argia.eus
INPRIMATU
Xabier Mendiguren Elizegi: «Nire istorio hauetako protagonistek ase ezin bat bizi dute»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
Zeintzuk dira ipuin hauen nondik norakoak?
Iaz idatzitako lanak dira ia osorik, 2003 hondarrean idatzitako gauzaren bat ere baden arren. «Perikitoen bakardadea» Administrazioa euskaraz aldizkariaren eskari bati erantzunez idatzi nuen -Eguberri giroko zerbait eta neurri jakinekoa eskatu zidaten-. «Une egokia, hitz egokiak» ere Berriako udako ipuinetarako idatzi nuen. Hala ere, horiek dira laburrenak. Besteak, luzeago direnak, neure kasa sortu nituen. Banituen testu gehiago ere garai berean sortuak, Txalapartaren «Lehenengo aldia» libururako idatzitako ipuin bat, esaterako. Baina ipuin batzuk baztertu eta besteak utzi, bilduma hauxe osatu nuen.

Gorabehera sentimentalak dira nagusi liburuan...
Gai eternala da, ezta? Horrexen inguruan egin nituen neure lehenengo istorioak duela 20 urte; aldez edo moldez beti agertu da nire idazlan askotan; eta protagonismo osoarekin itzuli da orain.

Eta Bihotz gosetien kluba izenburuaren arrazoia?
Bruce Springsteenen kantu ezagun baten leloa ipini dut liburuaren atariko: «Everibody's got a hungry heart» (denok dugu bihotz goseti bat). Nolanahi ere, ez daukat teoriarik giza arimaz, maitasunaz edo beste ezertaz. Besterik gabe, kontakizunak asmatu ditut. Nire istorio hauetako protagonistek ase ezin bat bizi dute, neurri batean gizon-emakume guztiok sentitzen duguna, edo noizbait sentitu izan duguna. Asealdiak ere izaten dira gure bizitzan, baina narraziorako aberatsago eta interesgarriago da, dudarik gabe, insatisfazio batetik abiatzea.