argia.eus
INPRIMATU
Azken luxua
Igor Estankona 2021eko uztailaren 28a
Bakea atzamar puntekin ukitzetik urruntxo gaude oraindik. Larri-larri sufritzea tokatuko zaigu oraindik zati batean, baina hain da gozoa hitza: bakea. Ez dut pentsatu ere egin gura zelan ahoskatzen duten jipoituek. Euskaldunok oro har indarkeria ezari esaten diogu bakea, eta eskubideen kontzeptu badaezpadako batekin lotzen dugu normalean, dela justizia, egia edo maitasuna… berba pisutsuak denak, are pisutsuagoak ordea nire amamarenak: "amaituko ete dira ezinikusiak".
Garaiok Lizarra-Garazikoak baino arriskutsuagoak begitantzen zaizkit. Orain ez da komeni pentsatzen dena esatea, ezpada esaten dena pentsatzea. Denok. Hobeto baino ez, ahobero hutsak gara, eta herri konplikatua daukagu.
Ezin dut baina burutik kendu pentsamendu bat. Kalera jaitsi eta dirua gastatzen ari naizen bitartean, jendea arinagoko ezein belaunaldik amestu ere egingo ez lituzkeen 4x4etan pasatzen delarik, legatzen zilar zurizko bizkarrak erakus-mahaiko leiaren gainean, zer esan gura du, gure azken luxua litzatekeela bakea? Lortu ezik ere ez ginatekeela geure buruez lotsatuko?