Dominique Daguerre: «Bost urteko bide neketsua izan da baina emankorra»


2021eko uztailaren 20an
Zer ezaugarri berezi ditu Ipar Euskal Herriko langilegoaren egoerak?
Ipar Euskal Herriko langileriaren egoera bertako egoera ekonomiko bereziari lotua da. Ipar Euskal Herriko ekonomiaren egiturak, herri industrializatu guztietan bezalako ezaugarriak eta joerak izan arren, berezitasunak baditu, historia eta bilakaera propioari lotuak: laborantza eta arrantzaren tokia bai eta zerbitzuen garrantzia (landunen %72) eta industriaren ahulezia (%14,8).

Bestalde, mundializazio liberalak eta estatuaren politika anti-sozialak langileen lan eta bizi baldintzak goitik behera eragiten dituzte. Hor ditugu azken asteotan izandako hainbat gertakari, egoera islatzeko: SAFAM enpresa ixtekotan dena, ekoizpena Txinara deslokalizatu ondoren, 200 langileren lan postuak zalantzan utziz. Edo duela bi urte ateak itxi zituen Ruwell-eko 400 langileek beraien kanporaketaren aurka irabazi zuten auzia -eta ondorioz kobratu behar zituzten kalte ordainak- Paueko beste auzitegiak zalantzan eman du, langileen kanporaketa bidezkotzat joz. Beste hamaika adibide aurki daitezke eta, horrela, ehunka, milaka enplegu galdu da azken hamarkadetan, industrian bereziki.

Aldi berean, prekaritatea izugarri zabaldu da lan munduan. Egun, langileen %16 prekarioak dira eta sortzen diren enpleguen hiru laurdena prekarioa da -denbora partzialean, kontratu mugatuak, bitarteko kontratuak-. Horrez gain, turismoak eta merkataritzak duten tokiak fenomeno hau azkartzen dute, enplegu gehienak sasoikoak edota prekarioak baitira. Prekaritateari langabezia gehitu behar zaio: %10ekoa zenbaki ofizialen arabera. Horrela txirotasuna zabalduz doa eta azpi enplegutza norma bilakatzen da.

Hori dena, gobernamenduaren eta Europako Batasuneko erakundeen onespen eta babesarekin... Azken urteetan eraso izugarriak jasan ditugu langileen eskubideen aurka: erretreta eta seguritate sozialeko sistemak, lanbide formakuntza jarraitua, "35 orduak", hitzarmen kolektiboak, lan kontratua... denak zalantzan emanak dira.

Nola sortu zen LAB Iparraldean eta zer bilakaera egin du?
LAB Iparraldean sortu da duela 5 urte eta gure lehen agerraldia 2000ko maiatzaren 1ean izan zen. Alta prozesu luze baten ondorioa zen. Sindikatu baten egitasmoa aspaldikoa zen ezker abertzalean eta hainbat entsegu izan ziren. Horien segidan etorri zen LABen sorrera Iparraldean. Orduan, Iparraldeko hainbat enpresetan ari zen langile talde batek sindikatua sortzeko erabakia hartu zuen eta, iritziak ezagutzeko, urtebeteko harreman lana burutu eta hamaika biltzar publiko antolatu ondoren, LABekin sartu ginen harremanetan eta egitasmoa gauzatzen hasi ginen.

Bost urteko bide neketsua izan da baina emankorra: egituratze lana enpresetan, sektoreetan -irakaskuntza, altzarigintza, osasungintza...-; lan juridikoa -langileen asistentzia juridikoa-; borrokaldiak gure lan ardatzei lotutakoak edota gobernamenduaren erreforma anti sozialen aurka...

Sortu eta zuen lekua egin duzue Iparraldeko sindikatugintzan. Zenbateko ordezkagarritasuna duzue?
Sindikatuen lana aipatu dugun markoan eta egoeran zaila dela argi da. Ipar Euskal Herrian are zailagoa: enpresa handi gutxi dira eta, aldiz, enpresa ertain eta txiki asko, usu 10 langile baino gutxiagokoak. Horrez gain, enpresa handiek egoitza Euskal Herritik kanpo dute eta deslokalizazioen mehatxuak jasaten ditugu. Lan zaila beraz baina ezinbestekoa! Alta sindikalizazio tasa biziki apala da: %8 inguru.

