argia.eus
INPRIMATU
Nekane Ibarruri berriak?
Jexux Mari Irazu @jexuxmariirazu 2007ko otsailaren 21
Emakume eta gizonen berdintasunerako legeak generoaren araberako parte-hartze kuotak finkatu ditu aginte organoetan, besteak beste. Hala, Jaurlaritza berrian gutxienez %40 emakumeak dira izatekoak. Aspaldian, ordea, berdintasun gutxiko hauteskunde gehiegi izaten ari dira eta horrek zenbait mugimendu ere ekarri ditu. Beharbada, gai horrek duen pisu politikoa eta eskubide zibilak ukatzeak suposatzen duena kontuan izanda, analisi-eremu horrez kanpoko detaileak axaleko kontsidera litezke. Baina, atentzioa deitzen du ilegalizazioen ondorengo urteotan sektore sozial horietan emakumeak hartu duen -edo eman zaion- protagonismo publikoak. Aukera Guztiak plataformarena izan gailurra. Hiru zerrenda buru eta hirurak emakumeak. Garbitasuna ez da nonbait gizonezkoona? Justizia emea izaki, elkar hobeto ulertuko zutelakoan? Ez, itxura. Hori bai, plataformari hasierako bedeinkazio publikoa, batez ere, gizonezkoek eman zioten eta gizoneko baten ahotik. Orain komunistek ere emakumea jarri dute buru. Dolores ez, Nekane. Oraingoan ere gizonezko baten ahotik etorri da bedeinkazioa. Lerrook idatzi ditudanetik irakurtzen ari zarenera aldaketarik egon ez bada behintzat, laster ikusiko dugu igitaia eta mailuari nork heltzen dien kirtenetik.