Kale gorrian bizitzen


2021eko uztailaren 28an

Europako definizio ofizial baten arabera, aurreko astean edozein arrazoi dela eta kalean lo egin behar izan duen edozein pertsonari deitzen zaio "etxerik gabeko". Definizio horrek baina, ñabardura gutxi hartzen du kontuan. Europan hiru milioi pertsona kontsideratzen dira hala, Amerikako Estatu Batuetan hiru milioi eta erdi. Pertsona adina definizio dago, bizi esperientzia latz bezain anitzek eragindako egoerak deskribatzen dituztenak. Zer elkarbanatzen dute horrela deitzen zaien pertsonek? Etxea lau pareta dituen espazioa kontsideratzen badugu, etxerik ez dutela, diru sarrera gutxi edo bat ere ez dutela eta ezer gutxi gehiago. Familia, lagun eta auzoekin harremana galtzen du etxerik gabeak, bere sare sozialarekin hausten du.

Garai batean funtzio sozial bat betetzen zuten etxerik gabe, herriz herri bizi zirenek. Herri txikietan zain egoten ziren eurak noiz helduko ziren, inguruko herrietako kontuak esateko eta besteetan asmatzen ziren hainbat tramankulu ikusteko. Herritarrek txandaka euren etxeetan hartzen zituzten. Egun ordea, ez da hain erraza etxerik gabekoa herri txiki batean aurkitzea; orain hiri handietara jotzen dute eta hirian, jendeak urrutitik begiratzen die, ahalik eta urrutienetik.

Zein da etxerik gabea?

Zerk eramaten du pertsona egoera horretaraino? Edo egoerak sortzen du arazoa? Zail da jakiten non hasten den sorgin gurpila. Normalean, drogarekin, jokoarekin edo osasun mentalarekin arazoak dituen pertsona izaten da. "Nik ez nuke horrela bukatuko, pentsa dezakegu. Bada, kasuren batean, emaztearengandik banandu, lana galdu eta bat-batean senide hurbilik gabe aurkitu dena. Nolabait moldatuko nintzateke? Ziur aski bai, baina eta ezingo banu? Gerta daiteke, zorte txarra deitzen zaio horri eta gertatzen dira horrelakoak", dio Iñigo Estonba Donostiako gizarte zerbitzuetako langileak. "Dena den, onartu behar da, ez da kasurik ohikoena", gaineratu du.

Ez da erraza kalean bizitzea, oso gogorra da kalea. Emakume gutxi ikusten da kale gorrian. Proportzioa 10etik batekoa da. Gehienetan 35 eta 45 urte bitarteko gizona izaten da kalean bizi dena, baina inmigranteek batez besteko hori jaitsi egin dute azkenaldian. Etxerik gabeak gero eta gehiago dira atzerritarrak, eta batek baino gehiagok dio fenomeno honek atzerritar aurpegia hartu duela hemen. Horietarik asko oso gazteak izaten dira gainera. Etxerik gabe bizi den edozeinen ohiko arazoei arrazakeriarena eta hizkuntzarena gehitzen zaizkie atzerritarren kasuan. Komunitate bakoitzak gainera, arazo propioak izaten ditu eta baita antolatzeko modu ezberdinak ere. "25 hegoamerikar etxebizitza berean bizi behar badira, biziko dira, magrebtarren artean ordea ez da horrelako sare sozialik sortzen. Herri edo auzo berekoak ez badira, ez diote elkarri laguntzarik eskainiko. Horregatik ikusten da magrebtar gehiago kalean", dio Estonbak.

Lehen kontaktua

Eta nora jo egoera horretan? Badira baliabide publiko eta pribatuak egoera horretan den pertsona laguntzeko. Gaia arautzen duen legerik ere bada eta udalak zerbitzu hauek eskaintzera behartzen ditu. Dena den, ratioak ez dira zehazten lege horretan eta beraz, biztanle kopuru jakin bakoitzeko zerbitzua zenbatekoa izan behar den ez da zehazten.

