Ezer baldin bada laster Frantziako Estatuan erreferendum gai izango den Europako Konstituzioaren aurkako kanpaina bultzatzen duena, dudarik gabe hori Bolkestein artezaraua da. Europako konstituzioari ezezkoa ematen dioten partiduen argudio indartsuenetarikoa izan da azken hilabeteetan. Gainera, erreferendumaren kanpainako epeak bete ahala gero eta deigarriagoa egiten ari da. Gaur egungo diseinuaren arabera, Bolkestein artezarau antisozialak dumping soziala ahalbidetu eta eratzen du, beste deslokalizazio saldo bat eragiteaz gain. Artezaraua urte hau bukatu aurretik onesteko asmoa du Europako Batasunak (EB) eta horrela indarrean egongo da 2008ko abenduaren 31 baino lehen. Egun horretan, hain zuzen, hamar herrialde berri Europako Batasunaren estatu-kide izatera pasatuko dira. Ez da kasualitatea gero. Europako multinazionalek hainbeste desiratutako aukera da, zerbitzuen merkatu europarraren osotasunean bilatzen duten izendatzaile komun txikiena lortzeko.
Europako sindikatuek Bruselan duela zenbait hilabete egindako manifestaldiak, berehalako errefusaren adierazpenik argienak, edota Frantziako Estatuan eta Euskal Herriko Iparraldean Europako Konstituzioaren erreferendumerako iragarri duten eragin negatiboak EBeko buruak aztoratu dituzte. Horren ondorioz, artezarauaren edukia aldatu eta negoziazioa geroratuko dutela azaldu dute. Edonola ere, ez dute esan artezaraua bertan behera geldituko denik, izan ere, aldaketa batzuk egin eta aurrera ateratzeko asmoa baitu EBak.
Zer da Bolkestein artezaraua?
Izena bere egileak eman dio, Frits Bolkestein EBeko Barne Merkatuko komisario ohiak berak idatzi baitu artezaraua. Bolkestein artezaraua 2004ko urtarrilean aurkeztu zen eta zerbitzuen liberalizazioaren barruko proiektu bat da; EBko BPGren %70 barne hartzen du eta berari esker, estatu bateko enpresak beste estatu bateko langileak kontratatu ahal izango ditu langilearen jatorrizko estatuaren legedia aplikatuz. Printzipio horrek bidea ematen dio dumping sozial eta ekologikoari, eta berehalako deslokalizazio saldo bati. Prestazio publiko zein pribatu bitartez ordaindutako zerbitzu oro liberalizazioaren miran dago, Europako multinazionalen kontrolpean.
Hortaz, Bolkestein artezarauak EBeko lur-eremu osoko zerbitzuen kontratazioa ahalbidetzen du, zerbitzuoi jatorrizko estatuaren legedia aplikatuz. Argiago ikusteko, hona adibide bat: Euskal Herrian Letonia, Polonia edo Europako ekialdeko zerbitzu bat kontratatzen bada, Letonia, Polonia edo dagokion estatuko legeak lan eta gizarte kontuez xedatutakoari jarraitu beharko zaio. Horren ondorioz, Euskal Herriko enpresak kontratatutako zerbitzura diharduten langile letoniar, poloniar edo dena delakoek jasoko duten soldata eta lan-baldintzak Letonia, Polonia edo dagokion herrialdearen legediak aurreikusitakoa bete beharko du. Jakina denez, soldatok eta baldintzok euskal hiritarrek dituztenak baino askoz baxuagoak dira.
Eta gauzak horrela gertatuko dira artezarauak "jatorrizko herrialdearen printzipioa" barneratzen duelako. Zer esan nahi du horrek? Horren arabera, zerbitzu-prestatzaileak bere jatorrizko herrialdeko legea jarraituko duela bermatuko du EBak, estatu-kideek inolako murrizketarik egin gabe. Bestela esanda, zerbitzuok multinazionalaren jatorrizko herrialdeko baldintzen arabera beteko dira; horretarako, aski da egoitza soziala herrialde jakin batean ezartzea. Beraz, lan-harremanak jatorrizko herrialdean kontratatuko dira eta ez zerbitzua beharrezkoa den estatuan. Ingurumenaren gaineko baldintzak enpresaren kokapeneko estatuaren legediak zehaztuko ditu. Ikuskapena multinazionalaren jatorrizko herrialdearen eskumena izango da.
