argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21a


Energia sortzeko bide hobeak

Automobilaren motorrak kontsumitzen duen energiaren %70 bero egoeran xahutzen du; baina aurkikuntza zientifiko batek galdutako energiari etekin handiagoa lortzeko bidea zabaldu du. Aurkikuntzaren oinarria beroa elektrizitate bihurtzea da eta horretarako oso nanoeroale finak erabiltzen dira.
Aurkikuntza hau praktikan gauzatzen bada, automobiletako motorren etekina handitzea ezezik, ordenadoreen mikroprozesadoreen hozketa erraztea eta hozkailu isilagoak eta trinkoagoak lortzea eskura egon daitezke.
Azterketa Oregon-eko unibertsitateko Heiner Linke irakasleak eta Australiako ikerketa-kontseiluko Tammy Humphrey ikerlariak burutu dute eta lortutakoa aurrerakuntza handia da oraingo gailu termoelektrikoekin alderatuz.
Gauza jakina da salda beroa katiluan jarriz eta hau metalezko bandejan utzita, salda hoztu ahala bandeja berotzen joango dela; une batean biek tenperatura bera lortuko dute eta denbora gehiago utziz gero, multzoak ingurugiro tenperatura hartuko du. Normalean beroa atmosferan zehar galdu egiten da. Ikerlariek lortu dutena galtzen den beroa kontrolatzea eta elektrizitatea sortzen duten sistemetara zuzentzea da eta horretarako elektroiek ibilbidea gidatzea lortu dute.
Lorpenak eskala txikian izan dira eta orain eskala handiagoetan frogatzea falta da, baina orain arte hori ere ezin zen lortu.


Lurra gero eta distiratsuago

Lurraren gainazalaren dirdira handitu egin da azkeneko hamabost urteotan. Kontutan hartu behar da aurreko hogeita hamar urteetan distira gutxituz joan zela, baina orain handitu izanak garbi adierazten du lurrazalaren tenperatura-hazkundea eta gertatzen ari den berotegi-efektua.
80ko hamarkadaren amaieran argitara emandako txosten baten arabera Lurraren gainazalera ailegatzen ziren izpien kopurua %4-%6 gutxiago zen 1960an baino. Beherakada zela eta, zientzialariek hainbat hipotesi aztertu zituzten, gehienak berotegi-efektuaren sortzaile den karbono dioxidoarekin loturik. Bitartean, Zuricheko Teknologiaren Institutu Federaleko ikerlari den Martin Wild-ek zuzendutako ekipoak lurrazaleko datuak bildu eta aztertu zituen. Horrela, konturatu ziren iragan hamarkadan Lurraren distira %4 handitu zela.
Nahiz eta eguzki izpi batzuk ez diren lurrazalera ailegatzen lainoen eraginez, eguzkietako beroa ailegatzen da eta beraz, lurrazaleko beroari atmosferan metatutako beroa gehitu behar zaio.
Ikerketak aurrera darrai, baina berotegi efektuaren susmorik txarrenak baieztatzen ari dira uste baino azkarrago.
Oraingoz, hipotesi nagusia da elur kantitateak udako tenperaturak baino eragin handiagoa duela, baina ikerketek aurrera egin behar dute hori baieztatu ahal izateko. Hori horrela bada, prezipitazio-kantitatean zerk eragiten duen da aztertu beharreko hurrengo galdera.