Rais elkartekoak -Red de Apoyo a la Integración Sociolaboral- Madrildik heldu ziren orain hiru urte eta Donostian lan egiten dute. Rais-eko kideek zuzenean, kalera jotzen dute jendeari laguntza eskaintzera.

Nieves Piñeiro Madrildik heldu zen eta ongi ezagutzen du proiektua. Berak argitu digunez, kaleko programa horren asmoa, esaera zaharrak dioen bezala, mendiak Mahomarekin egin zuena errepikatzea da: "Dauden baliabideak eurenganaino helaraztea nahi dugu, beraiek sistema horretara moldarazi beharrean".

Aldaketa pertsonalerako lehen pausoa emateko promozioa egiten dute. Horretarako, bakoitzaren gaitasunak indartzen saiatzen dira eta helburu errazak jartzen dizkiete, egoera berera berrerori ez daitezen. "Prozesua oso mantso joan ohi da, pertsona helduak dira eta bakoitzak biziaz duen kontzeptua errespetatu egin behar dugu", dio Nievesek. Horregatik, batzuek ez dute ezer jakin nahi izaten; beste batzuek ordea, aurrerapauso handiak egiten dituzte, integrazio pertsonalerako bidean.

Raisen kaleko programan, bi pertsona dira Donostian zehar bost ibilbide ezberdin egiten dituztenak. Hala, kalean bizi direnekin errazago konektatzen dute; pertsona bakoitza non "bizi" den jakiten dute eta era berean, pertsona horiek badakite, egunero, Unai edo Ander bide horretatik igaroko direla. Argi dute, kalean, pertsonaren espazio pribatua eta publikoa bera direla eta kontu handiz hurbildu behar dutela. Horregatik, hurbildu eta adibidez zigarro bat eskaintzen diote, kafe bat hartu nahi duen galdetzen diote eta halako batean, elkarrekin, nortasun agiria berritzera joango dira, edo sendagileari bisita egingo diote, eztul hori zerk eragina izan daitekeen galdetzeko.

Pixkanaka harremana sakondu eta pertsona horri bere eskubideei buruz eta bere esku diren baliabideei buruzko informazioa eskaintzen diote. Elkarteak gelatxo bat du, non nahi duen oro elkartzen den hainbat aktibitate egiteko. Zenbait gairi buruzko solasaldiak prestatzen dituzte, ordenagailua erabiltzen dute… eta modu horretan, apurka, jendearekin berriz ere konektatzen hasten dira eta harreman sare berri bat izaten. Nievesek dioenez, askori hori falta izan zaie: alboan norbait edukitzea inoiz planteatu ere ez dituzten arazoak kontatzeko eta modu horretan, bere burua entzuten duten bitartean, gertatzen denaz eta hori gainditzeko duten gaitasunaz ohartzen dira eta aurrera egiteko indarra hartzen dute.

Hortik aurrera

Behin behinean behintzat, abegi etxe publiko batean hiru hilabeteko hiru egun egiteko aukera izango du etxerik gabeak. Horretarako gutxieneko baldintzak, erroldan izena emana izatea, adinez nagusi izatea eta zainketa berezirik behar ez izatea dira. Gainera, elkarbizitzarako ezinbesteko diren gutxieneko arau batzuk betetzea eskatzen zaie: alkoholik edo bestelako substantziarik ez kontsumitzea bitarte horretan, norberaren garbitasunaren ardura izatea eta batez ere, ordutegiak zorrotz betetzea. Trukean, ohea, jatekoa, kontsigna, garbitzeko aukera eta behar duten informazioa eta orientazioa eskaintzen zaie.

Idoia Aranburu, Donostiako abegi etxeko gizarte laguntzailea da eta bertara heltzen diren pertsonek berarekin hitz egin behar izaten dute lehenik. Kasu ezberdinekin topo egin izan du Aranburuk. "Harrigarria den arren, badira, abegi etxez abegi etxe ibiltzen direnak eta egutegi batean plan guztia nola eginda duten erakusten digutenak", dio gizarte laguntzaileak, "horiekin ez dugu jarraipenik egiten, euren bidea jarraitzen baitute eta nola edo hala moldatzen baitira".

