argia.eus
INPRIMATU
Satelite
Agurtzane Intxaurraga 2021eko uztailaren 19a
Korrika ailegatu nintzen zine aretora... nola ba! Entsegutik nentorren, gustura egindako lanarekin, ilusionatuta, oso ilusionatuta. Azkenean bertan nintzen. Eseri, eta eseri orduko, filmak lehen irudiak pantailaratu zituen. Puntu-puntuan.

(Ordu erdi beranduago)

Zertan ari naiz? Baina ni zertan ari naiz? galdetzen nion behin eta berriz neure buruari. Turtles can fly edo Dortokek ere hegan egiten dute, Bahaman Ghodadiren filma zen pantailan ematen ari zirena. Ikaragarria, jasangaitza baina era berean txundigarria, ikusi beharrekoa... barreneraino sartzen den horietakoa. Ez dut hitz egokirik aurkitzen... Eta ni zertan ari naiz galdetzen nion behin eta berriz neure buruari... zer egiten? ume haien istorio krudel eta gordinaz jabetzen nintzen bitartean. Zer egiten nire ordu eta ene indar guztiak antzerki lan berri baten prestaketan bideratuta? Ezereza, huskeria, alferrikakoa nirea... eguneroko lehen mailako premietatik azkena bera ez bada ere, azkenetakoa. Ze, guda garaian bizirik irautea da lehen mailako beharra, eta nireak ez zuen horren antzekorik. Hala uste nuen nik une hartan behintzat. Zine aretora sartu aurreko ilusioak zama galanta besterik ez ziren pantaila handian unez une belarritik, bihotzetik eta gorputzaren zentzu guztietatik sartzen ari zitzaidan istorioaren aurrean... Lotsa ere sentitu nuen, neure buruarekiko lotsa, aitortzen dut. Lotsa ume haien aurrean, ordu batzuk lehenago, guztia ematen ari nintzelako ia neronek bakarrik ikusten nuen amets bategatik. Gerora entzundako hitzak dira horiek. Zine aretoan hauek ere... oso bestelako filmean kokatuta: Million dolar baby filmean... Guztia eman zerorrek bakarrik ikusten duzun amets bategatik.

Zergatik horrenbeste borrokatu orduan? Zertarako? Norentzat? Norberaren egoa besterik ez, asetzeko? Galderak bata bestearen atzetik joka... guztiak erantzunaren bila.

Gau hartan tempo lasaian egin nuen etxerako bidea, behar nuen zurrunbilo hartatik ateratzeko. Zertan nabil? Zertan gabiltza gau eta egun antzerki lan berri baten prestaketan murgilduta? Estuegia eztarriko korapiloa... mingarria.

(Aste batzuk beranduago)

Sustrai Colinari irakurri nion maiatzaren 17ko zutabean: «Liburu gehienak alferrikakoak dira» Marie Darrieusecq-ek esana. «Egiak mina ematen du» zioen Sustraik gero. Egia. Zertara dator orduan gure ahalegina? Horren geurekoiak ote gara ba, gu guztiok? Izan ere, liburu gehienak alferrikakoak badira, zer esanik ez antzerki ikuskizunak! Alferrikakoak asko eta askorentzat. Berdin margolari asko eta askoren lanak eta musikari gehienen abesti eta konposaketak, koreografoen izerdi eta nekeak... eta abar eta abar. Gehienetan, ia gehienetan: alferrikakoak.

Zertan ari gara orduan? Zertan zebilen Bahaman Ghodadi filma egitea erabaki zuen egunean? Satelite eta bere lagunei gerrako umeak izateari utzi eta zineko artistak ere izan zitezkeela sinestarazi zien egunean? Donostiara aurkeztera etorri eta Donostiatik urrezko maskorrarekin abiatu zenean? Alferrikako lanetan akaso?

Berari esker ezagutu ditut nik ordea, Satelite eta bere antena parabolikoak. Berari esker jakin dut nik han bizi dutenaz inoiz baino sakonago eta hurbilago. Berari esker izan dut beste behin aukera neure begiokin nigandik urrunago ikusteko, film zoragarri baten aurrean esertzeko eta barrenak ukituta altxatzeko.

Horrexegatik eskerrak eman nahi dizkiot Bahaman Ghodadifiri orduan berea bakarrik zen amets bategatik horrenbeste eman zuelako. Gaur oraindik, egunak joan eta egunak etorri, ikusitakoaz biziki gogoratzen naizelako. Eskerrak berari eta beste hainbati. Batez ere isilean etengabe lan egiten jarraitzen duten guztiei... Alferrikako lan guztien gainetik, alferrikako lan guztien artetik, amets egitea ezinbestekoa delako. Galdetu diezaiotela Sateliteri bestela.