Juan Plazaola idazle eta historialaria zendu zen joan den astean, 86 urte zituela. Urte askoan arte irakasle izan zen Plazaola jesulaguna Deustuko Unibertsitatean eta hainbat liburu idatzi zuen arteari buruz. Egindako ikerketekin Historia del Arte Vasco (Etor-Ostoa) lan mardula argitaratu zuen iaz.
Alberto Barandiaran kazetari eta idazleak fikziozko lehen liburua plazaratu du: Mundu txikia (Susa). Hamalau narrazio bildu ditu. Aurretik bi kronika liburu eta hainbat biografia ditu argitaratuak.
Menchu Gal museoa sortzeko asmoa agertu du Irungo Udalak, Menchu Gal margolariaren omenez. Bertan Bidasoaldeko artisten lanak erakutsiko lirateke. Galen lanak uztailaren 3a arte ikus daitezke Irungo Amaia kultur zentroan.
Joxemiel Bidadorrek Miguel Unamuno saiakera saria irabazi du Dantzaren erreforma Euskal Herrian lanarekin, euskarazko atalean. Herri dantzak aztertu ditu saioan.
Kuraiak hirugarren diskoa plazaratu du: Piztu da piztia (Metak). Punk-rocka eta hard-rockaz, gain, heavya ere landu dute. Sei abestiko lana biniloan ere plazaratu dute.