argia.eus
INPRIMATU
Net Hurbil: Emaiguzu, Jauna, hondamendi bat ondo inbertitzeko
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2007ko otsailaren 21
Naomi Klein kazetari gaztea (35 urte ditu) mugimendu altermundialistaren erreferentzietako bat da. Kanadan sortua, mundu osoan ospea emango zion liburua plazaratu zuen: No Logo: Taking Aim at the Brand Bullies, gazteleraz No Logo: Por un Mundo sin Marcas itzuli dutena.

Maiatz honen hasieran artikulu mamitsua publikatu du Kleinek Estatu Batuetako The Nation astekari aurrerakoian: The Rise of Disaster Capitalism, euskaraz "Hondamendi Kapitalismoaren goraldia" emango lukeena. Naomi Kleinek azken hamarkada hauetan gertatu diren hondamendiak eta horien ondorengo garapenak aztertu ditu, munduko ekonomia kirtenetik helduta daukaten agintarien zenbait urrats eta asmorekin lotzeko. Azkenean, ondorio honetara iritsi da: XXI. mende hasieran kapitalismoak esploratu eta esplotatzeko lur berririk aurkitzen ez duenez -lur osoa okupatu baitu-, inbertsio handiak egiteko aukera hondamendi naturaletan aurkitu du.

Iazko udan, abuztuko lozorro orokorra baliatuz, Bushen gobernuak urrats handi bat egin omen zuen prebentzioko gerraren bidean: Birreraikitze eta Estabilizazio lanen Koordinaziorako Bulegoa sortu zuen. Buru Carlos Pascual Ukrainian enbaxadore izana dauka, eta honela zehaztu zuen bere lana: "Diseinatuko ditu planak oraindik gerran ez dauden 25 herrialdeetan gerra-ondoren martxan jartzeko. Ikusten denez, prebentzioko txikizio betirakoa aldarrikatzen duen gobernuak orain badu bulego egonkor bat birreraikitze prebentiborako".

Pascualen bulegoak arrisku handiko herrialdeez osatutako zerrenda dauka zaintzapean, eta ekipoak dauzka lanean gerraren planifikazioan azkar hasi eta gerra baretu denean berriro azkar erantzuteko. Ekipo hauetan daude enpresa pribatuak, gobernuz kanpoko erakundeak eta "Think Tank" deitzen diren analisi elkarteak. Pascualek argitu zuen aurtengo urrirako egongo direla prest kontratuak, oraindik zanpatu ez dituzten herrialdeak berreraikitzeko.

Buelgoaren helburua ez da inon aurreko estatua berreraikitzea, demokrazian eta merkatuan lerratutako estatu berriak baizik. Berreraikitzaile arin hauek lagunduko dute horrela "ekonomia ez bideragarri bat antolatu zuten enpresa publikoak desegiten", askotan berreraikuntzak "aurreko zaharra desegitea" esan nahi baitu.

Antzinako kolonialista zahar haiek deskubritu zituzten lur berriak non utopia posible ikusten baitzen. Orain aldiz, esaten zitzaigun terra nullius edo jaberik gabeko lur gehiagorik ez egotean ez zegoela deskubritzeko deus. "Baina hondamendi asko dauzkagu, Jainkoen eskuak edo Bushenak (Jainkoaren aginduz) errauts bihurtutako herrialdeak. Eta txikizioa den orotan dago birreraikuntza, 'idortassun ikaragarriari' plan perfekto eta ederrenekin aurre egiteko aukera".

Azken tsunamiaren ondoren gertatzen dena ikusten du Kleinek eskema berriaren adibide gordin. Focus on the Global South erakundearen ikerlari batek honela definitu du egoera: "Orain arte kolonialismo korriente bat geneukan. Gaur, aldiz, kolonialismo sofistikatua daukagu, eta haiek 'berreraikuntza' deitzen diote". Kleinek antzeko kexuak entzun ditu Banda Aceh-n eta Iraken, Afganistanen eta Haitin. Munduko herrialde asko berreraikitzen ari da gobernu paralelo bat, kontsultoria handi, ingeniaritza firma, mega-GKE, gobernu, NBEaren laguntza agentzia eta nazioarteko finantz erakundeek osatutako kastek antolatu duten gobernua.

