argia.eus
INPRIMATU
2000 ARGIA: Everesteko gailurretik... etxeko zulora
  • Euskaldun bat munduaren gailurrean! Martin Zabaleta Everesteko tontorrera iritsi eta gutxira ordea, beste batzuk zeruetatik lurrera jaitsi behar izan zuten; ARGIAk bere «zerukotasuna» galdu zuen kaputxinoek astekaria lan talde gazteari saltzean. 1981eko otsailaren 23ko sustoa ez zuten ETBn eman, hurrengo urtean jaio baitzen euskarazko katea. Bitartean, Franco hil ondorengo itxaropenari, desilusioak jan zion tokia: langabezia, droga... Eta krisia gutxi balitz, 83ko uholdeek egoera are gehiago lokaztu zuten. Franco hil zen egun berean, baina 9 urte beranduago, Santi Brouard hil zuten eta modu horretan, negoziazioaren bidea estutu. Eskerrak Reala eta Athletic lau urtez segidan txapeldun izan ziren -futbolzaleentzat, behintzat-.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 19a
«Espedizioko partaideek, mendizaleek, espediziokoen famili eta adiskideek, hitz batetan Euskal Herri guztiak lorpen izugarri bat ezagutu du, norbaitek esan duenez, Euskal Herriaren lorpen politikorik handiena». 1980ko udaberrian euskaldun batek lehen aldiz Everesteko gailurra zapaltzea Euskal Herriaren lorpen politiko handiena? Gauza handirik lortu ez zen seinale. Martin Zabaletaren espedizioarekin kontraesanean eta Himalayatik urrun, etxean, hondoa jotzeko arriskua handiagoa zen gailurrera iristekoa baino. Gorantz zihoan bakarra langabezia tasa zen. ARGIAk ere, Egin eta Deia sortuberriek odolustuta eta 80ko irailean bere zerukotasuna galduta, maldan gora egin behar izan zuen bidea. Euskaldun bat munduaren gailurrean eta gainerakoak krisi sakonean.

Pantaila txikiko erregeak

Tejeroren sustoa etorri zen Madrildik 1981eko otsailaren 23an, estatu kolpe saiakera frustratua. «Honek armatu duena ere ez da txantzetakoa» zioen ARGIAk martxoaren 8ko zenbakian, humorez, pasatakoak ematen duen lasaitasunez. «Berrehun bat lagun hartu eta ala a por ellos oihukatuz hemizikloan sartu. Euskal Herriko auzoak ia hutsik utzi (kristo guztiak hanka, badaezpadaere) eta TVan inoiz baino programa luzeagoa». Inoiz baino luzeagoa eta ikusiagoa, euskal audientzia ere otsailak 24ko goizaldean Juan Carlos erregeak zer esango zain adi-adi egon baitzen, behingoz.

Gauzak bere onera -edo ez hain onera- etorri ziren eta handik hilabete gutxira, berriro monarkiak -oraingoan Ingalaterrakoak- ipini gintuen pantaila txikiaren aurrean, Lady Di-ren ez dakit zenbat metrotako ezkontza soinekoari begira. Baina ez zen erretransmisioa euskaraz entzuteko aukerarik izan oraindik, dagoeneko ETBren proiektua abian izanda ere, euskarazko katearen emisioak hasteko hilabete batzuk falta zirelako. Gainera, iristear zen kateak asmo serioagoak zituen. «Telebistaren bidez Euskal Kultura hedatu nahi da folklorekeriak alde batetara utziz» zioen Mikel Anzak sineskaitz. «Herri bakoitzean, auzo bakoitzean gutxieneko kultur planteiamendu batzu falta direnean ez da nahi izango ezerezetik Euskal Herri osoari kulturazko produkto bat eskeini, ez da? Azken finean, zentralizazio batetatik beste batetara igarotzea litzateke, zenbaki kontua da guztia edo hobe esanda kilometro kontua. Madriletik Bilbora».

Kritikak kritika, ETB 1982an hasi zen emititzen eta, besteak beste, hurrengo urteko udako uholde ikaragarrien berri ematea egokitu zitzaion.

Pantaila txikiak ez ezik, pantaila handiak ere euskaraz egin zuen urte haietan. Star Warsen Inperioak berriro erasotzen zuen bitartean, euskal zinema ez zegoen urruneko galaxietara begira. Gertukoa izan zuten jomuga Pedro Olearen Akelarrek eta Imanol Uriberen Mikelen heriotzak, biak 1984an estreinatuak.

