eguneraketa berriak daude