Antzerkia kaleratzen
Uda gerturatu ahala, motorrak berotzen dituzte antzerki taldeek, euren kale ikuskizunak prestatzeko. Dagoeneko agertu dituzte hainbatek euren azken antzezlanak joan den astean egin zen Biarrizko Kaleko Arteen Jaialdian. Hurrena Leioako Umore Azokaren txanda izango da. Maiatzaren 26tik 29ra, konpainiek uzta ondu berria eskainiko dute. Besteak beste, Deabru Beltzak (Les Diables Noirs), Hortzmuga (Zirko Iluna), Markeliñe (Carbón Club), Trapu Zaharra (Tetratrip, el último envase), Panta Rhei (Txaribari) eta Xabi Larrea (Zirkus Frak... de calle) izango dira Leioan. Aurten, gainera, hausnarketa gune bilakatuko dute Azoka, Bilbao Eszenak, Hortzmugak eta Geriak Kaleko Arte Eszenikoen Jardunaldi Profesionalak antolatu baitituzte, sektoreko arazoez hitz egin eta kaleko antzezlanak erakusteko zirkuitu bat ezartze aldera indarrak biltzeko.
Magia trukuak Elgetan
I. Magia Mostra egingo da Elgetan estreinakoz eta okasiorako nazioartean entzutetsu diren magoak bilduko dituzte, maiatzaren 13tik 15era. Lehen egunean Anthoni Blake mago ospetsuak emankizuna eskainiko du Elgetako Espaloia kafe antzokian. Larunbatean, leku berean, Magia Gala egingo dute, Luis Bonino, Arcadio, Jandro, Segi Buka eta Morrison El Magnifico magoen parte hartzearekin. Igandean, magiak kalea hartuko du eta globoflexia eta magia erakustaldiak izango dira, ikusleen gozagarri.
Txalaparta jotzen ikasteko programa
Txalapartaren munduan sakondu nahi duenak, eskura du jada Herri Musikaren Txokoak eta Ziburuko 3CF elkarteak osatutako multimedia programa. Bertan, txalapartaren historia, bideoak, elkarrizketak, joaldiak... bildu dituzte. Horrez gain, multimedia programa horretan txalaparta jotzen ikasteko eta doinuak sortzeko programa informatikoa txertatu dute. Egileek esan dutenez, oinarrizko mailako ariketak osatu dituzte, baina aurrerago konplexuagoak gehituko dituzte. Multimedia programa hau Txalaparta, Euskal Herriko bihozkada erakusketaren baitan ezagutu ahal da Oiartzungo kultur etxean eta hainbat herritan ikusi ahal izango da datozen hilabeteetan. Juan Mari Beltranek programako ariketak, txalapartaren historia laburrarekin batera, Txalaparta eta beste aldaera zaharrak liburuan bildu ditu.
Dantzariak eszenara
Nafarroako hamaika herritara (Antsoain, Altsasu, Ablitas, Barañain, Bera, Burlata, Lizarra, Urantzia, Noain, Valtierra eta Zizur Nagusia) eramango ditu dantza ikuskizunak Eszena 2005 dantza jaialdiak. Aurtengoan hiru euskal konpainiek (Aukeran, Tempomobile eta Aldanza) eta Nats Nus, Barcelona Addictos, Compañía de Tango Marcela y Marcelo, Ballet de Carmen Roche, Compañía Mar Gómez eta eta Ibérica de Danza taldeak izango dira herriotan maiatzean zehar.
Zinema fantastikoaren txanda
Asteartetik igandera bitarte, zinema fantastikoa ikuskatu ahal izango da Zinebik antolatzen duen Fant jaialdian. Lehenengoz lehiatuko egingo dra, sail ofizialean aurkeztu diren hamar filmak. Pelikula irabazleak 5.000 euro eskuratuko ditu. Ziklo ugari antolatu dituzte halaber: Asiari eskainitako Asiafant, zinema mexikarrari buruzkoa, laburren zikloa... Nontzeberri kultur atariak antolatutako Nontzeflash (animazio lanak) eta Nontzefilm (film laburrak) lehiaketetara aurkeztutako lanen lagin bat pantailaratuko dute Fant jaialdian. Jaialdiko ekitaldi gehienak Ideales zinemetan izango dira eta Fant bukatutakoan, itxi egingo dituzte betiko.
* * * * * * * * * * * * * * * * * * *
Mikelazulo Errenteriako kultur elkarteak hamar urte beteko ditu ekainean. Eta ospatzeko egitarau zabala prestatu dute, maiatzaren 19an hasi eta ekainaren 10a bitarte. Poesia emanaldi andana antolatu dute: Ostean taldearen, Bihotz Bakartien Klubaren eta Mikelazuloko kideen saioak izango dira, besteak beste. Hainbat artisten lanak biltzen dituen Aitzakiarek ez! erakusketa paratuko dute eta ekainaren 10ean izen bereko ikuskizuna aurkeztuko dute Pasai San Pedron. Bestalde, Ekuadorrera egindako bidaia oinarri duen Ñami Mishakunchik liburua plazaratu dute.
Aretoko breakdance lehiaketa. Break on stage lehiaketa egingo dute laugarrengoz maiatzaren 14an. Aurtengoa Durangoko Landako gunean egingo da eta Europako puntako zazpi talde lehiatuko dira. Horrez gain Arriola kultur aretoak breakdance ikastaroa antolatu du.
Debagoieneko I. Trikitixa Eguna egingo dute maiatzaren 14an. Eskualdeko trikiti eskoletako ikasleen topagune izan nahi duen jaiaren baitan, kalejira, bazkaria, jaialdia eta erromeria izango dira.