Joseba Permach: «EAJk orain arte inposatu duen jarrera amaitu da»

  • Batasunako Mahai Nazionaleko kidea da. 1969an jaioa Donostian. EHAK-ko Maite Aranburu, Nekane Erauskin eta Garbiñe Berasategi PSE-EEko Patxi Lopezekin bildu ziren egunean mintzatu ginen Joseba Permachekin. Espainiako Kongresuan Estatuaren egoerari buruzko eztabaida burutu baino egun bat lehenago. EHAK-k Batasunaren aldarrikapenekin ezezik, ezkerreko sektore independentistekin bat egiten duela adierazi digu. Halaber, PSOEri estrategia berri baten alde lehenbailehen egin dezan eskatu dio.

2021eko uztailaren 27an

Legez kanpo geratu ostean, Batasuna erakunde guztietatik kanpo dago lehen aldiz. Alderdiaren egoeraz mintzatu zaigu Joseba Permach hasieran: «Estatuak Batasuna Eusko Legebiltzarretik kanpo utzita, Alderdien Legearen helburua betetzat jo du. Guk, aldiz, ilegalizazioaren zikloa amaitu dela diogu, eta erabateko porrotaz amaitu ere».

Alabaina, ezker abertzale ilegalizatuaren aurreko bi aukerak »AUB eta HZ» ez bezala, oraingoan, EHAK instituzioetara iritsi dela azaldu diogu gure solaskideari: «Legebiltzarrera iritsi izana PSOEren kalkulu politikoetan sar daiteke. Guretzat, ilegalizazioaren amaiera baieztatzeaz gain, esanguratsuena herri honetako sektore sendo batek, berriz ere, EHAKren aukerarekin bat egin izana da. Hau da, EHAKren legebiltzarkideen bidez ezker abertzaleak jokaleku politikoan aritzeko aukera izatea».

Zein neurritan daude lotuta EHAKren erabakiak Batasunaren erabakiekin?
Ez dut uste EHAKren erabakiak gure erabakiekin lotuta direnik. Guretzat garrantzizkoena EHAK-k Aukera Guztiak ekimenaren lekukoa hartzea izan da, alegia, ahotsik eta eskubide politiko eta zibilik gabe geratu garenon aldarrikapenak Legebiltzarrera eramateko konpromisoa hartzea. EHAK-k gure aldarrikapenekin bat egitea logikoa da, eta ez Batasunarekin zehatz-mehatz, baizik eta herri honetako sektore abertzale, ezkerreko eta independentistekin oro har.

Nola ikusten du Batasunak EAEko gobernagarritasuna, beran parte-hartzeko aukerarik gabe?
Hasteko, alderdi guztiok gatazka gainditzeko prozesu demokratiko bat bilatu beharra aldarrikatzen dugu, horrek du lehentasuna. Zentzu horretan, Batasuna 44 eragilek sinatutako Oinarrizko Hitzarmen demokratikoa aldarrikatzen ari da bereziki. Bitartean, gobernagarritasun afera dago eta irtenbidea bilatu behar zaio. EHAK Ibarretxerekin nahiz beste alderdi politikoekin bildu denean eztabaida politikoa ondo planteatu duela diogu, egungo egoera ez demokratikoa gainditzeko nahiz Legebiltzarra arau demokratikoen arabera osatzeari begira konpromiso zehatzak eskatuz. Hori da bidea.

Zuk zein lehenesten duzu lehendakari, Ibarretxe edo Patxi Lopez?
Batasunak bake prozesuari ematen dio lehentasuna, eta hori ez da Lopezekin edo Ibarretxerekin egingo soilik, guztion artean baizik. Guk EHAK burutzen ari den lana erabat errespetatzen dugu. EHAK-k Ibarretxeri nahiz Lopezi konpromiso berdintsuak eskatu dizkiela pentsatzen dut, eta erantzunaren araberako jarrera hartuko duela. Emaitzek sorraraziko egoerak alderdi politiko guztiak negoziatzera eta akordioetara heltzera behartzen ditu. Joko-arau demokratiko horretan »maila batekoa, Batasuna ez baitago» guztiok onartu behar dugu akordioak bilatzea beharrezkoa dela, eta EAJk orain arte inposatu duen jarrera amaitu dela. EAJk alderdi politiko guztiekin akordioak lortu behar dituela onartu behar du. Ez du EHAK, PSOE edo PPrekin bakarrik edota bakarka adostu behar, guztiekin baizik. Legebiltzarrean egoera berri hori onartzeak onura handiak ekar diezazkioke gatazka gainditzeko guztion artean eraiki behar dugun prozesuari.