Arrantzaleak bota eta hotelak eraiki

Hondamendiak miseria ekarri du herrialde horietara, eta lanik ez da bertan. Baina atzerriko kontsultoreak handizki bizi dira, eguneko mila dolar gehi gastu eta plusak kobratuz. Bertako herritarrak, aldiz, behar duten lanik eta erabaki ahalmenik gabe geratzen dira. "Demokrazia eraikitzen" duten gobernuetako adituek gardentasun eta "ondo gobernatze" ikasgaiak irakatsi nahi omen dituzte... baina kontratista eta GKE horietatik gehienek ez dute onartzen beren barne kontabilitateak erakustea, laguntzetarako diruak kontrolik gabe xahutzen dituzte.

Prentsa indepiendenteak tarteka eskaintzen ditu ustelkeria handi horren hainbat printza. Sri Lankan 600.000 pertsonak jarraitzen duela oraindik "behin-behineko" kanpalekuetan, eta etxea berritu edo lortzeko itxaropenik gabe. Banda Aceh-n badirudiela ia ez dela ezer egin berreraikitze lanetan. Afganistango Hamid Karzai lehendakariak salatu duela kontratista atzerritarren ustelkeria eta dirulaguntzen xahuketa. Hondamendia gertatu den lekuan bertan dauden herritarrei eta hauen erakundeei ez zaiela ez hitzik ematen eta ez entzuten...

Baina sakoneko arazoa Kleinen ustez da berreraikitzea ez dela agintarientzako helburu nagusia, dena berrantolatzea baizik. Ustelkeria eta inkonpetentzia ixtorioekin, eskandalu handiago bat estali nahi da: hondamendi kapitalismo harrapariaren gorakada. Honek ingeniaritza sozial eta ekonomiko erradikal bati ekiteko, hondamendiak sortutako beldur eta etsipena erabiltzen ditu. "Berreraiketa industria hain azkar eta efikaz aritzen da lanean, ezen eta pribatizazioak eta lurren ebasketa bertako herritarrek kolpea nondik datorkien ohartu baino lehen burutzen baitituzte".

Txirtxilatutako herrialde horiek erakargarriak dira orain Banku Mundialarentzako -honek hartu baitu berriraikitze lanetan iniziatiba, Nazio Batuen Erakundeko funtzionari "bigunegiei" lekua kenduta-. Herrialde horiek aginduak txintxo onartzen dituzte. Katastrofe baten ondoren, gobernuak edozer egiteko prest daude dolarrak eskuratzeko, honekin sekulako zorretan sartu eta erreforma politiko zabalak onartu behar izan arren. Bitarte horretan, herritarrek nahikoa lan dute babeslekua edo janaria bilatzen, pribatizazioaren kontrako borrokarako betarik hartzeko.

Hondamendi kapitalismoaren eredu garbi bat 1998an ikusi zen Mitch hurakanaren ondoren. 9.000 lagun hil eta herriak eta azpiegiturak deuseztu zituen bederatzi egun iraun zuen denborale hark. Herritarrak artean lokatzetan leporaino zeudelarik, ondoko asteetan Hondurasko parlamentuak "hondamendiaren osteko likidazioak" onartu zituen: aireportuen, itsas portuen eta errepideen pribatizatzea, telefono eta argindar enpresa publikoen pribatizazioa, ur zerbitzuarena... Guatemalak telefono sarea pribatizatu zuen. Nikaraguak gauza bera, eta argindar konpainia eta petrolio sektorea ere bai.

Orain tsunamiaren ondoren, Munduko Bankuaren laguntza eskaintzak ez dira arrantzale herriak berreraikitzeko kostaldean azpiegitura turistikoak eta piszifaktoriak baizik, portuak arrantzu korporazio multinazionalei eskaintzeko, aireportuak pribatizatzeko...

Thailand Tsunami Survivors and Supporters taldeak honela adierazi du egoera: "Negozioekin lotutako politikarien otoitzei honela erantzun diete jainkoek. Turismoa, hotelak, kasinoak eta ganba haztegiak kokatzearen kontra borrokatu ziren kostaldeko komunitateak, denak birrindu ditu tsunamiak. Espekulatzaile guzti horientzako orain gure itsas bazterra erabat libre dago". Horra XXI. mendeko terra nullius.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.