Herri txikietan hiritar


2021eko uztailaren 28an
Bigarren seme-alaba bidean. Etxea txiki. Ingurukoak garesti. Lehenengo mailegua ordaintzen amaitu aurretik, bigarrenaren itoaldiak sentitzen hasita.
Egoera horretan erabaki du familia askok, hiria edo herri handia alde batera utzi eta herri txikiago batera bizitzera joatea.

Gizarteak, oro har, hiritartzeko joera hartua du. Nazio Batuen Erakundeak dituen aurrikuspenen arabera, balantza hirien aldera lerratzen ari da. Gaur egun, oraindik ere landa eremuetan jende gehiago bizi bada ere, 2007rako berdinduko da balantza eta 2030erako, munduko biztanleen %61 hirietan biziko omen da.

Hau honela izanik ere, ingurura begiratzea aski da, herri txiki askotan etxebizitza ugari egiten ari direla jabetzeko. Ondorioz, herri hauetara biztanle berri asko ari da iristen.

Herri txiki batean, Ikaztegietan (Gipuzkoa) bizi da Gloria Castaños. Irakaslea da, Gipuzkoako Eskola Txikien elkartean aritzen da gainera eta sarritan egin izan dute gogoeta joera honen inguruan. Herri batera bizitzera dihoan familia bakoitzaren atzean historia bat dagoen arren, berak inpresioa du kasurik gehientsuenetan ekonomikoa izaten dela aldaketaren arrazoia. "Herri handiagoetan edo hirietan etxebizitza erostea garestiagoa da eta herri txikietan, pisuak merkeago daude eta familiabakarreko etxebizitzak ere eskuragarriago dira", dio Castañosek.

Etxebizitza eskuragarriagoa bilatzen dutenekin batera, ezin dira ahaztu herri txikietako bizimoduak erakarrita gerturatzen diren familiak edota hiriko zurrunbilotik ihes egin eta naturarekin kontaktu zuzenagoa bilatzen dutenak.

Bizkaiko Gautegiz-Arteaga da azken urteotan dezente handitu den herria. Bertako alkate Arantza Madariagaren hitzetan, 700 biztanle izatetik, 900 biztanleren bueltan izatera pasa da herria, oso denbora gutxian. "Gernikatik oso gertu dago eta familia askok ikusi dute, prezio berdinagatik etxebizitza hobean eta ingurune atseginagoan bizitzeko aukera. Gernikako pisua saldu eta Gautegiz-Arteagan familiabakarreko etxebizitza erosi dutenak asko dira", dio Arantza Madariagak.


Integraziorako elementuak

Familia batentzat, zalaparta handia izan ohi da bizileku aldaketa eta are gehiago, ingurunea hainbeste aldatzen denean. Herri berri batera egokitzea ez da erraza eta asko dira familia berri horren herriko integrazioan eragiten duten faktoreak.

Familiak berak duen jarrerak zeresan zuzena du. Alvaro Gaston, Arabako Arraia-Maeztuko apaiza da. Herriko bizitzan buru-belarri dago sartuta eta inguru hartara bizitzera gerturatu diren familia berrien artean, oso jarrera desberdinak ikusten ditu. "Batzuk herriko bizitzan parte hartzeko asmo sendoarekin datoz eta horiek ez dute integraziorako inolako arazorik izaten. Badaude, ordea, beste asko, euren etxeko lau pareten artean isolatzen direnak eta herrian ezertarako parte hartzen ez dutenak".

Gloria Castañosek inguruan oso muturreko egoerak ikusi ditu. Etxea egin aurretik dagoeneko herriko bizitzan integratzen saiatzen den jendea ezagutzen omen du berak, eta baita denbora luzez herrian bizi arren, bertan bizitzarik egiten ez dutenak. "Ondo mugatutako partzela batean bizi den familia askori berdin zaio zein herritan bizi. Etxe batean bizi dira, berdin da non dagoen".

Muturreko jarrera hauen erdibidean geratzen dira kasurik gehienak. Integrazioa pixkanakakoa izaten da, kontuan hartu behar baita, herri berri batean integratzeak badituela zailtasunak. Pertsona eta familia bakoitzaren izaera desberdinak dira eta herriak egiten duen harrera ere, kasu guztietan ez da berdina. "Herrikook ere badugu nolabait ongi etorria egiteko ardura. Guk etxean jokatzen dugu, abantailarekin eta ongi etorria egitera joaten bagatzaizkie herrira etorri direnei, asko erraztuko diegu bidea", dio Alvaro Gastonek.

Gloria Castañosen iritziz, integrazioa errazteko bide batzuk ireki beharko lirateke. "Herrian dauden ohitura, zerbitzu edota baliabideak zeintzuk diren jakinarazteak erraztu egin dezake familia berrien partehartzea. Informazio hori eman egin behar zaie".

