argia.eus
INPRIMATU
Edorta Jimenez: «Caparen kronika mendearen hiru herenen kronika da»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
Nor genuen Robert Capa?
Judua sortzez, Lehen Mundu Gerraren giroan jaioa, nazismoa eta sozialismoaren goraldian hezia eta hazia, Espainiako Gerra Zibilean argazkilari ospetsu bihurtua, Bigarren Mundu Gerran kontsakratua, Makartismoaren marea beltzean harrapatua, Indotxinako gerran hila. Zer ez zuen hark erretratatu? Gainera, Magnum agentzia ospetsuaren sortzaileetakoa ere izan zen. Caparen kronika mendearen hiru herenen kronika da.

Noiz izan zenuen haren berri aurrenekoz?
Aspaldi-aspalditik neukan, baina Ernest Hemingwayren bizitzarekin zerikusia izan zuela jakin nuenean deskubritu nuen bigarren aldiz. Orduan jakin nuen Euskal Herrian egona zela, eta hortxe geratu zitzaidan izena. Gero, berriz, Bermeoko Estepan San Pedro adiskidea zirikatzen hasi zitzaidan, Capa Sollubeko batailan egon ote zen, eta noiz. Eta horrez gero buru-belarri ekin genion biok Caparen bila.

Euskal Herrian egin zituen ibilerei dagokienez, benetako ikerketa egin duzula dirudi...
Ikerketa izan da, bai. Parisen dauden artxiboetan ere begiratu nuen, eta hunkigarria izan zen ikustea Bizkaian egindako 700dik gora argazki badirela han, lo, hemengo erakunderen batek kopiak noiz eskuratuko zain. Era berean, hemen erabat ezezaguna izan den Death in the Making liburuaren fotokopia eskuratu nuen, Renoko Center for Basque Studies delakoan ari den Pedro Oiarzabal lagunari esker. Liburu hori 1938koa da, eta balio sinboliko handikoa, niretzat behintzat.