Azken batean, Europako multinazionalek diseinatutako deslokalizazio estrategia EBko politikarien erabakietan murgiltzen ari da, artezarau hau seinale: lan-baldintzak murrizteko presioa egin, edozein lurraldetan trabarik gabe ezartzeko estatu-kideei nolabaiteko konplizitatea eskatu eta kostu txikieneko politika ekonomikoak, aurrezki publikoak edo sozialak eta zerbitzu publikoak eskaini. Horrela, EB eta estatu-kideen arteko lan-harremanak deslokalizatu nahi dira, lan, gizarte eta ingurumen kostu txikienez baliatuz. Gainera, Bolkestein artezarauak EBaren baitako deslokalizazioa ez ezik, enpresen deslokalizazioa ere eragingo luke, askok eta askok Europatik alde egiten baitute Asian kokatzeko.
Ondorio kaltegarriak
Artezarau neoliberal eta basati hau onetsiko balitz, gizarte asegurantza, osasuna, hezkuntza eta eskubide laboral eta sindikalek jasan beharreko ondorioak guztiz kaltegarriak lirateke. Zerbitzuen prestazioa aldi baterako edo behin betikoa izan liteke; hori zerbitzu-hartzaileak erabakiko du eta ez du bere kudeaketen azalpenik eman beharko jarduera-herrialdean, egoitza soziala duen herrialdean baizik. Jarduera-herrialdeko irizpideak soilik enpresa lokalei aplikatuko zaizkie, ez egoitza beste herrialde batean daukaten enpresei. Kalitate-irizpideak murriztu eta bateratu egingo dira eta inork ezingo du jo Europako agintari exekutibo edo judizialengana prozesu hori saihesteko.
Horren ondorioz, enpresa multinazionalek ez dute lan-arautegirik izan beharko derrigorrez. Hau da, pertsona bat kontratatu eta kaleratu daitekeela jatorrizko herrialdeko baldintzak erabiliz enpresak egoitza soziala duen herrialdean. Jakina, Europako ekialdeko herrialdeen ingurumen, lan, gizarte eta fiskaltzaren gaineko legediak Euskal Herriko edo EBeko beste hainbat zonaldetako legediak baino askoz kaskarragoak dira. Dudarik gabe, azken mendean zehar ahalegin handiz eraikitako sistema soziala suntsitzeko saiakera da, enpresen lehiakortasuna hobetzeko aitzakian.
Artezarau honek izango lukeen deslokalizazio efektua orain dago unerik gorenean. Orain, iraganean ez bezala, gakoa ez datza soilik formazio urriko langilez hornitutako deslokalizazio industrialean; egungo deslokalizazioa lanbide liberal batzuei eta langile kualifikatuen enpleguei dagozkien zerbitzuena da… David Cohen katedradun frantsesak honela definitzen zion artezarau honen deslokalizazio efektua Le Monde egunkari frantsesari: "Egun batetik bestera hainbat gauza aldatuko dira: orain arte babestutzat jotzen ziren lanbide batzuk merkatu mundialera igaroko dira, onerako edo txarrerako. Gaixoa ulertu eta belarria gaixoaren golko gainean jarriko dituzten medikuak beti izango dira beharrezkoak, baina hemendik aurrera ez dugu horien beharrik izango erradiografiak aztertzeko. Erradiologo indiar batek azterketa baliagarri eta merkeagoa eskain diezaguke, edo alderantziz... kasu zaila baldin bada, nazioarteko aditurik handienaren iritzia eska liteke sarearen bidez… Familiako medikuak laguntza tekniko ezin hobea du bere produktibitatea areagotzeko: globalizazio etekin bilakatzen zaio. Bere ondoko erradiologoak, erregio industrialek bezala, borroka egin beharko du merkatuaren segmenturik garaienean zirrikitu bat bilatzeko".