«Ai ama, ederra datorkigu» esan zuen Ertamerikako ordezkari batek Txinak MMAn sartu behar zuela jakin zuenean. Eta hala da, ederra dator. Izan ere, Txinak munduko merkatu kapitalista inbaditu du MMAren klubean sartu ondoren eta bozkario beste beldur sorrarazten ari da. Bozkarioa multinazional eta enpresa-korporazio handien artean; beldurra herrialde txiroetan, euren enpresak mokadu gustagarria izan daitezkeelako koloso asiarrarentzat. Eta datuek argi islatzen dute errealitatea. Txina dagoeneko munduko lantegi eta merkatu bihurtu da: munduko multinazional indartsuenak jadanik bertan ezarri dira lan-kostu txiki eta eskulan oraingoz eskurakoi eta diziplinatuez baliatzeko. Euskal Herriak ere ezagun du fenomenoa, berrogei euskal enpresa dagoeneko bertan jarri baitira, erreportaje honen bigarren atalean ikus daitekeen bezala.
Munduko populazioaren %20 txinatarra izango da 2050. urtean
Txina, planetako herrialderik populatuena, 1.300 milioi biztanleko merkatu handia da. Kalkuluen arabera, 2050. urterako munduko populazioaren %20 txinatarra izango da eta planeta osoko ekonomiaren %40 kontrolpean izango du. Planetako bigarren ekonomia indartsuena da, estatubatuarraren atzetik. Txinako barne-produktu gordinak (BPG) hazkunde etengabean daramatza azken 20 urteak. Azken urteetan, honakoa izan da zehazki: 1995ean %10,5; 1998an %7,8; 1999an %7,1; 2000an %8; eta 2001ean %7,3. Artean, Ameriketako Estatu Batuetako hazkundeak ez du %2a ere gaindituko. Txinako ekonomiaren 2004ko hazkundea %9,1ekoa izan zen, alegia, Nazioarteko Moneta Funtsak (NMF) munduko herrialde guztientzat aurreikusitako %2,8ren hirukoitza. Txinako barne-produktu gordina (BPG) 1,23 bilioi euro edo dolarrekoa da, %7ko igoera iragartzen zuten aurreikuspen ofizialak gaindituz, 2001ean %7,3ko hazkundea izan arren. Gaur egungo lan-indar txinatarrak 900 milioi pertsona inguru biltzen ditu.
Txinako inbertsio-bolumena %37 hazi zen eta txinatarrek %38 gehiago aurreztu zuten. Txina munduko zortzigarren ekonomia indartsuena da BPGaren arabera, per capita errentaren arabera 140.a izanagatik. 2000. urtean munduko zazpigarren herrialdea izan zen esportazioaren sailkapenean eta zortzigarrena inportazioarenean. Hortaz, ez da arraroa halako krisialdi egoeran planeta osoa Txinaren inbidiatan egotea. Ondorioz, txinatarren ekonomia eta 1.300 milioi biztanleko botere kontsumitzaile indartsua oso lagungarria izan liteke munduko ekonomia indarberritzeko. Bayer farmazia enpresak bezala, beste hainbat enpresak bere historiako inbertsiorik handiena Txinan egitea erabaki du.
XXI. mendea horia izango da
Analista guztien arabera, XXI. mendea Txinaren mendea izango da. Eta Ameriketako Estatu Batuei aurre egin ahal izango die. Garapen txinatarrak izen eta abizenak dauzka: Deng Xiaoping. 1978an boterera iritsi zenean, herrialdearen garapen eta modernizazioaren aldeko apustua egin zuen.