Kasualitateak suertatzen dira

Ingalaterratik Lady Di eta Charles-en ezkontzaz gain, eta beste muturrera joanda, punkaren oihartzunak ere iritsi ziren 80etan. Iñaki Uria eta Xabier Montoiak The Clash taldeari ARGIArako elkarrizketa egiteko aukera izan zuten lehenik eta, geroago, Vulpes eta Zarama taldeak elkarrizketatuko zituzten, punka gurean errotzen ari zen seinale. Baina talde ingelesen oinordeko baino, gerora Euskal Rock Erradikala izango zenaren oinarria krisi sozioekonomikoaren ondorio izan zen. Krisia, langabezia, rocka, heroina... denek bat egin zuten hiri industrial grisetan. Gutxi batzuek beste droga arinagoetan topatu zuten ihesbide apur bat, gizartearen opio berrian, futbolean. 1980-81 denboralditik hasi eta 1983-84raino, Espainiako Liga Txapelketa euskal taldeentzat izan zen, Realarentzat lehenik eta Athleticentzat hurrengo bi denboralditan.

Baina poz horrek ez zien langabetuei jaten ematen. «Agiña» sinadurapean Pello Zubiriak 1982ko maiatzean Lankide Aurrezkiak egindako azterketa zuen hizpide. Langabetuen portzentajea %23ra iritsi zela zioen bertan. «Lan egiteko gai den euskaldunetatik ia ia lautatik bat geldirik. Europan ez dizu inork sinetsiko».

1984ko azaroaren 20an, hainbatetan bezala Euskaldunako langileak protestan aritu ziren, eta polizia egurrean. Bi egun beranduago langile bat hil eta bi larri zaurituko zituzten. Baina gau hartan polizia Santi Brouarden gorpua etxera eraman zezaten galarazten saiatu zen, ordu batzuk lehenago bere pediatria kontsultan tiroz hildako HBko mahaikidearen gorpua. Iñaki Zubiondok orduan idatzi zuenez «halako kasualitateak suertatzen dira. Santiren aita ere Euskaldunako langile izana bait zen».

Uholdeen inguruan (Antton Azkargorta/Karmelo Landa. Argia, 984. zenbakia, 1983ko irailak 11)

Abuztuaren azken asteburu eskergaizto hartan Euskal Herriak jasan zituen 1.500 milioi ur-tonelada haiek, hirurogeitik gorako heriotz eta galera material ikaragarrietaz gain, bestelako ondorioak ere ekarri dizkigute euskaldunoi. (...) Euskal Herrian gertatu denez, euri jasa izugarri horrek are pisu handiagoa izan du, ikaragarrizko karga politikoa ekarri baitu berarekin. Gertaera horretan ikusi baitu Espainiako Estatuak euskaldunon aurrean bere burua justifikatzeko aukera aparta. (...) Uholdeak bitarteko zirela, hauxe izan da, gutxi gora behera, errepikatuz bidali digun mezua: Euskal Herria bezain herri txiki batek ez du halako gertaera baten ondoren burua altxatzeko beste indarrik ez mediorik: hara hor zein diren hutsalak zuen independentzia nahiak! Espainiako Estatuaren babesa behar duzue nahi eta ez.

Mondejurik ez! (Karlos Argiñano. Zeruko Argia, 859. zenbakia, 1980ko urtarrilak 13)
Sukaldariak hezi egin behar du eta jan dietetikoak prestatzen hasi beste denak baztertuz. Jaki arinak, jan errazak prestatu behar dira, bestenaz, osasunerako kaltegarriak izan daitezke. Mondejua oso gozoa izango da bainan 40 gradutan urtzen diren grasak jaten hasten baldin bagara bihotzarentzat markapasoa, poliester-ezko urdaila, platinozko gerria eta belaunetan iltzeak jarri beharko dizkigute. Eta nik zera diot: Mondejurik ez!

Okendotik (Joxe Mari Ostolaza «Xalbardin». Astekarian idazteaz gain, gerente lanak egin zituen ARGIA kaputxinoen eskutik kazetarienera pasa zenean.)

