argia.eus
INPRIMATU
Neoliberalismoaren aurkako kolpe sakona (Bero-beroan)
2021eko uztailaren 27a
Europako Konstituzio-Itunaren ikuspegi neoliberal gordinak bere lehen kolpe latza jaso du eta akaso kolpe hilkorra. Ipar Euskal Herria izan da baiezkoa eman duen lurralde gutxietako bat. Ez da oraindik irudikatuko Frantziaren ezetza aurreikusiz Europako Batasuneko agintariek prestatuta ei duten B plana zertan datzan, baina antzematen hasiko dira lerro batzuk, jadanik ezer ez baita berdin. Lehenbiziko ezetza izan da, eta honek beste ezezko batzuk ere iragartzen ditu »agerikoena Herbehereena», baina oraindik beste 14 estatu geratzen dira beren hautua erabaki gabe. Frantziak ere krisi politiko gogorra bizi du eta datozen egunetan aldaketa esanguratsuak izango dira: hasteko, Jean Pierre Raffarin lehen ministroak bere azken egunak biziko ditu gobernuburu gisa; Jacques Chiracen dimisioa ere eskatzen dute askok, baina halakorik ez da gertatuko. Lurrikarak, halaber, PS bete-betean hartu du eta François Hollanderen alderdiak seguruenik ezohiko kongresu batean garbitu beharko ditu bere baitan agertutako desberdintasun sakonak.