Bost konfedarazio frantses handiek (CFDT, CGT, FO, CFTC eta CGC exekutiboak) ordezkaritza dute Ipar Euskal Herrian bai eta azken urteetan sortu diren sindikatek ere: Unsa (irakaskuntzan gehien bat), Solidaires (SUD PTT, SUD Education eta SUD Santé-Sociaux) eta CNT. Azken hauek -ezberdintasun eta desadostasun guztiez gain- eta guk dugun arazoa "ordezkagarritasuna"rena da. Izan ere, frantses zuzenbidearen arabera, bost "handiak" berez ordezkatzaileak badira, azken sortuek etengabe frogatu behar dute eta gehienetan auzitegietan trenkatzen da. Ondorioz, ekintza sindikalerako etengabeko trabak dira -enpresetan, hauteskunde sindikaletan aurkezteko...-.

Bestalde, errepresio sindikala geroz eta handiagoa da eta sindikalisten aurkako auziak ugaritu dira.

Sindikatu bakoitzaren eragina neurtzeko, 2002ko azken "Prud'hommes" kontseiluen hauteskunde emaitzak adierazgarriak dira: CFDT sindikatuak bozkazaleen %33,3 bildu zuen, CGTk %26,3, FOk %16,8 eta LABek %9, CFTC (%6) eta UNSAren (%4,5) aurrean. 2.000 langilek (22.500 bozka emailetatik) onespena ematen zioten LABi.

Nolako harremanak dituzue Iparraldeko beste sindikatuekin?
Beste sindikatuekilako harremanetan zailtasunak ditugu. Aipatu sindikatu "nagusi"ekin ez dugu batere harremanik, CFDTrekin salbu. Beste lauek hasieratik baztertu gaituzte; CFDTrekin aldiz, harreman normalizatuagoak ditugu. Lan harreman sano eta jarraituak ditugu SUD, CNT eta CGT-éducationekin. Ekintza sindikalean eta jendartearen aurkako erreformen kontrako borroketan ikuspegi berdintsuak izateaz gain, arlo batzutan elkarrekin ari gara lanean, irakaskuntzan, adibidez.
Hala eta guztiz ere, LAB sortzeak Iparraldean esparru sindikala mugiarazi du eta sindikatu frantses batzuk urratsak ematera bultzatu ditu, euskararekiko, adibidez.

Orain arte zer arlotan lan egin duzue, eta zein dira zuen etorkizuneko ildoak?
LABeko ekarpen nagusia izaeran datza, hots Euskal Herri osoa laneko esparrua duena. Horrek gure lan guztia eragiten du, adibidez irakaskuntzan, osasungintzan, garraioan, merkataritzan... mugaz bi aldeetako egoera dugu lan eremu eta geroa eraikitzen ari gara. Gaurko tresnak eta biharko Euskal Herria eraikitzen ari gara, egoera ezberdinak kontuan hartuz. Esaterako, apirilaren 23an iraganen diren ihardunaldi sozio ekonomikoetan, hainbat arlotan -osasungintzan, lanbide formakuntzan, enplegu bilatze arloan...- mugaz gaindiko egoera aztertuko dugu eta egitasmo bateratuak gauzatzen hasiko gara. Prekaritatearen aurkako borroka, lanaldiaren murrizketa eta aberastasunen banaketa ditugu lan ardatz nagusiak. Halaber lanean ari gara AC! izeneko langabetuen elkartearekin eta urtero, sasoilariak informatzeko eta haien eskubideen defentsan laguntzeko kanpainak burutzen ditugu. Eta noski, egituratzen segitu behar dugu bai eta langileen eskubideen aurkako erasoen aurka ere.

Iparraldeko LABek zer aldarrikatuko du maiatzaren 1 honetan?
Aurtengo maiatzaren 1a testuinguru guztiz berezian kokatzen da: alde batetik aipatu ditugun etengabeko erreforma anti sozialak eta Europako itun konstituzionalari buruzko herri galdaketa. Bestetik LAB Iparraldeko 5. urtemuga. Azken honi garrantzia eman nahi izan diogu eta honen kari gure lan ardatz nagusien inguruko ekitaldiak, biltzar publikoak antolatu ditugu bai eta ekintza batzuk ere. Bestalde, Europako konstituzioaren aurkako borroka garrantzi handikoa da eta lanean ari gara ezkertiar orok, abertzale orok ezetz erran dezan langileen, herrien, emazteen eskubideak ukatzen dituen itun honi.


Azkenak
2025-01-19 | Urtzi Ugalde
Agur, amatxu

Hauek izan ziren nire azken hitzak zure lo arnas sakonean eskutik helduta ginela joan zinenean. Aparteko minik gabe, xume, duin, geratu zen betiko zure bihotza. Zuk nahi eta eskatu bezala. Guk nahi eta errespetatu bezala.

