argia.eus
INPRIMATU
Osasuna: Sabeleko haizeak: presio ezin molestoagoa
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a

Sarritan sabela puztu egiten da, eta arrazoia zein den jakitera iristen ez garen arren, egoera mingarria eta oso deserosoa izatera irits daiteke. Kasurik gehienetan, digestioaren ondorioz sortutako gasak pilatzen direlako puzten da sabela, eta dieta edo jan-neurriaren konposizioa funtsezkoa da arazo hori kontrolatu ahal izateko. Izan ere, janarien fermentazio edo hartzidurak, gas-kopuru handiak sortzen baititu hesteetan. Eta beste arrazoi batzuek direla medio zuntz eta almidoietan oso aberatsak diren jan-neurriek gasen produkzioa gehitu dezakete.
Sabelaldeko hantura horri aurrea hartu eta saihesteko, beharrezkoa da pauso erraz eta sinple batzuk jarraitzea:
- Jateko orduan, mastekatu itzazu ondo jakiak, eta patxadaz. Saia zaitez jaten ari zarela ez hitz egiten, airerik ez irensteko, eta mokadu batetik bestera ez hartu likidorik.
- Kontrola itzazu zure dietan lekaleak, azalorea, aza, azelga edo zerbak, tipula eta lekak, haizeak sortzen dituzte eta.
- Botikara joan beharrean bazaude, dimetikona izeneko substantzia da benetan eraginkorra; hesteetako gas-burbuilak hautsi eta berriak ez sortzen laguntzen du, eta bere eragina berehala nabarituko duzu.
- Egizu ariketa fisikoa: hesteetako iragapena errazten du, eta baita gasen eliminazioa ere.
- Baztertu itzazu edari karbonikoak (gasdunak), sabela puzten laguntzen dute eta. Ahal dela, erabili beti aho zabaleko edontziak, eta sekula ez edan zuzenean botilatik, eta ez erabili lastotxorik edariak hurrupatzeko.
- Saihestu estres edo herstura-egoerak, aerofagia eragiten dutelako.
- Eta ez ahaztu arropa estuek gasen erretentzioan eragina dutela.