Aste bat gutxi da Berlin bezalako hiri eder bat behar bezala ezagutzeko, baina niri harresiak eta hautsontziek piztu didate arreta.
Harresia bota zutela aurki izango dira 16 urte, baina harresiaren presentzia ikaragarria da Berlinen, "ikaragarri" hitzaren adiera bietan. Aspaldi eraitsi zuten, baina hiria bitan zatitzen zuen harresia da, oraindik ere, Berlinen bihotza.
Hautsontziei dagokienez, salbuespena da Alemania mendebaldeko herrialde aberatsen artean. Noranahi zoazela, nonahi sartzen zarela, ez duzu aldean hautsontzirik faltako. Erretzaileen paradisua da Alemania.
Gurean, berriz, bateratsu ari dira hautes-ontziak ugaltzen eta hautsontziak bakantzen. Hirutan banatuta gauzkaten harresiei dagokienez, Pirinioak baino gotorragoak dira legeak ezartzen dituenak. Baina bada beste harresi bat ere, martxa honetan denetan gaiztoena bilaka daitekeena: hautes-ontziak metatuz sortzen ari zaiguna/garena. Eta beldur naiz, harresi hori desegin ezean ez ote ditugun aurki hautes-ontziak herri-errautsez beteak izango.