Besteekin ordea, duten arazoari buruz hitz egin eta irtenbidea bilatzen saiatzen dira. Helburua, pertsonaren autonomia lortzea izaten da; izan ere, normalean pertsona hori oso galduta egoten baita eta bere kabuz erabakiak hartzea kosta egiten zaio. Bitarterako irtenbideak izaten dira. Lana bilatzea, psikiatrarengana joatea edo desintoxikazio zentro batera jotzea, adibidez. Lan bila dabiltzanei eta hiru egun horien buruan kontratua lortzen dutenei, lehen soldata jaso bitartean, non geratu bilatzen diote. Horretarako, egonaldi ertaineko zentro batzuk izaten dira. Buru osasun arazoak dituena psikiatrarengana joateko beharraz ohartarazten dute. Droga edo alkoholarekin arazoak dituztenei edo, esaterako, hiesa dutenei, nora jo argitzen diete (Gizakia Helburu, Gurutze Gorria...). Azken batean, ondorio hori ekarri duen kausa saihesten laguntzen saiatzen dira.

GKE-en esku

Hiru egun horien ostean, arazoari irtenbidea bilatzeko konpromisoa hartu ez duenak, kalera itzuli beharko du. Askok frustrazioz bizi du, ez baita arazoari irtenbidea bilatzeko gai ikusten eta noski, ez du bere burua kale gorrian ikustea gustuko. Jose Antonio Lizarraldek Caritasen egiten du lan: "Planteamendu apur bat eskizofrenikoa dirudien arren, pertsona hauek sufrimendu handiz bizi dute egoera, gaizki sentitzen dira inguruan sortu duten sufrimendua dela eta, baina aldi berean, egoera hori egungo gizartearen ondorio dela diote eta hein handi batean arrazoi dute".

Caritasen boluntario sare zabala dute. Pertsona hauek egiten dutena funtsezko beharrak asetzea da. Donostian esaterako, jangela bat dute eta horretaz gainera, arropa eta kasu batzuetan gaua igarotzeko aukera ere eskaintzen zaie. Pertsona hauekin lan egiten duen jendeak nahi eta ez gogorra izan behar duela uste du Lizarraldek, egoera hauetan hitz gogorrak entzun behar izaten direlako eta askori bere bizimoduari buruz zalantzak sorrarazi dizkiolako: "Niri ez zait birgizarteratzeaz hitz egitea gustatzen, baina egia da, dena den, norberak bere bidea egin behar duela. Ezin diegu guztia eman, mugak jartzen jakin behar dugu".

Erantzukizuna zeinena?

Etxerik gabekoekin lan egiten duten pertsona gehienek, erakundeen ekimenen eta erakundetik kanpokoen arteko koordinazio falta sumatzen dute, baita baliabide publikoen artekoa ere.

Neguan zehar, kalean hotzak akabatzen ikusi ditugunean, hainbat eta hainbat gogoratu da haietaz. Gaia, ordea, edozein urtarotan dago mahai gainean; Arartekoak ere arazo honi buruzko ikerketa jarri du abian, Legebiltzarrean eztabaidatu dadin. Instituzioak zein norbanakoak udaberriaren goxotasunean ere etxerik gabekoak gizartearen hoztasuna sentitu ez dezaten ahalegina egiteko gai izango ote gara?

Zenbakitan

Nazio Batuen Erakundeak publiko egindako informearen arabera:
3.000.000 etxerik gabeko zeuden Europan 2004an.

3.500.000 ziren etxerik gabekoak AEBetan 2004an.

1.000 milioi pertsona txaboletan bizi ziren munduan 2004an.

2.000 milioi txabolista izatea espero da mundu osoan 2030ean.

Harrera Abegi Etxean
2004an Donostiako Abegi Etxean 3.800 pertsonari egin zioten harrera; horietarik 1.743 lehen aldiz izan ziren bertan. Lehendik bertan egonak 1.244 ziren eta 846, berriz, urte horren buruan behin baino gehiagotan zentroa bisitatu zutenak.


Azkenak
Sare sozialak
X utzita, nora joko dugu orain?

