Garai berrien atakan: hipopotamo ala poeta


2021eko uztailaren 27an

Despedida batera joan gara Arriaga antzokira, hala dio behintzat txarteldegi ondoan dagoen kartelak: Au revoir triunfadoreak. Antzerkiola Imaginarioaren azken lana da. Garai berrietako komedia, komedia tristea, erantsi du kartelak. Antzokian sartu eta argiak itzali dituzte, eszenatokia soilduta ageri zaigu, egurrezko kutxa handi bat erdian duela. Despedida baten lekuko izango gara, triunfadoreen azkena, euren heriotza. Kapitain zahar bat igoko da oholtza gainera, paperezko ontzitxoa herrestan darama: hura ere agur ari da esaten, mutu dago, baina agur dio ibilera nekez batekin.

Inkognitaz beterikoa da Au revoir triunfadoreak lanaren hastapena eta irauten duen ordu eta erdian ere, galderak eta erantzunak, baieztapenak eta ezezkoak, barreak eta tristurak... denak brodatu baten fintasunez harilkatuko dira.

Au revoir triunfadoreak obran, denak du bere kontrakoa, bere ispilu desitxuratua, bere muturreko bestaldea. Hiru pertsonaia nagusiak (Madame Faneka, bala gizona eta gazte nihilista) bikoiztuta ageri dira eta hiru lagun baino, sei taularatuko dira: aipatu hirurak eta Baniju, bala neska eta gazte nihilista 2; pertsonaiak eta horien alter egoak. Are, hirugarren izaera bat lotuko zaie hezur haragizko protagonistei: off ahotsak. Garik, Ruper Ordorikak, Antton Lukuk eta Ramon Agirrek bikain landutako narratzaileak.

Hipopotamoaren metafora

Seiek, Melville kapitain zaharra lagun, hildakoen zubirako bidea egingo dute. Garai berrietako gaixotasunak jota daude denak ala denak: norbera ezin izatearen tragedia, mundu modernoaren azkartasunak txintxarriak bezala, errekan behera, eramaten dituen sentsazioa, hipopotamo bihurtu izanaren konplexua.

Jon Gerediagak Na Gomesekin batera idatzi du Antzerkiolaren azken lanaren gidoia eta berak ere inertzia sentsazio bera du: "Iruditzen zait bizitza oharkabean pasatzen zaigula, ez dugula sentitzen behar bezainbeste; batzuetan ematen du bizitzak xarma galdu duela eta horrek utzikeria sortzen du. Azaleko zoriontasun batean bizi gara, baina nik ez dakit sakona ote den zoriontasun hori".

Obrak, baina, ez du zehazten nor den hipopotamo eta nor poeta »uraren korrontearen indarrari aurre egin eta bereari eutsi diona». "Testuari dagokionean, irekita utzi dut, nik ez dut esaten nor den hipopotamoa eta nor den poeta, uste dut denok dugula hipopotamo bat barruan eta aterako da, asko-gutxi", azaldu digu Gerediagak.

Hala ere, hor dago Ander Lipus zuzendariak egindako aldarria: "Sentitzen eta pentsatzen duzuna bidean ez uzteko deia egin nahi dugu. Justu kontrakoa exijitzen duen garai honetan »europarrak eta globalizazio zaleak izan behar dugu», istorio propioak eraiki behar dira, istorio txikiak".

Hori guztia eszenaratzeko tratamendu berezia eman diote lanari Antzerkiola Imaginarioko kideek: komediaren erritmo eta moldeak erantsi dizkiote. "Yuri Sam eta gero, komedia bat egin nahi genuen; Ubu Rey eta Esperando a Godot, El Rinoceronte eta halako obrak aztertzen hasi ginen, bere garaian haustura bat ekarri zuten obrak izan ziren eta gustuko genituen", esan digu Lipusek.

"Garai berrietako gaixotasun bati buruz hitz egiteko badirudi beharrezkoa dela umorea erabiltzea, barre egitea", gaineratu du Gerediagak. Umorea, baina, ez da azalekoa, ez barre algara ozenak eragitekoa. "Absurdo hitza jarri dioten abizena da, baina berez absurdoaren sentimendua ez da batere barregarria, barruko hustasun sakon batek sorrarazten du eta umorea berezia da, ez da hain hutsala, umore sakona da, gazi-gozoa" azaldu digu Gerediagak.

Dena ulertu behar hori

Umorea lagun izanda ere, hustasun sentimenduarekin utziko du ikus-entzuleak antzokia. Antzezlana ikusi baino lehen zituen galderak halako bi dira orain. Helburua, hein batean, hori dela azpimarratu digute lanaren gidoigile eta zuzendariak. "Ikuslea dena ulertzera doa antzokira, eta ezinezkoa da dena ulertzea. Garai berri hauetan erantzunak nahi ditugu baina askotan, erantzunak baino hobe da galdera ona planteatzea" azpimarratu du Gerediagak.

Ulertu baino, ikus-entzuleak sentitu egiten du, biziki sentitu ere. Horretan laguntzaile paregabea da Aitor Agirianok ideiatutako eta Ondarroako Metal Taldeak gauzatutako konposizio indartsu eta sendoa edota Ruper Ordorika, Antton Luku, Gari eta Ramon Agirreren ahots sarkorrak.