Ametzagainara Ramoneneatik barna. Zerutik lurrera, Zeruko ARGIAtik ARGIAra Larrun eta Susa barne. Bidai luzetxo baten kronika da idazteko proposatu didatena. Donostiako Okendo kalean, kaputxinotan genuen egoitza. Egin eta Deia sortu izanak erakarri zigun flakiaren erdian ginen. Harpidedunen herena eta publizitatearen bezeriaren erdia galduak genituen jada. Kuatrikromiaz iragartzen zirenak, bezero sendoenak pixkanaka gurea uzten joan ziren egunkari berrietako publizitate orriak hornituz. Astekariak ere ia batera agertu ziren. Berriak, Garaia, Punto y Hora. Gaztelaniak eremu berriak irabazten zituen bitartean, euskarak Anaitasuna hamabostekaria galtzen zuen. Kaputxinoek, Zeruko ARGIA uzteko gogoa adierazi ziguten. Ordurako, gure taldea gaztetzen eta berritzen hasia zen. Gure astekaria abandonatzea, euskaraz eta Euskal Herria osoan argitaratzen zen bakarra, nik dakidala behintzat ez zen inoren burutik pasa. Guk geure gain hartzea erabaki genuen. Prezioa adostu ondoren, kaputxinotatik Egia auzora eraman genuen egoitza. Leihorik gabeko zokoa, ardoak gordetzeko egokiagoa zen hartan gauzatu genuen gure bilakaeraren hastapena. Talde profesionala osatu genuen, ogibidea beste nonbaiten irabazten zuten pertsonekin, proiektu hartan bere onenak eman zituen jendez osatu hain zuzen. Ez zegoen batzuk besteengandik bereiziko gintuen paretik. Komertziala, erredakzioa, administrazioa, guztiak bateratuak genituen. Guztiek genuen guztiaren berri. Batzar permanentea. Osotasuna bizi eta partikularra haren osagarritzat kudeatzea genuen indar. Pertsonen interesak eta taldearenak bateratzean sortzen ziren sinergiek atera gintuen ataka hartatik, zorrak egiteko ere inork gutxik laguntzen gintuenetik. Leihoen freskoa eta eguzkiaren argia gogo, Ametzagainara jaitsi ginen, garai batean gure haurtzaroan Koskas elkarteak zuen egoitzara. Hura besterik zen, gure jantziek jada ez zuten heze zokoaren usainik hartzen eta batzuen asteroko gaupasek kalitatean izugarri irabazi zuten, non etzan eta non dutxatu bertan baitzuten. Dena mejora. Ez dut geroztik holako lan talderik ezagutu. Ez euskalgintzan, ez euskalgintzatik aparte, nahiz eta bestela ere zorionekoa izan naizen alde hortatik nere jardunetan oso talde azkarrak inguratu bainaute.

Malvinak eta Euskadi (Beltza. Argia, 934. zenbakia, 1982ko maiatzak 23)

Euskadin bakea lortu nahi bada, Estatuak ETArekin negoziatu behar du. (...) Denek dakigu zer gertatzen ari eta gertatuko den: negoziaketan hasi aintzin eta negoziaketak bukaera satisfagarri baterako ederki abiatu arte, parte biek bestea joko dutela. Ikus berriz Malvina bedeinkatuak... Tarte horretan ixuriko den odola arintzeko, lehenbailehen serioski hastea da komenigarriena.
(...) Gure aldetik, bakerako bideak ETAren helburuen errespetua eta Estatuaren egiazko indarraren kontzientzia izan ditzagula eskatzen digu. Estatu eta partiduen aldetik, aberrikeria eta arropuzkeria demokratikoa alde batetan utzita, Hego Atlantikoan zerbait ikas dezatela.

Dibortzioa dela eta... (Mariasun Landa. Argia, 899. zenbakia, 1981eko urtarrilak 18)

Franko hil ondoren, tunel baten irteeran geundela iruditu bazitzaigun ere, joan diren urteek, tunel hori luzatu eta luzatu egiten dela, ondo frogatu digute. (...) Ez dugu «rupturarik» ezagutu eta tenebrismoaren ondoren, desenkanto ditxosoaren dinamikan murgildurik aurkitu gara.
Guzti honek eragin duela egungo afektibo harremanetan, garbi dago. Inguru hotz eta anker batetako zauriak sendatzeko, maitasun uneak gero eta urriagoak bihurtu zaizkigu, familia bera eta lehenagoko baloreak kolokan bait daude.
(...) Neri, pertsonalki, ez dit familiaren desintegrapenak gehiegi kezkatzen, harreman afektiboentzako alternatiba berrien eza baizik. Dibortzioa bera ezkontzarekin lotuta dagoen eskubide demokratiko bat bezala jo beharko genuke. Txanpon bateko bi alderdiak bezala... Dibortzioak ez ditu ezkontzak dituen hutsune eta akatsak konpontzen... ez ditu, berez, instituzioak kritikatzen. Kontrato guztietan gertatzen den bezala, kontrato hori deusestatzeko posibilitatea ematen du, besterik ez...