“eXodoa” gertatzen ari da egunotan sare sozialetan. Erabiltzaile ugarik X plataforma uztea erabaki –Elon Musk enpresariaren eskutik izandako eboluzio “toxikoaz” kokoteraino– eta Mastodon edota Bluesky-ra egin dute jauzi. Proiektu horiei begira... [+]


Ertzaintzaren euskarazko arreta bermatzeko eskatu dio Arartekoak Jaurlaritzari

Ertzain patruila batek hizkuntz tratu desegokia eman diela salatu dute Donostiako bi herritarrek. Isuna jaso zuten, behin eta berriz euskaraz artatuak izateko eskatu ondoren. Arartekoak kargu hartu dio Ertzaintzari.


2024-12-18 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Loa

Loti ederra eta errauskinaren irudia izan du hizpide aurtengo Feministaldian Irene Coulon-en hitzaldiak. Loaren ideia kulturalak zartatu ditu, loaldia ere maskulinizatua dugula argituta. Loaren irakaspen (kultural) asko barneratuak ditugu, eta gorputz feminizatuan edertasunaren... [+]


Teknologia
Oinak lurrean

Interneten Willow hitza bilatzerakoan oraindik txikitan ikusi nuen pelikula baten izenburua agertzen da. Fantasiaz beteriko pelikula hartan, Willow izeneko gizon txiki batek, protagonistak, mundua eraldatu zuen, erresuma zapaltzaile batetik herritarrak askatuta. Google-k Willow... [+]


Materialismo histerikoa
Zuentzat

Araiak esan dit zuei idazteko. Esan dit, utzi baino lehen (aurten egingo dut), nire testu bat eraman nahi dizuela, nik ez dizuedala inoiz eraman, eta merezi duzuela, harro sentituko zaretela nitaz. Ezin da horrelako aukera bat galtzen utzi. Ez dakit jada esan ez dizuedan zer... [+]


Kilometro zero

Berriki Pierre Carles dokumental egile engaiatuaren azken lana ikusteko aukera izan dut. Guérilla des FARC, l'avenir a une histoire (FARC gerrilla, etorkizunak historia du) du izena eta Kolonbian mende erdi baino gehiago iraun duen gatazka armatuaren kontakizun... [+]


Hitzen poetika

Ekintzailetza modan dago. Kontzeptuak indarra hartu du eta hiztegi ekonomikotik askoz harago zabaldu da. Just do it: egizu, besterik gabe. Baina ez dezagun ahaztu: propagandaren mundutik dator leloa. Erosle-ekintzaile aktiboak izatea ote da hitzaren mozorroa? Egungo enpresariek... [+]


Jendetasun zolatik, Kittof gogoan

Kaosean sartuak gara. Hori erran digute hedabide frantsesek, legebiltzarrak gobernua erorarazi duelarik abenduaren 4an. Kaos politiko, instituzional, sozial, ekonomikoaren zirimolak infernuko sarabandan bahituko gaituelako izua zainetara isurtzen hasia zaigu denoi. Zer komedian... [+]


2024-12-18 | Jesús Rodríguez
Borroka aro berria Herrialde Katalanetan

2011. urtean M-15eko mugimendu indartsua lehertu zen, Kataluniako Gobernua ataka estuan jarri zuena. Besteak beste, orduko hartan Polizia Bartzelonako Katalunia plazako kanpaldi suminduari oldartu zitzaion, eta parlamentua setiatu zuten ekintzaileek, Artur Mas presidentearen... [+]


Izar Mendiguren. Saltsa berrietan beti
“Ni euskaraz bizitzeak ez du esan nahi beste hizkuntzei eta kulturei ateak ixtea”

Aiaraldea Komunikabidea sortu zuten lehen, eta Faktoria gero. Laudion dute egoitza, eta bertan ari da lanean
Izar Mendiguren. Kazetari, bertsolari, musikari, militante... Ipurdi batez eserleku bi ezin estali litezkeela dio esaerak, baina hori baino handiagoa da Mendigurenen... [+]


Eguneraketa berriak daude