Izan ere, kolaborazio dezente izan dituzte Antzerkiolakoek lan honetarako. Aipatutakoez gain, LaRessistens kolektiboko Iker Garciak bala gizonaren txotxongiloa darabil. "Jende asko bildu zaigu, nekagarria izan da baina oso positiboa. Jendeak sentsibilitatea du gurekin lan egiteko. Kolaborazioak, gainera, oso garrantzitsuak dira taldea horren hermetikoa ez bihurtzeko" agertu du Ander Lipus zuzendariak.

Laborategian landutakoa

Antzerkiola Imaginarioaren lan sistemari jarraiki, oraingo honetan ere talde-lanaren emaitza izan da Au revoir triunfadoreak obra. "Nik uste oraingo honetan prozesua muturrera eraman dugula, talde-lanean oinarritu dugu eta ideala bada ere, oso nekagarria izan da. Deserosoa zelako, deserosotasuna sormen lanetan oso ona da, produktiboagoa da. Guztiz erosoa baldin bada, nik uste ez dituela fruitu guztiak ematen" esan digu Jon Gerediaga gidoigileak.

Dudarik ez da azken lan honek fruitu guztiak eman dituela, Donostian lehen aldiz loratu zen landarea ureztatzen eta mimatzen denbora luzea eman baitute Antzerkiolakoek (hain justu sei hilabete, denak 20 bat lagunen izerdi eta ideiak biltzen), baina hazia aspalditxo landatu zuten. "Orain bi urte eta sei hilabete, Lipusen ideia batetik abiatuta, testu bat idatzi genuen Gomesek eta biok; entseatzen hasi baina konturatu ginen ez gindoazela inora, oso erosoa zen, antzezlana itxita zegoen" kontatu digu Gerediagak. Ez atzera ez aurrera zeudela, testua zakarrontzira botatzea erabaki zuten eta proiektuari berriz heltzea, zerotik, talde-lanean.

Fitxa
Testuaren egileak: Jon Gerediaga eta Na Gomes

Zuzendaria: Ander Lipus

Aktoreak: Maria Urzelai, Na Gomes, Alex Gerediaga, Iker Garcia, Gabriel Ocina, Ainhoa Jauregi eta Veronica Fernandez.

Datozen emanaldiak: Ekainaren 29an, Durangoko San Agustin aretoan , 20:00etan. Ekainaren 30ean, Donostiako Antzerki Ferian, Egiako Gazteszenan 18:00etan. Biak gazteleraz.


Azkenak
EHUk eskolak ematea debekatu dio, behin-behinean, “mezu faxistak” zabaldu dituen irakasleari

Euskal Herriko Unibertsitateak jakinarazi duenez, gutxienez astebetez ez du eskolarik emango Zuzenbide Fakultateko irakasleak. Astelehen goizean Leioako campuseko ehunka ikaslek sare sozialetan frankismoa goraipatzea eta mezu xenofobo, matxista eta homofoboak hedatu izana salatu... [+]


Turistifikazioaren Aurkako Urria antolatu dute, hiri bizigarri baten alde

Turismoaren Nazioarteko Egunean, joan den ostiralean, aurkeztu zuen Bizilagunekin plataformak Turistikazioaren Aurkako Urria egitasmoa.


2024-09-30 | ARGIA
Barakaldoko tiroketaren harira zazpi pertsona atxilotu dituzte

Gizon bat hil eta beste bi pertsona zauritu dituzte igandean, Barakaldon izandako tiroketan. Ertzaintzak zazpi lagun atxilotu ditu –bost gizon eta bi emakume–, eta ikerketa zabalik da oraindik.


2024-09-30 | ARGIA
Israelek dozenaka lagun hil ditu Libanon eta Yemenen, Hezbollah eta Hamaseko buruak tartean

Israelen bonbardaketek ez dute etenik. Beirut (Libano) eta Yemengo hainbat azpiegitura izan ditu jo-puntuan azken egunotan, eta dozenaka herritar hil erasoetan. Horien artean, Hezbollah erakunde xiitako buruzagi Hassan Nasrallah eta Segurtasun Prebentiboko komandante Nabil... [+]


2024-09-30 | ARGIA
Ultraeskuinak irabazi ditu hauteskundeak Austrian, lehen aldiz Bigarren Mundu Gerraz geroztik

Botoen %28,8 lortu ditu FPÖ alderdi ultranazionalistak, 2019an baino %13 gehiago. ÖVP Alderdi Popularrak botoen %26,3 jaso du eta hirugarren indarra izan da SPÖ alderdi sozialdemokrata, botoen %21,1ekin. Alderdi nagusiek uko egin diote ultraeskuinari gobernatzeko... [+]


Pilar Garaialde, Gogora Institututik kanpo utzi duten estatuaren biktima:
“Beti zoru etikoa ahoan, baina ez dakit hori non ote dagoen”

Iragan asteazkenean, Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko bost kide independenteak hautatu zituzten Gasteizko Legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean. EAJren eta PSE-EEren abstentzioek Pilar Garaialde Salsamendi zuzendaritzatik kanpo utzi zuten. Bera zen,... [+]


Eguneraketa berriak daude