argia.eus
INPRIMATU
Osasuna: Pixak ihes egiten badizu...
Jabier Agirre 2021eko uztailaren 27a
Pixaren inkontinentzia esaten zaionak »pixak ihes egiteak» jatorri ugari ditu, eta baita tratamendu diferenteak ere. Maskuria sabelaren behealdean kokatutako organo hutsa da, giltzurrunetan sortu den pixa bildu eta gordetzen duena. Pixa egiteko prozesuan maskuriko muskuluek likidoa kanporantz bultzatzen dute, esfinterraren presioa gaindituz. Baina prozesu horren kontrola galtzen dugunean, pixa maskuritik atera egiten da, guk nahi gabe, eta orduan inkontinentzia edo gernu-ihesa gertatzen da.
Adituek bi inkontinentzia-mota bereizten dituzte: esfortzukoa da bata, maskuriaren presioak, ariketa fisikoa egiterakoan adibidez, uretraren presioa gainditu eta pixa kanpora ateratzen denean. Horrelako inkontinentziak gehiago izaten dira emakumeetan, eta eztul edo barre egite hutsarekin pixa galtzera irits daitezke. Bigarren kasuan, urgentziakoa esaten zaionean, bat-batean pixa egiteko gogo handia izaten da, eta pixak ihes egiten du.
Dena dela, gai honen inguruan informazio-falta handia dago. Hona hemen aholku sinple batzuk:
- Sintomak agertu bezain laster medikuarengana jo, diagnostikoa egin eta tratamendu egokia agintzeko. Kausarik ohizkoenetakoa infekzioa izan daiteke.
- Maskuria kontrolatu. Pertsona askok teknika jakin batzuei esker berreskuratzen dute galdutako kontrola: esate baterako 2-3 ordutik behin pixa egin eta maskuria nahiko hutsik edukitzea.
- Tratamenduak. Era askotakoak izan daitezke, maskuria estimulatuz eta berreziz, farmako edo botikekin, baina kasuak behar izanez gero, baita kirurgia erabiliz ere.
- Topikoetatik ihes egin. Inkontinentzia ez da emakumeen kontua bakarrik, gaixoen % 30 inguru gizonezkoak baitira; ezta zahartzaroan beti agertzen den zerbait ere, badirelako ariketa fisiko bereziak, pelbiseko muskuluak indartzeko, eta pixaren ihesak saihesteko.
- Ez isolatu. Bizi-kalitatea hobetzeko badira xurgatzaileak, eta baita barruko arropa bereziak ere, pertsona eroso egoteko, eta bizimodu sozial aktiboa egiteko.
- Edariak. Maskuria narritatzen duten edariak (kafeina dutenak) gutxitu, eta behar adina likido hartu (egunean 8 bat baso), pixa gehiegi kontzentratu ez dadin.
- Informazio gehiago telefono honetan: 900 501 227 (CEIN, Inkontinentziaren aurkako Zentroa).