argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21a

Phoebe, Saturnoko ilargi arraroa

Ez da esferikoa, irregularra baizik Saturnoren ilargi honek duen itxura, eta orain Cassini-Huygens zundak igorritako irudiek argi eta garbi erakutsi dute bere eitea. Zundak igorritako datuak ikertzen ari dira zientzialariak eta lehen ondorioa atera dute, Kuiper-gerrikoa deiturikotik ihes egindako planeta dela Phoebe. Kuiper-gerrikoa 1992. urtean aurkitu zen eta bertan Eguzki-sistema osatzen hasi zeneko hainbat hondakin daude.

Phoebe deituriko planeta hau harriz eta izotzez osaturik dago eta horregatik ezinezkoa litzateke Saturnoren inguruan sortzea. Zientzialariek aspaldidanik dakite hau eta ia 13 milioi kilometrora dagoenez, Kuiper-gerrikotik etorritako planeta dela uste dute. Dagoen orbitan ordulari-orratzen norabidean biratzen du eta hori ez da ohikoa, planeta gehienek alderantziz biratzen baitute. Berriki Nature aldizkarian argitara emandako bi artikuluetan, ilargiaren diametroa 200 kilometrokoa dela adierazten da eta dentsitatea oso txikia duela ere bai, hots, 1,6 g/cm3 -kontuan hartu izotz puruaren dentsitatea 0,93 g/cm3 dela-.

Uste zen ez bezala, Phoebe ez da Saturnok duen ilargi bakarra, beste hamabi ilargi detektatu baitituzte Hawaiiko unibertsitateko eta Washingtoneko Carnegei Institutuko ikerlariek Subaru de Mauna Kea teleskopiotik ateratako datuak aztertuz. Guztiek dituzte orbita eszentrikoak eta guztiek biratzen dute ordularien orratzen norabide berean. Horregatik, Kuiper-gerrikoari kendutako ilargiak direla uste dute zientzialariek. Hala ere, behaketa gehiago egin beharko dira ilargi hauen nondik norakoak ezagutzeko.


Tximeletek ez dute noraezean hegan egiten

Tximeleten jirabirak ikusiz noraezean dabiltzala pentsa dezakegu, baina ikerlariek diotenez aipatu jirabirak uste baino aurreikusiagoak dira.

Hertfordshire-n (Ingalaterra) dagoen Rothamsted Research-eko ikerlariek egindako ikerketen arabera, tximeletek hegaldi-ibilbideei jarraitzen diete. Azterketan, erleen hegaldia behatzeko erabilitako radarra erabili zen. Gainera tximeleta-sorta bati arakatze-gailu bana kokatu zitzaien. Gailuen pisua 12 miligramokoa zen, hau da, tximeleten pisuaren %4-%8 artekoa eta radarrak tximeleten ibilbideak segitu zituen. Kilometro bateko distantzietan kokagune zehatzak eskaintzen ditu radarrak eta hau kontuan hartzeko datua da, zeren eta orain arte ikusmenean oinarritutako behaketa baino ez da egiterik izan.

Segimendu horrek hegaldien helburu zehatzak erakutsi zituen, batzuetan janariarekin lotutakoak eta besteetan behaketarekin lotutakoak.

Tximeletak intsektu polinizatzaile garrantzitsuak dira eta ekosistema ugaritan landareentzako polena transmititzeko ordezkaezinak dira. Gainera jakinda gero eta eremu urbano gehiago dagoela, tximeletek iraun ahal izateko orientazio-bideak ezagutzea oso interesgarria da.