Herri txikietako bizimoduan integratzeko, historikoki izan dira hainbat topagune. Garai batean eliza izan zitekeen. Igandero gerturatzen zen jendea mezetara eta mezatik irteeran, harreman berriak ezartzeko aukera izaten zen. Alvaro Gastonen aburuz, "elizaz gain, bolatokia eta errekako garbilekua ere jendearen arteko loturak sortzeko gune izaten ziren". Orain horrelakorik ez dago, eta badaude, garrantzia galdu dute herriko bizitzan.

Dena den, badira guneak, herritarren arteko harremanak sortzeko baliagarri izan daitezkeenak. Gure kulturan, tabernek edo elkarteek garrantzia handia dute eta herritarren topagune bilakatzen dira. Herrira okina etortzen den unea bera ere erabakigarri izan daiteke herritarrak ezagutzeko. "Horrek, ordea, ez du ezertarako balio, ogia ere aste guztiko erosketekin batera hiriburuan erosten bada", dio Gastonek.


Eskolaren laguntza

Aurrekoei garrantziarik kendu gabe, ordea, badago beste guztien gainetik integraziorako ezinbestekoa eta erabakiorra den beste elementu bat: eskola.

"Umea daukanak ez du inolako arazorik izaten herriko bizitzan integratzeko", dio batere zalantzarik gabe Arantza Madariaga Gautegiz-Arteagako alkateak. Gainerako guztiak ere bat datoz berarekin. Familia berri bat herri batera iristean, haurrak baldin baditu, mila bider errazagoa izango da integraziorako bidea.

Guraso orok argi dauka umeak sozializatu egin behar direla, gainerako umeekin kontaktuan egon behar dutela eta berandu jota bi urterekin eskolara eramaten dira. Gloria Castañosen iritziz, "horrek berekin dakar ume hori herriko sentitzea, herriko lagunak izatea eta familia ere herriko bizitza egitera bultzatzea". Noski, familiak ordu konkretu batzuetan, eskolako sarrera eta irteeretan edo besterik ez bada asteburuan, haurren jolastokietan ibili behar du gainerako gurasoekin harremanetan sartu ahal izateko.


Herrien biziraupena eta kezkak

Herriak bizirik manten daitezen, familia hauen integrazioa ezinbestekoa da, bizilagunen araberakoak izaten baitira gehienetan herrian dauden zerbitzuak. Herritarrak herriko tabernan elkartzen badira, eta erosketak herriko bertako dendetan egiten badituzte eta herriko eskolan eskolatzen badituzte haurrak, orduan soilik da posible zerbitzu hauek guztiak mantentzea. "Herrian zerbitzuak nahi baditugu, erabili egin behar dira. Ez du balio merkatalgune handietan erosketa egiteak, eta herriko dendan ahaztu zaizkigun txikikeriak baino ez erosteak", dio Gloria Castañosek.

Familia berriak herri txikietara iristeak aldaketa handiak dakartza herriarentzat eta bertako bizimoduarentzat. Kasu batzutan onura nabarmenak; eta beste batzuetan, kezkak ere bai.

Alvaro Gastonek dio, "behar-beharrezkoa dela familia berriak iristea. Hiltzen ari gara. Zaharrak gero eta zaharrago dira, eta etorkizuna mugatua da. Jendea etortzea, aberasgarria da gizabidez, kulturalki eta baita ekonomikoki ere".
Jende berria iristeak, ordea, kasu batzuetan, bertakoak deseroso sentiaraz ditzake. "Herritar denak ezagutzetik, parkera joan eta aurpegi ezezagunez beteta ikusteak nolabaiteko ezinegona sortzen du", dio Gloria Castañosek.

Izan ere, bizilagun gutxi dituzten herrietan hiruzpalau familia berrik asko aldatzen dute panorama. Alvaro Gastonek jakin berri du 10 bizilagun besterik ez dituen Arabako Aletxa auzunera, hiru bikote gazte doazela bizitzera. Hortik atera daitezke kontuak, familia berriek zein nolako eragina duten herriaren funtzionamenduan. Baita funtzionamendu politikoan ere. Udal hauteskundeetako emaitzetan, oso familia gutxik erabat aldatu dezakete udalaren konposaketa. Gainera, herri hauetan beste inon baino gehiago parte hartzen dute herritarrek udal kudeaketan. Dela udalean erabakiak hartzea, dela ekitaldi edo festak antolatzea… Familia berriak integratu eta parte hartzeak, edo kanpoan geratzeak, oso era desberdinean eragingo du herriaren bilakaeran.


