argia.eus
INPRIMATU
Errebisionismoa
Santi Leoné @ororostorm 2021eko uztailaren 27a
Joan den apirilean Aralarrek Francoren Nafarroako seme kutunaren izendapena ezereztatzeko eskatu zuen Nafarroako Parlamentuan. Ez du iduri diktadore baten memoriari ohore egiten dion titulu hori kentzea sobera eskatzea denik, baina UPNko parlamentariek ez bozkatu nahiago izan zuten. Francoren kontra agertu nahi ez izana justifikatzeko horrelako "jarrera errebisionistak" ez dituztela onartzen argudiatu zuten, argudiatu zuen Miguel Sanz UPNko -eta Nafarroako- lehendakariak; historia, historia dela eta ez dagoela norberaren gustura aldatzerik.

Nafarroan nonbait horrela ez bada ere, toki normaletan, juduen Holokaustoa gertatu zenik ukatzen dutenei deitzen zaie "errebisionista", edo, modu zabalago batean, 30 eta 40ko diktadura faxistak begi onez ikusi eta nolabait zuritzen saiatzen direnei. Espainian, gaur egun, Pío Moa dugu errebisionista nabarmenena »eta arrakastatsuena, zenbait irratitako solasaldietan entzuten ahal dena kontuan hartzera». Errebisionismoa, beraz, eskuarki eskuin muturreko politikari eta historialariekin lotzen da, hamarraldi horietan sorturiko mugimendu faxisten inguruko oinarrizko adostasun batzuk apurtu eta are gertakari batzuk ukatu nahian dabiltzanekin hain zuzen ere. Toki normaletan, errebisionismoa zer den dakiten horietan, harrigarria litzateke Hitler Bavariako seme kutuna izatea, errate baterako. Eta hala gertatuko balitz, izendapen honen aldekoak izanen lirateke errebisionistak, ez aurkakoak.

Baina, agian, gehiegi eskatzen ari gara, naski maila sobera igo dugu: barka dezagun, beraz, Nafarroako presidente jauna, aspalditik erakutsia baitu ez dela kultura zabaleko gizona, eta, esanahi akademikoak baztertuta, azter dezagun zer erran nahi izan zuen. Segur aski "errebisionismo" hitza ustezko eguneroko adiera batean erabili zuen, soilik azaleko esanahia begiratuta. Honen arabera, errebisionistak historia errebisatu, berrikusi, bertze era batean irakurri nahi dutenak izanen lirateke. Zeren izendapenen azpian -edota estatuen azpian- bada beti historia bat, edo istorio ttiki bat, ipuintxo bat. Beharbada, istorio hori ez du inork inoiz aditzera eman, ez du inork inoiz idatzi edo ahoskatu, baina hor dago, inplizituki, azpiegitura baten eran, istorio ttikietatik Historiara »letra larriz» doan haria osatuz. Gure kasuan, Franco Nafarroako seme kutun izendatzera daraman ildo narratiboa, ipuintxoa, honelako hau izan liteke »gutxi gorabehera»: "Franco agintari ona izan da, gauza anitz egin ditu Nafarroaren mesedetan eta horregatik merezi du nafarrok eskerronak adieraz diezazkiogun". Hau horrela bada, orduan bete-betean asmatu zuen Miguel Sanzek, nik bederen aitortu behar baitut erabat errebisionista naizela.

Historia eta historiaz gutxi dakitenek diote iragana bakean utzi behar dela, historia ez dagoela aldatzerik. Egia da ez dagoela gertatutako historia aldatzerik; idatzitako historia, ordea, eten gabe ari da aldatzen, interpretazio eta ikuspuntu berriak sortu ahala. Zer gertatu den, osorik, zehazki, inolako zalantzarik gabe, ez dugu inoiz jakinen, baina saiatzen ahal gara zer gertatu den asmatzen, eta gertatutakoari zentzua ematen; lan honen ondorioa idatzitako historia da, eta ikuspuntua funtsezkoa da historia idazte lan horretan. Historia egin dezakegu garaileen ikuspuntutik »eta ondorioz, Franco seme kutun izendatu», baina galtzaileen ikuspegitik ere bada historia egiterik. Francoren estatuak kentzen direnean, ez da historiaren memoria ezabatu nahi, baten batek erran duen bezala. Memoria mota zehatz bat ezabatu nahi da, indarrez inposaturiko memoria bat hain justu. Francoren ohorezko tituluak deuseztatzeko eskatzen denean, ez da "errebisionismo antzu" batean erortzen, nafartasunaren gure zaindariek adierazi duten bezala, errebisionismo emankor batean baizik, historiaren ikuspuntua baita aldatu nahi dena.