Burukomin galanta izango zuten Londresko Decca diskoetxeko arduradunek 1965ean. Hiru urte lehenago, Liverpool-eko lau gazte ate joka zituzten grabaketa proba bat egiteko eskatzen. «Mutiko hauek ez dute musikaren negozioan arrakasta izateko inolako aukerarik» esan zuten orduan. Laukoteak diskoa bere kabuz ekoiztea beste irtenbiderik ez zuen izan. Hiru urte geroago, Beatles taldea mundu guztiko zerrendetako lehen postuan zen eta komunikabide guztiek zuten hizpide. Baita Zeruko ARGIAk ere. Goiko koadroan jaso dugun bezala, Londrestik etorri berri zen Arantxa Gurmendik Beatlesen inguruan idatzi zuen, «She loves you» ezagunaren euskarazko bertsio eta guzti. Estreinatu berri zen Gazte naiz sail berritzaile eta polemikoan idazten zuen Gurmendik, belaunaldi berriek Goenkaleko Hortentsiren paperagatik ezagutuko dutenak, besteak beste, Ramon Saizarbitoria, Xabier Lete, Jose Luis Alvarez Enparantza, Mari Karmen Garmendia edo Ibon Sarasolarekin batera.
Haustura, dena den, ez zen soilik prentsatik iritsi. Artista berriak Gaur taldean bildu ziren, musikariek Ez Dok Amairu sortu zuten euskal kantagintza berriaren erakusleiho gisa eta Jarrai antzerki taldea, lan tradizionalak baztertu eta Ibsen, Tennessee Williams edo Arestiren obrak taularatzen hasi zen. Esparru desberdinetako loraldi honen protagonistak, gainera, berberak ziren sarritan. Arantxa Gurmendik, esaterako Biurriak taldearekin musika jotzen zuen eta Jarrain ere aritzen zen, Ramon Saizarbitoria bezala. Jarraikoa zen, halaber, Xabier Lete poeta eta kantaria. Multidiziplinarrak zirela 60ko gaztehauek!
Euskal zinemak ere eman zuen fruiturik, Amalur filma kasu, Walt Disney euskal animazio zinegile handiena 67an hil bazen ere. Walt Disney euskal zinegilea? «Walt Disney jatorriz euskalduna omen zan» titularra topatu dugu behintzat Zeruko ARGIAko 67ko urtarrileko zenbaki batean. «Izen-abizen egiazkoak auek omen-dira: Jose Gizao Zamora. Gizao abizen euskalduna omen-da ta Zamora Almeria’koa» zioen ondoren astekariak. Horra euskal zinema zer den eta zer ez den eztabaidatzeko elementu berria!
Euskal kulturgileak taldeetan biltzeko joera osasungarriak, batasun izpirituak, ez zuen asko iraungo eta hamarkadaren amaieran ETArena ez zen zatiketa bakarra izan. Jarrai desagertu egin zen eta Ez Dok Amairuk ez zuen luze iraungo. Zatiketa horietan bereizketa politikoak zeresanik izan zuen.
Giro aldaketa horretan letra soil batek ere euskaltzaleen zatiketa ekarri zuen. H-a erabili behar zen ala ez? Ibon Sarasolak orrion hasieran bildu dugun artikuluan gatazkaren berri eman zuen.
Gerora euskara batuaren ajeen berri emango ziguna, batu gabeko euskararenak somatzen hasia zen. Aita Plazido Mujikak «H-arekin ez dezagun indioarena egin» zioen bitartean, Gabriel Arestik Harri eta Herri titulua ipini zion bere bigarren liburuari, propio.
68ko udaberria
Gurean gatazka hitzetan zegoen bitartean, Parisko ikasleek lehenik, Europako hainbat hiriburuetakoek geroago, ekintzara pasatzea erabaki zuten 68ko maiatzean. «Erakus-bideak ezpaitaude bear aiñean antolatuak; lan-bideak ere erdi-ipurdi dabiltza Ikastetxe-saillean. Azkenengo legeak gauzak okertzera ekarri dituzte. Bizi-bidea zaildu, etorkizuna illundu, ikasleak ugaldu ta korapilloak geitu», zioen orduko Zeruko ARGIAko azaleko artikuluak. Korapiloa ere ez zen makala AEBetako kaleetan, Martin Luther King beltzen liderraren hilketa eta gero, bereziki. Indarkeria etxean eta auzoan, hamarkadak aurrera egin ahala Vietnameko gatazka luzatuz eta gogortuz joan baitzen. Hori bai, bere soldaduak Vietnam okupatzera bidaltzen zituzten bitartean, AEBek ez zuten inongo erreparorik sobietarren Txekoslovakiako okupazioarengatik euren haserre bizia agertzeko.
Nazioarteko kontu hauek guztiak, Rikardo Arregik aztertzen zituen Zeruko ARGIAko Herriak eta gizonak sail bikainean.
Rikardo Arregi eta Apollo XI
1969ko uztailak 27an Zeruko ARGIAko 334. zenbakiko azala bi gaiek hartzen zuten osorik: bata, gizakiak Ilargia zapaldu zuela; Rikardo Arregi hil zela, bestea. Nazioarteko gaietan kazetari ona izateaz gain, Arregi euskaldunen alfabetatzearen bultzatzaile nagusienetakoa izan zen. Gainera Gabriel Aresti, Ibon Sarasola, Ramon Saizarbitoria, Arantxa Urretabizkaia eta beste batzuekin batera Lur argitaletxea sortu zuen 69an bertan. Gabriel Arestik Kriseilu argitaletxea sortua zuen urte pare bat lehenago, baina Arregik eta besteek argitaletxea erosi zioten Seat 850 baten truke. Automobila entregatzera zihoala gertatu zen Rikardo Arregiren istripua. «Uztail ontako ostegun kiskalgarri batek ekarri zigun berri mingarria -zioen Andoni Iturria Zeruko ARGIAko zuzendariak- baina eman dezunaren gabeak min ematen badigu, gure erriaren onerako aurrerantzean eman zenezakezunak ematen digu min garratzagoa».
Testu honen aldamenean, Apollo XI.aren irudiak. Eta Aldrin, Amstrong eta Collins irribartsu. Ilargia zapaldu zuten, azkenean. Hilabete batzuk lehenago Txillardegik -Larresoro sinadurapean- gizakia ilargira iristeak «gizadiaren umiltasuna azkartuko» zuela zioen. «Gure mundu hau izar hotz eta kaxkar gisa erreparatzean, fotoan Illargiko geografia xehe-xehe eta Lurrekoa larri-larri baizik ez ikusita, ni zorabioak hartu nau. Ez iñolaz ere harrokeriak».
Eguna iritsi zenean, astekariaren azalak galdera bat botatzen zien irakurleei: «Orain arte gizonak egin duan egitekorik bikainena ote da onako au? Geroak esango du...». Geroak dio karrera espazialak ez duela umiltasuna ekarri.