argia.eus
INPRIMATU
Patxi Juaristi: «Homo-ekoizle izatetik, homo-kontsumitzaile izatera pasatu gara»
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 12a
Nola gaude hemen kontsumoaren ikuspegitik?
Iruditzen zait trantsizio egoeran gaudela. Oraindik denda txiki asko dauzkagu gure herri eta auzoetan, baina merkataritza gune handi pila zabaldu dira. Gure kontsumo gizartea guztiz aldatzen ari da, baina aintzinan bezala erosteko moduak ere bizirik diraute oraindik.

Eta etorkizunari begira, zer soma daiteke?
Homo-ekoizle izatetik, homo-kontsumitzaile izatera pasatu gara, eta horixe da niri interesatu zaidana, nola egin dugun bilakera hori eta zer gertatzen ari den bilakera horretan. Arazo pila batekin aurkitzen ari baikara.

Zeintzuk dira arazo horiek?
Mundua Mcdonald handia bihurtu nahi digute. Publizitatearen arabera, badirudi berdin jan behar dugula, berdin jantzi, eta gauza berdinak irakurri behar ditugula. Homogeneizazio hori da kontsumo gizarte honen arazoetariko bat. Hor daude ere behi zoroak edota dioxina zeukaten oiloaskoak bezalako elikagaien inguruko iruzurrak, eta bulimia eta anorexiaren gisako osasun arazoak. Liburu honetan aldaketa horiek guztiak aztertzen ditut. Eta zer nolako etorkizuna izango dugun gauzak ondo egiten ez baditugu. Azalera handiko merkatal guneei aukera guztiak eskaintzen zaizkie. Aldiz, denda txikiak ez daude behar bezala babestuta. Frantzian merkataritza gune handiei zerga bat kobratzen hasi dira, gero diru hori herrietan eta auzoetan denda txikiak irekitzeko erabiltzen delarik. Iruditzen zait orain daukagula momentua Euskal Herrian erosketa mota hori lortzeko.