Hizkuntzaren auzia

Herriaren errealitate linguistikoan ere eraginik badu familia berriak iristeak. Oso giro euskaldunean bizi izan diren herrietan, euskaraz ez dakiten familiak iristeak aldaketak ekarri ditu. Orain arte, euskara besterik ez zen entzuten kalean, tabernan, eskolan… Baina euskaraz ez dakiten familien iritsierak, hainbat ohitura birplanteatzera behartu ditu bertakoak. "Eskolako bilerak euskara hutsean egiten genituen lehen eta orain, bi hizkuntzetan egiten ditugu. Baina eztabaidatu beharreko puntu bat iristen denean, denak pasatzen gara gaztelerara, ezinbestekoa delako elkar ulertzeko", dio Castañosek. Honek guztiak, zalantzak sortzen ditu, eta une batzutan, tentsioak ere sor ditzake. Elkarbizitza eta eskubideak bermatuko dituen irtenbide bat aurkitzeak aurretikako gogoeta sakona eskatzen du.

Idoia eta Jose Manuel: «Bizitzen hasi arte ez zara konturatzen zenbat irabazten duzun herri txikian»
Urtebete baino gutxiago daramate Idoia eta Jose Manuelek Ikaztegietan. Tolosan bizi ziren eta lehenengo umearen ondotik, bixkiak etorri zitzaizkien. Hori izan zen etxebizitzaz aldatzera bultzatu zituena. Tolosa bertakoak garesti zeudela-eta, inguruko herrietan hasi ziren begira eta orain Ikaztegietan duten etxearekin topo egin zuten. Arrazoi ekonomikoa izan zen beraz bikote hau herri txiki batera joateko arrazoia.
Aldaketa handia hasieratik nabaritu zuten biek, baina batez ere Idoiak. "Senarra egun gehientsuenean kanpoan izaten da lanean, baina ni etxekoandrea naiz eta herrian ematen dut eguna", dio Idoiak.
Aitortzen du umeek asko erraztu dizkiotela gauzak. Umeak direla-eta gainerako gurasoekin harremanetan jarri omen da eta integrazioa erraz suertatu zaio. "Kosta egin zait hasieran. Gainera, hasieran nire asmoa bizimodua Tolosan egiten jarraitzea zen, hemen lo eginez. Baina konturatu gara bizi garen tokian zentratu behar duzula, batez ere umeengatik".
Ikaztegietan eroso sentitzen da familia gaztea. Hasieran beldur baziren ere, merezi omen du. Idoiak erabat konbentzituta dio: "Bizitzen hasi arte ez zara konturatzen zenbat irabazten duzun herri txiki batean".

Mikel eta Idoia: «Naturarekiko gertutasuna eta giro euskalduna nahi genituen bizitzeko»
Hirigune handi batetik oso herri txiki baterako jauzia eman zuten Mikelek eta Idoiak. Ortuella eta Barakaldon bizi izan ziren, Bilboko itsasadarreko ezkerraldean. 100.000 bizilagun baino gehiagoko ingurune batetik, mendira ihes egin zuten. Munitibarren bizi dira orain dela bi urtetik, 400 biztanle eskas dituen herrian. "Lasaitasun bila etorri ginen batetik, naturatik pixka bat gertuago egoteko. Bestetik, inguru euskaldun bat ere nahi genuen bizitzeko", dio Mikelek.
Oinarrizko zerbitzu asko, urrutixe geratzen zaizkie... Medikutara Gautegiz-Arteagara joan behar izaten dute eta bestelako zerbitzuen bila, Markina edo Gernikara.
Herriko inor ez zuten ezagutzen bertara bizitzera joan aurretik. Hala ere, erraza egin omen zaie bertakotzea. "Jendea oro har oso irekia izan da gurekin. Gustura sentitzen gara eta pozik hartzen dugu parte herrian antolatzen diren ekintzetan. Umeen eskolatzeak asko lagundu digu horretan, herriko beste gurasoekin harremana dugu".
Eurak gustura egon arren, herria gainbehera ikusten dute. Herriko jende gazteak kanpora alde egin omen du. Dena den, herrian etxebizitza berriak egiten hasi omen dira eta horrek nolabaiteko esperantza irekita uzten du, herriko gazteak herrian gera daitezen.

