argia.eus
INPRIMATU
Tarzan uste
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Txita izaki. Arazo unibertsala, zenbaitengan oinarrizkoa dena, publikoki nabarmena. Futbolari legez, bere handiustean estimatuagoa izan dena pertsona bezala baino. Jokalari zelarik ere, zelaietan baino arreta handiagoa palkoetan ematen zuena, aldageletako kideekin baino zuzendaritzetakoekin harreman estuagoak izaten saiatzen zena. Ez zuen inoiz lortu berak nahi adinako gailur maila harrapatzea, zortzimilakoen bila ibiliz bi bat milakoetan gelditu behar izan zenak. Zuzendari izatea erabaki zuen, eta Donostiako Realean lortu zuen asmoa. Orain badoala esan du. Reala bere txikian handia beretzat, txikiegitzat jo du eta Espainiako Futbol Ligan du begia jarri. Doala, tximinoak arbolak nola igo nahiko lukeena berak ere Madrildar basoan. Zuhaitzetik zuhaitzerako jauzi horretan Tarzan ez denez, berriro ere estrapozoa du etorkizun, eta oraingoan har dezakeen ostia azkena izan lezake, baso horretatik bulego ospitalera desterratu lezakeena. Duen abokatu bulegoa omen du profesionala, bere abokatu ofizioaren profesionaltasuna frogatzeke duenak. Gaztea da, oraindik astia badu zuzenbidea aurkitzeko, Astiatarzanena ahantziz, Txita estrategia alboratuz, biziaren eskailera mailaz maila igaroz. Lagunak eginez.