Zer ondorio atera duzue Pernando Barrenak eta Arnaldo Otegik Ibarretxerekin izandako azken bileratik?
Batetik, bilera hauen inguruan sortzen den zalaparta mediatikoa antzua dela. Abenduaren 30ean Batasunak hartu zuen jarrera dela kausa eta Ibarretxe Madrilera joan aurretik, pertsona berberak bildu ziren. Bilera testuinguru horretan kokatu behar da. Batasuna eragile politikoa da eta hauteskunde ondorengo jokalekuan ere lekua dauka. Sukalde lanaz asko hitz egiten da, baina, funtsean, guk hedabideetan adierazi duguna baino ez dago.

Sukaldeko lana delakoan, zuekikoan behintzat, ez da ezer azpimarragarririk.
Urte luzeen ondoren, elkarrizketa bera ukatu denean, elkarrizketa politikoak gauzatzea positiboa da. Batasuna ukatu nahi izan dute, beraz, orain, guztion arteko elkarrizketa indartzen joatea pauso handia da. Zorionez, alderdien arteko bilerak ugaltzen ari dira, alderdi guztiok izan behar dugu mintzakide eta eragile. Baina hortik bilerako gaiak sakontzera edota sukaldeko lanak egiten hastera tarte handia dago.

Bilerak bilera, zer deritzozu Zapatero eta Ibarretxek Moncloan egindako azkenaz?
Ibarretxek akats bat errepikatu du. Hau da, ezker abertzaleak Ibarretxe Planari eman zion babesaren ondoren, Ibarretxek Euskal Herriko eragile politikoen ildoan egin beharrean Madrilera jo zuen. Oraingoan, berriz ere, Madrilera jo du Euskal Herriko 44 eragilek adostu eta proposatua kontuan hartu gabe. Zapaterok eta Ibarretxek aipatutako diskrepzioa dela-eta, ez dakigu zer elkarrizketa mota izan duten, ezta erabakiren bat hartu duten ere. Gatazka gainditzeko Euskal Herriko eragileen arteko elkarrizketek ere leku hartu beharko lukete, ordea.

Beraz, ondorio baikorrik ez.
Ez. Haatik, Ajuria Eneatik eta Moncloatik bileraren bi testu ezagutarazi ondoren, EAJk Aberri Batzarra bildu zuen berehala. EAJk kaleratutako agiria izan da ondorio esanguratsuena.

Zergatik?
Agiriak gatazka konpontzeko prozesuaren edukiak desagerrarazi dituelako. Agiriak Ibarretxe Planaren hitzaurreko hainbat planteamendu albo batera utzi ditu. EAJko hainbat sektoreren eta Ibarretxeren aldetik entzun dugun Euskal Herriak erabakitzeko duen eskubidea desagertu da. Ez dakigu Ibarretxe eta Zapateroren arteko bileraren ondorio zuzena izan ote den, baina denbora beretsuan etorri dira.

Eta alderdien arteko mahaia urrun da.
Nondik begiratzen den. Asko dago egiteko, baina badira faktore berriak. Aberri Egunean 44 alderdi, eragile politiko, sozial eta sindikalek oinarrizko hitzarmen demokratikoa publiko egin genuen. 12 hilabeteko epean alderdi politikoen mahaia osatzea helburua finkatu dugu, beraz, helburu bat finkatu den neurrian hurbil egon daiteke. Hauteskundeek Anoetako Proposamenari indarra eman diote, beraz, jokaleku berri honetan mahaia osatzeko aukerak daude. Etzi edo etzidamurako sortuko den esatea gehiegizkoa da, ordea. Mahaia osatzeko sendotasuna eta denbora gehiago behar da.

Batasuna barne dela? Non? Legebiltzarrean? Kanpoan?
Guk ez dugu non, nola eta zer denboran osatu behar den esaten, guztion arteko ariketa dela baizik. Eta alderdiez gain, ezin dugula mahaitik ez eragilerik ez herrialderik baztertu berresten dugu.

Zer indar du Anoetako Proposamenak gaur egun?
Erabatekoa. Aurkeztu genuenean baino sendoago dago, eta lau arrazoiengatik ozen aldarrikatzen dugu bereziki: lehena, gatazka konpontzeko metodologia duelako, bi mahaien planteamendua eginez. Eragile politikoek dagoneko urrats sendoak eman dituzte bide horretan. Bigarrena, ETAk adierazi du Estatuarekin negoziazio bide bat irekitzen saiatzen ari dela. Hirugarrena, ezker abertzalea hauteskundeetan indartua ateratzea da, eta laugarrena, guztiok »PPk izan ezik» bat egin dugu mahai bat osatzeko ideiarekin. Ildo horiek guztiak Anoetako Proposamenean daude.

