argia.eus
INPRIMATU
Euro plasta
Joxerra Garzia 2007ko otsailaren 21
Anjel Lertxundi ARGIAkide txit argiak eta Juan gure anaia txit analitikoak behin eta berriz ohartarazi arren, ezin diot neure neurari neurririk hartu. Bakoitza bere zoroak bizi omen du, eta nirea, antza, hitz-jokoena -edo hitz-jolasena- izan.
Europaren definizio moduko bat ere halaxe idatzi eta argitaratu nuen, aspaldi handi samarrean, gaiaren sakoneko uretan murgiltzeko batere asmorik gabe, ur axalean plisti-plasta ari nintzelakoan. Europa: euroari pa, euroari emandako muxu.
Baina, ikusiak ikusita, esan behar diet anaiari eta osabatzakoari, ala Tutatis, batzuetan ez dagoela hain garbi azalaren eta mamiaren arteko muga, azala mami gogortua baino ez dela, eta gogortu gabeko azala mamia.
Egunotan euro-bazterrak aztoratu duten Frantzia eta Herbehereetako erreferendumak direla-eta etorri zait hori guztia gogora. Ezin nik esan ezezkoa ona ala txarra den. Dakidana da nik hitz-jolasak egiten ditudan bezalaxe ematen duela jendeak bozka, nola Herbeheretan ala Hergoienetan, axaleko uretan plisti-plasta eginez.