Autentikoa
Orexara, txikienera, handiak egitera joango ginela aginduz amaitu nuen aurreko saioa. Langileen egunarekin, alfer famako bertsolariok gurea ematen saiatu ginen. Xabier Amuriza gustura dagoelarik, oso da Amuriza. Eta Orexan gustura sumatu genuen. Aski izan zuen oroitzapen bat. Bakarra. Orexan egin ei zuen, duela hogeita bederatzi urte edo, kartzelatik irten ondoreneko lehen gau-pasa. Iragana, besterik balirudike ere, ez da itzain txarra. Etorkizunak baino gehiago akuilatzen gaitu batzuetan. Gaztetako bertso-gosez aritu zen Xabier. Egiazko esango nuke. Benetako. Baina zinez, "autentiko" hitzari ez diot pareko egokirik aurkitzen.
Bota txarrak
Barakaldo gure egiazko bertso-leku ez ote zen ere galdetu nion nire buruari apirileko agendan. Ez dakit... Baina Gipuzkoako ohiko bertso-leku batean hartu nuen nokieroko galanta iritsi bezain azkar. Antolatzailea hurbildu zitzaigun ongi-etorria ematera. Ohiko hitzei erantsi zien bera ez zela
oso-oso bertsozalea. "Hona hemen beste bat telebistako hizkuntza-moduak kutsatua! Oso bati beste osoa erantsi gabe ez duk inor konforme geratzen!" pentsatu nuen. "Denek ez daukate izan beharrik" erantzun nion. Ondorenekoa argiagoa izan zen ordea: "Hemen jendeak ez dik nahi bertso onik. Berde batzuk bota...". Tentazioa ez zenez pizgarria, saioa tamaina tamainakoa egin genuen: puzgarria. Bertsolari adineko hark behin eman zidan aholkua gogoan nuela ekin nion lanari. "Gaur hemen gerta litekeen onena da, bertso onik gastatu gabe etxeratzea".
Txisteen egia
Ona eta txarra zer den oso da eztabaidagarri. Batentzat ona izan daiteke bestearentzat txar. Are gehiago bertsoei edo poemei dagokionez. Txisteak hobeak dira bakoitzak langa non eta zeri jartzen dion neurtzeko. Aste honetan erabaki dut zein den niri atsegin zaidan txistekerakoa. GILAren zahar bat da, bizi zela kontatzen zuena, alegia. "Gaurko gizartean ez dabil indarkeria besterik. Indarkeria hemen, indarkeria han... Lehengoan, urrutira gabe, emaztea eta biok zinemara joan ginen. Hango tiroak eta hango borrokaldiak. Hamazazpi hildako, ehunka zauritu... Zinematik irteeran horixe ari nintzaion kontatzen emazteari. Indarkeriak ito behar gaituela. Eta halako batean, non ikusten ditudan hiru gizonkote mardul zirti-zarta gizagaixo txiki bat egurtzen. Zalantzan egon nintzen tartean sartu edo ez sartu. Andreari esan nion, ez dakit sartu edo ez sartu. Azkenean sartu nintzen. Eta ez dakizue ze pasada eman genion koittaduari lauon artean».
Barka, San Isidro!
Tradizioa eta sormenaren arteko oreka da bertsogintzaren oinarri. Herrietako jaien azkenaldiko joerak tartean harrapatu gaitu ordea. Apenas inork egiten duen festa egun-argiz, gauekoa egin badu. Eta egun-argiz festa egiten dutenak ez dira gauekora geratzen. Bertsolarioi ordea, bietan egotea eskatzen zaigu, eta bietan gorde nahi genuke tokia. Mezetakoa da, argi aitortuta, arazorik larriena. Gauez jaialdiren bat izan eta hurrengo goizean mezetara joateko eskatzen dute oraindik ere antolatzaileek. Ezezkoa borobil ematea ez da bidezko, nahiz osasungarri izan daitekeen. Xebastian eta biok asmatu dugu orekari eusteko modua. Biok, erdi-alferrik, goizean goiz joan ordez, txandaka joaten gara mezetarako deitzen digutelarik. Lazkaora ni eta hi etor hadi patxadan eguerdirako, eta Astigarragara hi joan eta ni meza-ondorenerako azalduko nauk. Ez da xixtema txarra. Antolatzaileek ulertu dute. Eta Jainkoak, oraindik behintzat, ez digu desadostasunik azaldu.
EITB... Zuzenean!
Joan deneko hamabi-hamairu urtetan egin gabe zeuden, eta Deustuko Unibertsitatearen Donostiako egoitzan ere egin dugu bertso-saioa. Niretzat, EUTGn. Ikasketak han burutu nituen hiru urtez, eta hara bidean trebatu nintzen bertsotan, Guipuzcoana edo Pesako autobusen leihotik begira jarri eta burua beste edonon. Baina hori Amurizaren Orexako gau-pasa bezain zaharra da ia. Saioa girotze aldera edo, antolatzaile-taldekoek ikasleei galdera egin omen zieten aldez aurretik: "Zuetariko zenbatek entzun izan du bertsolaririk zuzenean?" Laurogeitik bostek. Harrigarri gerta daiteke lehen kolpera. Baina pentsatzen jarrita, galdera horretan hitz-giltzarria ez da "bertsolari", "zuzenean" baizik. Beraz, arazoa dirudiena baino larriagoa da. Arrazoia du mundua jada ez dela borobila zioenak. Errektangularra da bai, eta telebista-pantailaren neurrikoa.
Makatza
Agendak toki bitxietara eraman nau maiatzean. Etxetik bertan, bertso bat eskaini nion Joxe Anjel Iribarri. Gipuzkoako Foru Ahaldundiak onespen-ekitaldi bat egin zion, duela hogeitabost urte bere omenaldian jasotako sosak euskarazko kirol-hiztegia burutzeko eman zituelako. Bertsotara joan nintzen ni, baina bidean etorri zitzaidan gogora, neuk ere izan nuela parte apal bat UZEIren eskutik kirola euskalduntzeko ahalegin hartan. Denok dugu gogoan Tejero Kongresuan sartu zenean non geunden eta zertan ari ginen. Edo Felix hil zela jakin genuenean. Eta Zamorak Gijonen gola sartu zuenean... Ni, Zamoraren hartan, irratiko berriak ezin jasanda, izotz-hockeyari buruzko terminologia itzultzen ari nintzen. Ze hotzikara sortzen duen! Hockeyaz ez nekien deus. Eta izotza, gin-tonik edalontzietan baino ez nuen ikusi sekula. Eta hala ere, ari nintzen ba ni, euskarari mesede egiten niolakoan!
Bi seme eta bi aita: hiru
Araotzen ere izan gara, hiru hilabetean bigarren aldiz. Benito Barrenari, auzoko bertso-sustatzaileari omenaldia eskaini zioten lagunek. Eta hiru Lizasotar elkartu ziren kanturako. Joxe, seme Xebastian eta honen seme Beñat. Bertsogintza izango da segur aski ekimen mota bakarretakoa, hiru belaunalditakoak parez pare eta aldi berean aritzea ahalbidetzen duena. Maila eman zuten; hunkigarria izan zen; egun bete-betea. Gainera, euri-langarrak jo gintuen iluntze aldera. Eta paraje batzuk badira, esaterako Arantzazu edo Araotz, langarrak jo eta arretzean, edertu egiten direnak.