Artean, Alderdien Legea eta Terrorismoaren aurkako eta Askatasunaren aldeko Ituna delakoak hor daude.
Iraganeko asmo baten itunak dira, ezker abertzalearen amaiera helburuz eginak. Aznarrek beren bitartez, zortzi urtetan ezker abertzalearekin bukatuko zuela iragarri zuen. Ordea, PP erori da gobernutik eta ezker abertzalea berriz eraginkor eta sendo dago. PPk diseinatutako estrategiaren porrotaren adierazleak dira itun biak.

Batasuna, hala ere, ilegalizatuta dago, sendo egotearen seinalea ere ez da.
Ilegalizazioaren ondorioak begi-bistakoak dira, hainbat herritar nahiz alderdi bateko kide politikoen eskubideak bermatuak ez izateak galerak eta ondorioak dakartza gure antolakuntza eta jarduera politikoa garatzeko. Ilegalizazioaren ondorioz, egoera antidemokratikoa indarrean dago eta iraganeko politikoaren zutabeak diren Alderdiaren Legea eta Terrorismoaren aurkako eta Askatasunaren aldeko Ituna delakoak desagerrarazteko eskatzen diogu PSOEri, eta beste estrategia politiko baten alde egin dezala lehenbailehen. Artean, PPk bilatzen zituen helburuak ez dira bete, hauteskundeetako emaitzak lekuko, eta ezker abertzaleak legealdi honetan ekimen politikoa berreskuratu du, kasurako EHAKren bidez lortu duen sostengua. Guk horri esaten diogu sendo egotea.


Azkenak
EHUk eskolak ematea debekatu dio, behin-behinean, “mezu faxistak” zabaldu dituen irakasleari

Euskal Herriko Unibertsitateak jakinarazi duenez, gutxienez astebetez ez du eskolarik emango Zuzenbide Fakultateko irakasleak. Astelehen goizean Leioako campuseko ehunka ikaslek sare sozialetan frankismoa goraipatzea eta mezu xenofobo, matxista eta homofoboak hedatu izana salatu... [+]


Turistifikazioaren Aurkako Urria antolatu dute, hiri bizigarri baten alde

Turismoaren Nazioarteko Egunean, joan den ostiralean, aurkeztu zuen Bizilagunekin plataformak Turistikazioaren Aurkako Urria egitasmoa.


2024-09-30 | ARGIA
Barakaldoko tiroketaren harira zazpi pertsona atxilotu dituzte

Gizon bat hil eta beste bi pertsona zauritu dituzte igandean, Barakaldon izandako tiroketan. Ertzaintzak zazpi lagun atxilotu ditu –bost gizon eta bi emakume–, eta ikerketa zabalik da oraindik.


2024-09-30 | ARGIA
Israelek dozenaka lagun hil ditu Libanon eta Yemenen, Hezbollah eta Hamaseko buruak tartean

Israelen bonbardaketek ez dute etenik. Beirut (Libano) eta Yemengo hainbat azpiegitura izan ditu jo-puntuan azken egunotan, eta dozenaka herritar hil erasoetan. Horien artean, Hezbollah erakunde xiitako buruzagi Hassan Nasrallah eta Segurtasun Prebentiboko komandante Nabil... [+]


2024-09-30 | ARGIA
Ultraeskuinak irabazi ditu hauteskundeak Austrian, lehen aldiz Bigarren Mundu Gerraz geroztik

Botoen %28,8 lortu ditu FPÖ alderdi ultranazionalistak, 2019an baino %13 gehiago. ÖVP Alderdi Popularrak botoen %26,3 jaso du eta hirugarren indarra izan da SPÖ alderdi sozialdemokrata, botoen %21,1ekin. Alderdi nagusiek uko egin diote ultraeskuinari gobernatzeko... [+]


Pilar Garaialde, Gogora Institututik kanpo utzi duten estatuaren biktima:
“Beti zoru etikoa ahoan, baina ez dakit hori non ote dagoen”

Iragan asteazkenean, Gogora Institutuko Zuzendaritza Kontseiluko bost kide independenteak hautatu zituzten Gasteizko Legebiltzarreko Justizia eta Giza Eskubideen Batzordean. EAJren eta PSE-EEren abstentzioek Pilar Garaialde Salsamendi zuzendaritzatik kanpo utzi zuten. Bera zen,... [+]


2024-09-30 | Bertsozale.eus
Eneritz Artetxe Eizagirre nagusi Hondarribian
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako bosgarren final-zortzirena jokatu da gaur Hondarribiko Itsas Etxean. Artetxe, saioa irabaztearekin bat, final-laurdenetara sailkatu da.

Eguneraketa berriak daude