argia.eus
INPRIMATU
Argitalpenak
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 20a

Bihotzaren lautadak
Joan Aldamizetxebarria
Ediciones Beta
75 orrialde 9 euro

Mundu herreneko poemak

Gernikako Marijesien kide eta UHF musika taldeko abeslari eta letragile izan zen Joan Aldamizetxebarriak poema bilduma berria plazaratu du Bihotzaren lautadak liburuan. Marrodan olerki-saria irabazi zuen Denbora igarotzen ez denean bilduman ildo jakin bat jarraitu zuen; oraingoan egoera animiko ezberdinetan idatzitako olerkiak aurkezten dizkigu, batzuetan egunerokoaren kronika kritikoa bilakatzen direnak. Izan ere, Joan Aldamizetxebarriak nahiago du perfektu ez den mundu herrenean aireratzea, apaltasunaz irabazten den horretan, barkamena eskatzeko eskubidea den munduan. Eta amodioari, adiskidetasunari, naturari, etorkinaren herriminari, maiteen gaixotasunaren aurrean bakoitzak izan ditzakeen erreakzioei... kantatzen die.

Elikagai transgenikoen arazoak
Genomalariak
Gaiak
299 orrialde

Bioteknologien eta ingeniaritza genetikoen aurrerapenak

Egungo zientziak eta bereziki genetikak egin dituzten aurkikuntzen berri ematen da liburu honetan, bioteknologiak eta ingeniaritza genetikoak azken urteotan izan dituzten aurrerapenak azalduz: klonazioa, giza genoma proiektua, ADN artifizialki manipulatzea eta beste. Horrez gain, genetikoki eraldatutako landareen, animalien eta onddoen teknologia aztertzen dute, Monsanto deitu elikagai transgenikoen multinazionalaren historia ezkutua azaldu, hala nola behiaren hazkunde-hormona eta prostatako zein bularretako minbizien zerikusia, genetikoki eraldatutako organismoekin lotura duten zenbait arazo, Europa elikagai transgenikoen aurrean, bioteknologiaren marketinga eta beste gai ugari.

Nola hustu nuen gurasoen etxea
Lydia Flem
Alberdania
94 orrialde 11,50 euro


Galdutako gurasoen etxea husten

Aurretik aita eta handik ez askora ama ere galtzea egokitu zitzaion Lydia Flemi. Alaba bakarra izaki, gurasoen etxea hustea ere bere kargu izan zuen. Eta horixe da psikoanalista eta idazlea den emakume honek ahalik eta erarik zuzenenean eta xumean kontatzen duena liburu honetan: zer sentitu zuen gurasoen etxean aurkitu zituen gauza guztien aurrean; nolako gogoetak eragin zizkioten han pilatuta aurkitu zituen soineko, paper, altzari, jostailu, sakelako linterna, eski-bota, erlojurik gabeko erloju-uhalak... Zer egin haiekin guztiekin? Gorde, eman, saldu edo bota. Baina nola hartu erabaki bakoitza, errudun sentimendu izugarri baten menpe erori gabe? Ezer ez zen erraza, gauza bakoitza mintzo zitzaiolako gurasoen hutsuneaz, beren hutsunea eta bakardadea areagotuz.

Tres colores
Carmen López Castillo
Bassarai
94 orrialde
20 euro

Carmen López Castilloren lana

Hiru kolore goiburu duen Carmen López Castilloren lanen erakusketa hau beste hainbat zatitan banatuta dago: Zuria da lehena, Gorria bigarrena, eta Urdina azkena. Gaur egungo artean, eskulturan zein arkitekturan, objektua deskontextualizatu egiten da, koloreen sinbologiaren bidez. Eta gorriak odolera garamatza, pasiora; urdinak, airera eta artistak bere sorkuntzaren bidez iradokitzen digun askatasunera; eta lan hauetan nagusi den zuriak isiltasuna estaltzen du, ezereza. Hiru kolore, hiru aldarte. Eskulturak gogo-aldarteak bezalakoxeak direlako, Kepa Murua hitzaurrearen egilearen hitzetan. Denboraren poderioz aldatu egiten dira, eta uste baino gehiago eragiten digute, nahiz guk eragingo ez baligute bezala jokatu, bizitza kontraesanen eta sentsazioen artean sakondu beharreko bide luzea delako.

Verano del 36. Memorias de un gudari
Mario Salegi
Txalaparta
280 orrialde 15 euro

Mario Salegi gaztea gerra lehertu zen hartan

Hemezortzi urte besterik ez zituen Mario Salegik Francok eta bereek 36ko Gerra piztu zutenean. Donostian bizi zen, Parte Zaharrean, bere laurogeita hamabi urteko amona maitearekin. Gerra hotsen oihartzuna iritsi ahala, sinesgaiztasunak berehala eman zion paso etsaien aurka nola egin erabakitzen hasteari. Mario Salegi abertzalea zen, garai batean komunistekin ibilia izan arren. Eta bera bezalako abertzaleekin eta komunistekin egingo zuen bat Donostiako defentsa prestatzerakoan ere. Iraultza egin nahi zutenekin. Kezka larri bat zuten guztiek, ordea: Zein izango ote zen EAJren jarrera? Errepublikaren alde jarriko ote zen, ala altxamendu militarra aurrera eraman zutenekin?

Azkeneko txantxana
Antton Kazabon
Ibaizabal
53 orrialde
7,70 euro


Txantxanak desagertu eta txantxangorriak sortu zirenekoa

Zortzi urtetik aurrerako irakurleentzat Antton Kazabonek sortu eta Iñaki Garmendiak marraztutako istorio hau oso aspaldi gertatu zen, udazkenik eta udarik ez zeneko garaian, mundua zeruko hegazti txikiek gobernatzen zuten hartan. Urtero bildu ohi ziren batzarrean, bakoitzaren ardurak aztertu eta handik aurrera zer egingo zen erabakitzeko. Kukumendin ospatu zuten urte hartakoa, eta hain zuzen ere kukuekin oso haserre agertu zen batzarkideetako bat baino gehiago, habirik egiten ez zutelako.

Bihotz gosetien kluba
Xabier Mendiguren Elizegi
Elkar
136 or./ 11,30 euro


Xabier Mendiguren Elizegiren bost narrazio

Filologian lizentziatua eta editore izateaz gain, makina bat libururen egile ere badugu Xabier Mendiguren Elizegi. Haur eta gazteentzako lanak, antzerkia, helduentzako ipuinak eta eleberriak, eta oroitzapenak oinarri dituzten hainbat liburu idatziak ditu. Bihotz gosetien kluba izenburuko lanarekin, berriz, fikziora itzuli da, amodioaren gazi-gozoetan murgiltzen diren bost narrazio eskainiz: «Perikitoen bakardadea» deritzanean, horrelako hegazti bat Eguberri garaitan oso gaixo jarri zitzaion gizonaren larrialdiarekin egingo dugu topo. «Gentzianak loreetan» narraziorik luzeena da, eta telebista-produktore batek bere lankide xarmantarekin ligatu ahal izateko asmatzen duen aitzakiaren ondorioz gertatutakoak azaltzen ditu. «Trip» izenburukoan, preso daukan laguna bisitatzera doan emakume oraindik gaztearen gogoeta etsi samarrak gelditzen dira agerian. «Heidi»n, emazteak alde egin dion gizonak Alpeetako neskatxaren telesailarekin duen temak etxeko garbiketa egitera datorkion Heidiren antzeko emakume batekin izango duen erremateaz dihardu. Eta «Une egokia, hitz egokiak» ipuinean, sekula horrelako aukerarik aurkitzeko gai ez den gazteaz.