argia.eus
INPRIMATU
Baigorriko zubiaren bi aldeak
2007ko otsailaren 21
Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak eta astebetera, beste hitzordu garrantzitsua izan dugu euskal herritarrek. Izan ere, igande honetan, 27. aldiz, nafarren eta, beraz, euskal herritar guztion topagune bihurtu da berriro ere Baigorri. Ohi bezala, apirileko azken eguna baliatu du Basaizea elkarteak Nafarroaren Eguna ospatzeko, eta muga guztien gainetik, beste behin, nafar eta euskaltzaleen bilgune bihurtu da herria.

Garrantzitsua iruditzen zait nabarmentzea, aurten, hitzordu hau EAEko hauteskundeak eta hurrengo igandean egokitu dela. Izan ere, batzuei, akaso, oraindik ere gogoratu egin beharko zaie zuhaitzaren adar bat ez dela zuhaitz osoa, batzuetan hostotsuena iruditu arren. Zuhaitza bere osotasunean ikusi ezean, herriaren gorputza itzalpean uzteko arriskua izaten baita.

Egunotan, asko ari da hitz egiten hauteskundeetako emaitzei eta hurrengo mugimenduei buruz. Inoiz baino gehiago, gobernua osatzea, bakegintza eta normalizazio politikoa elkarren ondoan ageri dira, lotuta ez badaude ere, alor batean urratsak alde batera edo bestera emateak beste alorretan ere eragingo duela nahikoa nabarmena baita. Egoera horretan, herri hau administratiboki erabat zatituta dugula eta puska bakarrerako irtenbideak ez duela ezer konponduko gogoratu behar da. Nafarroaren Egunak berak agerian uzten du mugen gainetik bihotz eta hizkuntza bera duen herri bat badela. Eta herria eta hizkuntza, gorputza eta bihotza, bereizi ezin diren bezala, ez du zentzurik zatikatuta dagoen gorputzaren atal bat soilik sendatzeak. Zuhaitza bakarra da. Primaderari abestu behar badiogu, adar guztiak hostotsuak izan daitezela. Zaindu ditzagun guztiak, beste behin akats zaharrak berritu gabe.

Hala ere, zaintzaile askorik gabe, naturarekin bat egin eta enbor beretik zuhaitz adaxka gazteak sortzen eta kolorez beteta agertzen ederki dakitela erakutsi dute nafarrek urte askoan. Eta Baigorri da horren ispilu. Gurasokeriarik ere ez baitu behar herri honek. Orain hostotsu dauden adarrak ez baitira besteak baino gehiago, ongarri gehiago izan duten arren.

Hori guztia gogoratzeaz gain, aurten, gainera, ohikoez gain, beste bi arrazoi sendo izan ditugu euskal herritarrok apirileko azken igandean Baigorrira joateko. Larunbatarekin, Baigorriko artzain laborari eta abeslaria omendu zuen Basaizeak. Erramun Martikorenak agur esan baitie oholtzei, hainbat eta hainbat urtez herriari, primaderari, lurrari eta laborariei kantari aritu ondoren. Baigorriko elizan merezitako omenaldia jaso zuen Erramunek, eta haren omenez abestu zuten Niko Etxart, Pantxoa eta Peio, Anje Duhalde, Joseba Tapia edota Mikel Markezek, beste hainbaten artean.

Halaber, Erramunek kantuen bidez ezagutarazi dituen Baigorriko bazterrekiko kezka ere agerian utzi du Basaizeak egunotan. Lurraren eta etxebizitzaren arazoa azken urteotan ate joka heldu da Baigorriko kantonamendura ere, eta espekulazioaren hatsa ere hurbiletik sentitzen dute dagoeneko. "Etxebizitzak gero eta urriagoak dira, eta kanpoko erosleek prezioen emendatzea eragiten dute" diote, eta hori gogorarazteaz gain prezio apaleko etxe duinen aldarria igandean Baigorriko karriketara ekarri zuten.

Asko izan ziren, bada, pasa den asteburuan Nafarroaren Egunean izateko arrazoiak. Baigorriko begi bakarreko zubiak bi aldeak batzen dituen bezala, itsasaldeko eta barrualdeko nafarrak elkartu ginen. Lagun giroan. Bezperan, Gracieren haurrak bihurtuko ginen berriro ere, adiskidetasuna ostatutzat hartuta. Larre berdeak, etxe zuri teila gorriak, eta jendarme autoak bidean, bildots artean pasatzen ikusi genituen. Eta Martin Larralde ere falta dela oroituko genuen.

Postal batzuk baino askoz gehiago baita Baigorri.