Elena eta Jose Mari: «Hona bizitzera etorri baino sei hilabete lehenago herriko elkarteko bazkide egin ginen»
Haurrak zetozelako etxez aldatu beharra zuten batetik. Bestetik, lantokitik gertuago zuten herri batera joateko beharra ere ikusten zuten. Herri txiki batetik beste herri txiki baterako jauzia egin zuten Jose Mari eta Elenak, Iruratik Ikaztegietara.
Zerbitzu aldetik, lehengo antzera: aparteko zerbitzurik ez, baina ongi moldatzen omen dira. Goizero ekartzen omen dizkiete etxera egunkaria eta ogia, eta erosketa handiak Tolosa edo Ordizia inguruan egiten omen dituzte.
Herrira moldatzeko, aparteko arazorik ez dute izan. "Lankide baten bidez, hona bizitzera etorri baino sei hilabete lehenago elkarteko bazkide egin ginen. Jendea berehala hurbildu zitzaigun eta oso sintonia onean, gainera", dio Jose Marik. Haurrak izateak gainera, erraztu egiten omen ditu gauzak. "Parkera azaldu besterik ez duzu batekin zein bestearekin hizketan hasteko". Integraziorako arazorik ez du ikusten. Arazo gehiago ikusten dizkio euskaraz ez dakitenak integratzeari, "herri hau euskaraz bizi baita".
Herriari handitzeko itxura hartzen dio. Etxebizitzak egiteko proiektuak daude eta jende gazte gehiago etorriko dela iruditzen zaio.

Herri giroa eta hiria herrian
Hirietan beti esan izan da askoz ere inpertsonalagoa dela bizimodua. Pareko atean bizi denaren berririk ez apenas, auzoko gehienak ezezagun eta posible da kalean ordu luzez ibiltzea ezagunekin topo egin gabe. Erabateko anonimatoa eta pribazitatea eskaintzen dute herri handiek eta batez ere, hiriek.
Herri txikian, aldiz, ez da horrelakorik. Gutxi edo gehiago, denek ezagutzen dute elkar, eta denek dute elkarren berri.
Gloria Castañosek duen inpresioa da, "hiriko bizimodua herri askotara eraman dela. Herri asko erabat despertsonalizatu egin dira, herritarrek lo besterik egiten ez dutelako herrian".
Iritzi berekoa da Alvaro Gaston ere. Ba omen dago jendea, isolatzera datorrena, zarata ahaztu nahi duena, inor ikustea nahi ez duena… "Etxebizitzak eraiki ordez, gotorlekuak eraikitzen dituzte. Ez datoz elkarbizitzera, isolatzera datoz".
Hortan, neurri handi batean etxebizitzen eraikuntzak ere laguntzen du. "Herri txikiak, askotan, nekazal munduarekin eta baserriarekin loturik egon dira eta baserrietan beti egon da atea irekita. Baserrien inguruan ez da inoiz hesi bat egon, ganaduena ez bada… Oraingo familiabakarreko etxeak lorategiz eta hesiz inguratu dira eta zaila da inor sartzea", dio Gloria Castañosek. Etxebizitza mota honek, bizi estilo bat ere ematen omen du. Horregatik, diote, kasu askotan hiriburuetako bizimodu inpertsonala herrietara iritsi dela.
Honekin batera dago, herri txikiek duten txutxumutxuka ibiltzearen ospea. Beti esaten da ezin dela ezer egin herri txiki batean, auzokoa enteratu gabe. Gloria Castañosek dio, bere kasuan ez dela horrela. "Egia da elkar ezagutzen dugula eta jende gutxi izanda, errazagoa dela elkarren berri izatea. Baina ni ez naiz herrian kontrolatua sentitzen".


Azkenak
Denboraren harrizko gurpila Iruñeko katedralean

"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]


Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


Teknologia
Oinak lurrean

Interneten Willow hitza bilatzerakoan oraindik txikitan ikusi nuen pelikula baten izenburua agertzen da. Fantasiaz beteriko pelikula hartan, Willow izeneko gizon txiki batek, protagonistak, mundua eraldatu zuen, erresuma zapaltzaile batetik herritarrak askatuta. Google-k Willow... [+]


Materialismo histerikoa
Zuentzat

Araiak esan dit zuei idazteko. Esan dit, utzi baino lehen (aurten egingo dut), nire testu bat eraman nahi dizuela, nik ez dizuedala inoiz eraman, eta merezi duzuela, harro sentituko zaretela nitaz. Ezin da horrelako aukera bat galtzen utzi. Ez dakit jada esan ez dizuedan zer... [+]


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Alerta laranjak

Valentziako tanta hotzaren kudeaketa txarrak aldaketa ekarri du muturreko eguraldiagatik izan daitezkeen alerten inguruan, “neguko” lehenengo denboraldian agerian geratu den bezala. Hego Euskal Herrian ibaiek gainezka egingo zutelako mehatxuaren aurrean, hainbat... [+]


Jendetasun zolatik, Kittof gogoan

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]


2024-12-18 | Jesús Rodríguez
Borroka aro berria Herrialde Katalanetan

2011. urtean M-15eko mugimendu indartsua lehertu zen, Kataluniako Gobernua ataka estuan jarri zuena. Besteak beste, orduko hartan Polizia Bartzelonako Katalunia plazako kanpaldi suminduari oldartu zitzaion, eta parlamentua setiatu zuten ekintzaileek, Artur Mas presidentearen... [+]


Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


Eguneraketa berriak daude