argia.eus
INPRIMATU
Maiztasun hiztegia: XX. mendean gehien idatzitako hitzak
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2021eko uztailaren 19a
Maiztasun hiztegia iaz moldatu zuen UZEIk, baina noski, urtebetean ez dago neurri horretako hiztegia egiterik. Abiapuntua 1987. urtean du. UZEI orduan hasi zen XX. mendeko euskararen corpusa osatzen eta oinarri hori guztia erabili du hiztegirako. Aurreko lan horri esker, gero hiztegian sartuko zituzten lemak -hiztegi-sarrerak edo forma estandarrak, arautuak edo hobetsiak- prest zituzten eta iazko urtea aldaerak prestatzeko erabili dute. Lemak eta aldaerak kontuan hartuta, 3.704.135 sarrera ditu hiztegiak. XX. mendeko euskararen corpusak bost milioi hitz ditu; aditz laguntzaileak, izen propioak, atzizkiak eta bestelakoak kenduta ia milioi eta erdi sarrera gutxiago ditu hiztegiak. Lexiko arrunta jaso du, beraz, lan horrek.

Zertarako 3.704.135 sarrera?

Nork erabiliko du hiztegia? Horixe galdetu diogu hiztegiaren egileetako bati, Mirian Urkiari. Hizkuntzaren alorrean lanean ari direnak dituzte gogoan. Jolasa dirudien CD-ROMak bilaketa mota asko ditu. Lemak eta aldaerak bila daitezke, hau da, hitzaren forma estandarra eta hitz horren aldaerak. Lema eta aldaera horiek modu askotara bila daitezke, hitzaren hasiera moduan, hitzaren bukaera moduan, hitzaren zati bat dela edo berak hitz osoa osatzen duela. Alegia, «zakur» hitza bilatzeko eska dezakegu ala zakur hitzarekin hasitako lema guztiak edo zakur hitzarekin amaitzen diren guztiak. Bertsolariak adibidez, «zale» edo «-tasun» eska ditzake hitz bukaera gisa eta bertsotarako zerrenda oparoa aterako zaio. Bilaketa zehazteko XX. mendea lau garaitan banatuta dago: 1900-1939 -36ko Gerra ere hartzen duena-, 1940-1968 -euskara batua sortu zen artekoa-, 1969-1990 -Euskaltzaindiaren arau eta gomendioak atera bitartekoa- eta 1991-1999 -araugintza berriaren garaia-. Euskalkiak ere aukera daitezke, bizkaieraz, gipuzkeraz, lapurtera-nafarreraz, zubereraz, euskara batuan eta sailkatu gabe daudenetan bilatzeko. Bilaketa mugatuagoetarako generoen sailkapenak ere laguntzen du; hamabost generotan daude banatuta lemak eta aldaerak.

Maiztasun hiztegiak, lema eta aldaeren erabilera maiztasun kopuru soilak emateaz gain, erabilienen sailkapenak ere egiten ditu. Urkiak esan digu nola 250 lema erabilienak corpusaren erdiak diren. Horren arabera euskaraz hiztegi pobrea erabiltzen ote dugun galdetu diogu: «Ez, horrek esan nahi du hitz batzuk oso maiz erabiltzen ditugula eta beste batzuk askoz ere gutxiago». Lema erabilien horietatik, euskara ikasi nahi duetenentzako hasierako hiztegia atera daitekeen galdetu diogu: «250 lema erabilienak corpusaren erdia izateak esan nahi du lema horiek oinarri-oinarrizko elementuak direla, baina kontuz, hiztegi horrekin komunikatzeko gai izango ginatekeela asko esatea da. Gure datu-basea idatzitako dokumentuetatik osatu dugu. 250 lema erabilien horietan ‘ogia’ eta ‘mahaia’ hitzak beharbada ez dira azalduko eta hitz horiek eguneroko bizitzan funtsezkoak dira».

Beraz, 250 lema erabilienak ikasita euskaraz berriketan ez gara moldatuko baina CD honetako hitzekin, atzizkiekin jolasean hasten bagara mila bitxikeria topatuko ditugu.

Bertsolariek amodioa eta maitasuna dituzte gustuko

Maiztasun hiztegiarekin, hitz eta zenbakiekin, jolasean hasi gara eta hainbat proba eginda honelako adibideak topatu ditugu.


Jaungoikoaren atzerakada

Lema erabilienen bilaketan sartu gara eta, adibidez, bizkaiera aukeratu dugu. 1900-1939ko garaian sartu gara eta lema erabilienen zerrenda irakurtzen hasi gara. 16. postuan dago «jaungoiko» hitza. «Ezetz lehenengo ehun postuetan agertu hitz hori 1991-1999 urte bitartean?», esan diogu geure buruari. Tentazioari eutsi eta lehenengo 1940-1968ko garaian begiratu dugu. 17. tokian «jaun» hitza agertu zaigu eta 21.ean «jaungoiko». «Jaun»ek aurrea hartu dio «jaungoiko»ri eta aurreko garaiko ia postu bera mantentzen du, 17.a alegia. 1969-1990 artean sartu gara hitz erabilienen zerrendan eta «jaungoiko» hitza «galdu» zaigula ohartu gara; «jaun» ageri da horren ordez, baina 78. postuan. Azkeneko saiakera 1991-1999ko tartean. Apustua irabazi dugu, erdizka bada ere, ez da ageri ez «jaun» eta ezta «jaungoiko» ere, «jainko» hitza ageri da ehungarren postuan. Urteen poderioz, «jaun»ak eta «jaungoiko»ak erori zaizkigu.


Maitasunaren maiztasuna

«-tasun» atzizkia sartu dugu bilaketa egiteko. Ez diogu esan zein euskalkitan bilatu nahi dugun -beraz, denak begiratu ditu-, generorik ere ez diogu zehaztu eta denbora tartea 1930-1939koa jarri diogu. «-tasun» atzizkiarekin gehien erabili zituzten lemen zerrendan lehen postua dauka «maitasun» hitzak eta ondoren datoz «ontasun» eta «edertasun». Bilaketa bera egin dugu 1991-1999 urteen artean eta hara emaitza: «maitasun» hitza txapeldun berriz ere, bigarren postuan «batasun» eta hirugarrengoan «askatasun».


Abertzaleak nagusi

«Zale» atzizkia sartu dugu mende hasierako urte tartean eta hauxe da erabilienen zerrenda: «abertzale», «arrantzale», «zale», «jeltzale» eta «mendigoizale». 1991-1999ko garaian ere sailkapenaren hasierak ez zuen aldaketarik izan, baina bai segidakoek: «abertzale», «arrantzale», «euskaltzale», «bertsozale» eta «zale». Badirudi azken urteotako idatziek, jeltzaleak alboratu dituztela eta bertsozaleei egin diela tokia.


Amodioa eta maitasuna bertsotan

1991-1999 urte artekoa begiratu dugu, oraingoan generoa zehaztu eta bertsotan, euskara batuan, gehien erabili diren hamar lemak eskatu ditugu. Hitz ondo arruntak ageri dira hamar lehenengoetan: «ez», «zu», «eta», «arte», «izan»... baina hirugarren postuan «amodio» hitza agertu zaigu eta zortzigarrengoan «maitasun»... eta «maitemindu» 17.ekoan.