argia.eus
INPRIMATU
Dopina
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21
Izan dugu zenbait kirolariren ametsaren ogi. Atleten markak lortzeko ezinbesteko lagun, elitekoak zepoan harrapatu ondoren ezagutu dugu urtetako entrenamenduaren osagarri zutena. Txirrindularitza eskandaluzko gunea izan duena, aspirina bezain barreiatuta ere bazebilela nonahitik entzuna genuen, asteburuetako itxuran aisiako jardunetan barne. Gripeak eta bihotzerreak tratatzeko adina ezagupen eta gomendio trukea izaten omen da indarra eta iraupenaren errendimendua hobetu nahian dabiltzanen artean, konpetizioa bizimodua baino bizipena dutenen artean. Entzuna genuen, zenbait gimnasiotan ariketaz gain fisiologiak berez ematen ez zuena lortze aldera, lagungarriak eskaintzen zituztela. Ez omen ziren kaltegarriak bestela. Kapsulak, hautsak, pastillak. Eta azkarrenak xiringak. Eta hauen artean, zainetatik zuzen zihoazenak. Menpekotasuna duenik ere, baten bat ezagutzen dugu, inoiz fisiologo baten berri eskatu diguna lagun batentzat duenaren aitzakian. Uste baino sozializatuagoa genuenaren industria agerian geratu da Kataluniatik Euskadira Espainian barrena. Chicago patarrarekin beste. Ekoizpena, banaketa, salmenta. Aurki, tabakoaz nola androlona sartzeko ere leku propioak antolatuko dituzte, Estatuak bere kontrolpean hartzen dituenean noski.