Indar ekonomiko guztietan bezala, pobrezia-poltsa handiak izan arren »120 milioi pertsona bizi dira pobrezia-marraren azpitik», Txina bere fisonomia eta ohiturak aldatzen joan da, kronikek diotenaren arabera bizikletak bidea eman diolako autoari, Coca Cola edaten da tearen ordez, eta kontsumoa egunez egun handiagoa da eta kalitate hobekoa. Analista batzuek adierazi dutenez, akaso gehiegikeriaz, txinatarrek mendebaldekoek bezala kontsumitzen dute dagoeneko eta horrek bihurtzen du Txina erakargarri. Horren ondorioz, multinazionalak Txinan sartzeko gogoz daude, koloso asiarra MMAn sartu zenetik ez baitute horretarako trabarik izango.
Asiako azken krisialdiak ez du izan eragin handirik Txinan. 1998an, esaterako, krisialdi asiarraren goraldian, ekonomia txinatarra %7,8 igo zen, inguruko gainontzeko herrialdeen bataz bestekoak %0,2a ozta-ozta gainditzen zuen bitartean. Are gehiago. Berau izan zen herrialde bakarra moneta, yuana, bere horretan mantentzea lortu zuena, debaluaziorik gabe. Horrek guztiak nazioarteko kapitalismoaren konfiantza bereganatu du. Ordutik Txina munduko inbertsio zuzenaren bigarren jomuga garrantzitsuena izan da, Ameriketako Estatu Batuen ondoren. Laurogeita hamarreko hamarkadan garapen bideko herrialdeen inbertsio zuzenaren %40 jaso zuen. Multinazionalen inbertsioak 200.000 milioi dolarren muga gainditzen du. Parterik handiena Ipar Amerikari dagokio, Espainiako Estatua parte txiki-txiki bat baino ez baita koloso txinatarrean egindako inbertsio internazionalean.
Hurrengo Joko Olinpikoak Txinan ospatuko dira 2008an eta tranpolin itzela izango dira Txinako ekonomiarentzat. Txinarentzako erakusleihorik onena izango da, inbertsiogileentzako aukera paregabea izateaz gain. Munduko kirol-gertakizun hau dela-eta, espero diren inbertsioak ikaragarri handiak dira. 3.700 milioi dolar erabiliko dituzte autopistak eraiki eta metro-sarea indartzeko. Bestalde, 12.500 milioi dolar inbertituko dituzte hiriko kutsadura ekidin edo gutxienez arintzeko.
Kontrapartida txinatarrak
Hamabost urteko negoziazio luzeen ondoren, Txina MMAn sartzeak langile txinatarrek jasan beharreko kontrapartida batzuk dakartza, MMAren eskakizun kapitalistak asetzeko. Gauzak horrela, Txinak %8,5eko jaitsiera aplikatu dio nekazaritzarako aurrekontuari, garapen bidean dauden herrialdeen %10eko mugaren azpitik. Ameriketako Estatu Batuetako estimazioen arabera, Txinako hamar milioi laborarik lana gal lezakete negoziatzaile txinatarrek MMAn sartzeko adostu dituzten baldintzen ondorioz. Laborariez gain, automobilgintzaren sektoreko langileek ere fakturaren zati bat ordaindu beharko dute. Alde horretatik, kalkuluen arabera sektoreko hamar milioi enplegatuk lana galduko dute Txina MMAn sartzearren. Txinak espero du hemendik urte batzuetara kanpoko inbertsioek lurralde asiarrera erakarriko dituzten enpresa berriek langile horiek xurgatuko dituztela.
MMAren klubean ondorio guztiekin sartzeko, Txinak nazioarteko arauetara moldatu beharko du. Muga-zergek behera egingo dute %15-17 bitartean eta finantza-sistema gutxika-gutxika kanpora zabalduko da. Eraldaketa, aldiz, ez da erraza izango. Analisten arabera, erronkarik handiena Txinako Gobernuarena izango da, 1.000 agiri legal baino gehiago aztertu edo aldatu beharko direlako MMAko arauetara egokitzeko. Nazio-biltzar herrikoiak, edo bestela Txinako Legebiltzarra deituko genukeenak, 2001ean Txina MMAn sartzearen aldeko iritzia berretsi zuen. Ordezkari txinatarrek akordioa 2001eko abenduaren 11n sinatu zuten.