Maila inoiz baino orekatuago dagoela da Ikastolen Elkartean Eskolarteko Txapelketaren ardura duen Mikel Mendizabalek aurtengo Euskal Herrikoaz egiten duen gogoeta. Garai batean lidergoak oso nabarmenak ziren bezala, orain maila altuagoa eta berdinduagoa da. Horren erakusle da herrialde bakoitzeko Eskolarteko Txapelketatik Euskal Herrikorako sailkatzen diren izen gehienak berriak izatea. «Hori »dio Mendizabalek» bertso eskoletan egindako lana hobetu denaren seinale da. Nabari da orain ikasleei egokitutako lan zehatzagoa egiten dela, eta metodologia ere findu dela». Urteekin erreferentzia sendo bihurtu da Eskolarteko Txapelketa, eta kurtso bukaerarekin bat eginez, bertso ikasleen agendan egun seinalatua izaten da.
Sari sabatikoa
Iaz Euskal Herrirako sailkatuek sari berezi bat jaso zuten: txikiek asteburu-pasa Bidarrain, eta handiek astebeteko bidaia Parisera. Mendizabalek kontatzen duenez, «sari oparoago bat ematea genuen helburu, ikasmateriala baino gusturago hartuko dutena». Oso gustura etorri ziren, lagun berriak eginda. Baina txikien kasuan asteburu-pasa motz xamar geratzen denez, aurtengoan aste osorako egonaldia gozatu ahal izango dute.
Txapelketa berezia
Gazteentzat bertso eskolaz kanpoko saiorik garrantzitsuena da Eskolarteko Txapelketa, askorentzat urteko saio bakarra. Horrek urduritasuna, ilusioa, beldurra... hamaika emozio korapilatzen ditu. Horiek ondo kudeatzen ikastea oso aberasgarria da, baina ez asmatzeak faktura pasatzen du. Merezi luke bertso eskoletan aztertzea txapelketak ikasleen artean zer balio zabaltzen dituen eta hauek nola landu behar diren.
Gipuzkoako Eskolartekoak 25 urte
Jon Sarasuak jantzi zuen txikitoen arteko lehen txapela, eta 25 urte beranduago Unai Gaztelumendiren buruan da. Data hori ospatzeko, aurtengo Gipuzkoako Eskolarteko finala Kursaalen jokatu zen, eta bertan elkartu ziren familia argazkia ateratzera urte hauetan izandako txapeldunak, antolatzaileak, irakasleak, eta Imanol Lazkanori ere aipamen berezia egin zitzaion, urteotan txapelketa honetan egindako lanagatik. Mende laurdenean txapelketak eman duena jasoko duen liburua prest du Ikastolen Elkarteak eta uztaila hasierarako kalean egongo dela espero dute. Praka motxetan izenburuarekin, urtez urteko errepasoa egiten du argazki, bertso eta parte-hartzaileen iritzi artikuluekin.