Oro elur laru batek estali du. Landareen aurtengorako modaren pasarela puri-purian da, zein baino zein pertxentago, soineko dotoreena nork azalduko borroka txikian dabiltza, banaka, zein nagusituko... Hor dator, ordea, sasi arkazia tropela (Robinia pseudoacacia), denak bat hartu eta oihal laru erraldoi bat penditzetan pirrilaka zabalduz paisajean, beste guztientzako begiak bereganatuz. Aurten sasi arkazia urtea da. Tarteka, klima-denbora ekuazioan ezkontza berezia ematen den urtetan gozatu daitekeen ikuskizuna. Gozotan gozatzekoa, etxe ondoko erleari galdetu bestela...
Sasi arkaziak lore zuri-laruxka ematen du, hostaia urdinxka azaldu baino lehenago. Kolonizatzaile aparta izaki, bat den tokian haren sustraietatik sasia hedatuz doa eta loraldian izaratzar galantak zabaltzen dituzte. Urrutitik adituko duzu bere usain eztia eta inguratuz gero baita erleen burrunba ere. Hazia oparo emateko nahi eta nahiezko erleen polinizazio lanaren truke eztigai aparta den nektar gozoa erruz eskaintzeko tratua egina omen dute aspaldi sasi arkazia eta erle saldo-buruek. Moko finentzat soilik sasi arkaziaren lorez egindako eztia ere kentzen zaie erlauntzei.
Moko finentzat da, bai, sasiko hau. Bere eztia bezalaxe egurra. Trinkoa eta tentsio handiko egurra denez gutxiena uste denean zartatzen da. Busti-lehorrean gaztainaren pareko, hark baino gehiago irauten duena ordea eta hesola edo baldotarako, kanpoko lanetarako ez beste erabili ohi da. Arotzaren eskurako zakarra, baso-mutilen atzaparren lan zatarretarako. Moko finen batenean ez bada, ez duzu erraza izango haren egurra zura eginda topatzea. Loraldiaren aitzakiarekin erramilotaren bat etxeratu nahi baduzu, kontuz zeuk ere eskuak, arantza galantak baititu mokodunengandik babesteko.