argia.eus
INPRIMATU
Osasuna: Goizegi jaiotako umeek arazo larriak izateko arriskua dute
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 27a
Medikuntzan izandako aurrerapenei esker, gaur egun oso pisu gutxirekin jaiotako ume prematuroak ere bizirik ateratzen dira ospitaletan. Horixe baita beti medikuaren aurreneko ardura, alegia, ume jaioberriak bizirik irautea.
Baina aurrerapen horiek badute beren alde txarra ere. Izan ere, haurtxoak garaia baino askoz lehenago jaiotzen direnean, gerora arazo larriak izateko probabilitatea beste umeek dutenaren bikoitza izatera irits daiteke. Londres eta Nottingham-eko ospitaletako zientzialariak ondorio horretara heldu dira, 1995. urtean 26 asteko haurdunaldia baino gutxiagorekin jaiotako 1.289 haur aztertu ondoren. Talde horretatik 308 besterik ez ziren bizirik atera, eta ume horiek bi txandetan aztertu zituzten, urte eta erdi bete ondoren aurrena eta sei urte eta erdi egitean ondoren.
Lehenengo azterketan (2 urte eta erdirekin) lau umetik batek ezintasunen bat zuela ikusi zen, baina umeen erdiak ez zuen inolako arazorik. 6 urte eta erdirekin egin zitzaien hurrengo azterketan, berriz, %22k arazo larriak zituela ikusi zuten zientzialariek: ibiltzeko ezintasuna adibidez, garuneko paralisiak eraginda; edo baita itsutasuna, gorreria edo ezagutza-ahalmen eskasak.
Beste %24 batek hain larriak ez ziren beste arazo batzuk azaldu zituen: esaterako, garun paralisi kasu arinak, ohikoak baino koefiziente intelektual baxuagoak, eta entzumen nahiz ikusmen arazoak. Oso-oso goiz jaiotako umeen taldean, %20 besterik ez ziren sei urte eta erdi bete ondoren inolako trastornorik erakusten ez zuten umeak »hau da, bost umetik bakarra», Nottingham-eko Unibertsitatean Jaioberrien Medikuntza irakasten duen Neil Marlow irakaslearen zuzendaritzapean egindako ikerketaren arabera. Eta ez da nolanahiko ikerketa, New England Journal of Medicine izeneko aldizkari ospetsuan argitaratu baita 2005eko urtarrilean.