Jada hilabete, neguaren atarian, gaurik luzeenak diren... [+]


Amatasunaren giltzarik gabe

AMAK
Konpainia: Txalo teatroa.
Sortzailea:  Elena Diaz.
Zuzendaritza:  Begoña Bilbao.
Aktoreak: Intza Alkain, Tania Fornieles, Oihana Maritorena eta Iraitz Lizarraga.
Noiz: urtarrilaren 10ean.
Non: Itsas Etxea auditoriumean... [+]


Bayrouren aurkako zentsura mozioak porrot egin ondoren, Herritar Fronte Berria zatituta dago

Ostegun arratsaldean egin dute bozketa eta, aurreikusitako moduan, François Bayrou lehen ministroaren aurkako zentsura mozioak ez du aurrera egin. Izan ere, eskuin muturreko Batasun Nazionalaren sostengurik gabe, ez zuen aurrera egiteko aukerarik.


2025-01-17 | ARGIA
Hasi da denboraldia, Saizarren eta Alorrenenean txotxa irekita

Asteazkenean egin zuten ekitaldia Astigarragako Alorrenean, Sagardoaren Lurraldeak hala erabakita. Ostegunean egin du txotx hasierako festa propioa Usurbilgo Saizarrek.


Iruñeko Erorien Monumentuaren eraispena eskatzeko manifestazioa egingo dute larunbat honetan Iruñean

Talde memorialistek deitutako manifestazioa Erorien monumentuan hasiko da 18:00etan eta Gazteluko plazan bukatuko da. Amaierako ekitaldian El Drogas, Gran Ritxarson, Ilargigorri eta La Chula Potrak esku hartuko dute, besteak beste. Gaia orokorrean nola dagoen azaldu dugu... [+]


2025-01-17 | Oihane Artetxe
Urratutako haurtzaroa: indarkeria instituzionala gure testuinguruan

Gaur egun, emakumeen eta haurren ahotsei zilegitasuna kentzen dien kulturaren arrastoak diraute, haien esperientziak isilaraziz, haien oinarrizko eskubide eta beharrak minimizatu edo alde batera uzteko joera duen sistema baten barruan. Arazo horren adibide mediatiko bat Juana... [+]


2025-01-17 | ARGIA
Spoiler, gurasokeria, ziborg, santujale eta guakamole, Euskaltzaindiaren Hiztegiko azken eguneratzeen artean

2024ko bigarren seihilekoaren lanaren emaitzak jaso ditu Euskaltzaindiak. Forma berriak eta aurretik zeudenen osatzeak aurkeztu ditu. Forma berrietan, oraingoan, batez ere, sukaldaritzako hiztegia landu dute. EITB eta Berria-ko edukiak hartu dituzte iturritzat.


Jesus Carrera “diktadurak sortutako egoera bidegabeen biktimatzat” aitortu du Hondarribiko udalak

Jesus Carreraren erailketaren 80 urteurrenean udal adierazpena plazaratu dute Hondarribiko udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek.


Tokiko espezieekin osatutako basoa landatzeari ekingo diote igandean Arrankudiaga-Zollon

Lursailaren jabeak hitzarmena sinatu du Lurgaia Fundazioarekin eta Sagarrak talde ekologistak deialdia zabaldu du landaketara batzeko. Zaraobe Institutuko ikasleak asteartean aritu ziren zuhaitzak landatzen.


2025-01-17 | Antxeta Irratia
Dagoeneko 1.000 autoinkulpaziotik gora bildu ditu J’accuse kanpainak

Irunen autoinkulpazio sinadurak biltzeko deia luzatu dute San Juan plazan urtarrilaren 18an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00era. Urtarrilaren 26an «modu masiboan» Irunen hasiko den manifestazioan parte hartzera deitu dute eragileek, «migrazio politika... [+]


2025-01-17 | Gedar
Soraluzen ‘desokupei’ aurre egiteagatik deklaratu beharko du lagun batek

 Ekainaren 5ean bota zituzten Desokupacyl enpresako bi matoi Sorazuletik, eta bi pertsona identifikatu zituen Poliziak. Urtarrilaren 29an deklaratu beharko du haietako batek.


Ezezkoa eman dio Eskoriatza eta Aramaio arteko parke eolikoari Espainiako Gobernuak

Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demokratikorako Ministerioak atzera bota du Statkraf multinazionalak Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoa.


Bizkaiko Foru Aldundiko langileen eta euskararen alde elkarretaratzea egin dute Bilbon

Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bizkaiko Foru Aldundiko langileak elkarretaratzea egin dute langileen egonkortzearen eta euskalduntzearen alde.


Eguneraketa berriak daude