argia.eus
INPRIMATU
Agur beroa eta zabala Jon Idigorasi (Bero-beroan)
2007ko otsailaren 21a
Heriotz guztiak dira hunkigarri hildakoaren ingurukoentzat eta Jon Idigorasena sakon-sakonean sentitzen den horietakoa izan da ezker abertzalean: bere ideia politikoekiko tinkotasunaz gain, beste balore askoren artean xumetasuna eta eredugarritasuna transmititu izan du, eta eman zaizkion agur desberdinetan, politikari gutxik lortzen duten aitortza lortu du. Ezker abertzaleak egin dio omenaldi handi eta beroa, baina abertzaletasunaren gainerako esparruek ere begirune sakona agertu diote. Bero, kritiko eta zorrotz agertu zen eremu politikoan, baina jendearengana heltzen zen horietakoa zen, bere mezu politikoarekin familia politikora, eta bere berba molde eta kontakizunekin gainerako entzuleengana. Birikietako gaitza medio, politikaren lehen lerrotik aspaldi erretiratua, ezker abertzaleko politikarien artean gutxik izan dute halako omenaldi sentikor eta zabalik. Zalantzarik gabe, ohore guztiekin utzi du plaza.