argia.eus
INPRIMATU
Euskararen inguruko albiste laburrak
2021eko uztailaren 19a


Xabiroi komikia sortu du Ikastolen Konfederazioak

Gazte eta gaztetxoentzat prestatu dute Xabiroi komikia. Gazteen arteko euskararen erabilerak kezkatzen ditu Ikastolen Konfederazioko arduradunak eta komiki honek ikasgelatik kanpoko erabilera bultzatzen laguntzea nahiko lukete. Ikastolen aldizkariarekin batera banatuko dutenez, 35.000 aleko tirada izango du Xabiroik. Ikasturteko hiru zenbaki kaleratuko dituzte eta datorren urtean liburu-dendetan salgai jarriko dute. Komiki aldizkariaren arduraduna Dani Fano marrazkilaria izango da eta besteren artean marrazkilari eta gidoigile arituko dira Harkaitz Cano, Asisko Urmeneta, Marko Harmspach, Joxean Muñoz eta Manu Ortega.


Justizia Euskaraz elkartea sortu da

Urruñako Gipuzkoa, Bizkaia eta Lapurdiko 30 kide inguruk sortu dute Justizia Euskaraz elkartea. Besteak beste, abokatuak, prokuradoreak, epaileak eta unibertsitateko irakasleak dira elkartean. Elkartearen helburua Justizia Administrazioan euskaldunen hizkuntz eskubideak betearaztea da. Euskara ofiziala den tokietan, ofizialtasun hori benetan bete dadin eskatuko dute. Ofiziala ez den tokietan, lehenengo urratsa ofizialtasuna eta Justizia Administrazioan euskararen erabilera babestuko duten arautegi eta bitartekoak aldarrikatzea izango da. Esteban Umerez, elkarteko lehendakariak, dioenez, «gizarte arlo askotan euskara urrats sendoak ematen ari den bitartean, Justizia Administrazioarekiko hartu-emanen egoera erabat negargarria da».


Urruñako ikastolak 10 urte

Urruñako ikastolak (Lapurdi) lehen urratsak 1995ean eman zituen. Ikastola askoren moduan ikasle gutxirekin hasi ziren lanean, gela bakarrean. Ikasleak eta beharrak ugaldu ziren urteen poderioz eta 1999an eraikin berria inauguratu zuten. Orain, eraikin berri horretan eskolak ematen ari direla, ikastolaren sorreraren hamargarren urteurrena ospatuko dute ekainaren 19an. Euskara mihian irria begian lelopean egun osorako egitaraua prestatu dute ikastolako arduradunek.


Tokiko hedabideei buruzko ikastaroa

Topaguneak (Euskara elkarteen federazioa) uztailaren 14 eta 15erako ikastaroa prestatu du hedabideen beharrizanak aztertu asmoz. Ikastaroak Tokiko hedabideen erronkak: irakurleak, publizitatea eta argitalpena du izenburu eta gai hauei buruz hausnartuko dute: Nork irakurtzen du gure argitalpena?; Publizitatea eta tokiko aldizkariak: barruko eta kanpoko faktoreen analisia; Hedabideen krisia; Doako egunkariekin lehian; Fidelizazioa: erreferentzialtasunaren bila; web orria eta argitalpena zelan lotu.