argia.eus
INPRIMATU
Makina bat kontu
Joxerra Aizpurua Sarasola 2007ko otsailaren 21

Koral-arrezifeen soinu erakargarria

itsasoan murgiltzen direnei oso isilak iruditu arren, uste baino soinu gehiago daude koral-arrezifeetan. Stephen Simpson-ek zuzendutako ikerlari-taldeak azaltzen duenez, soinu horiek oso lagungarri dira arrain gazteentzat orientatu ahal izateko. Arrautzetatik larbak jaiotzen direnean, itsas korronteen menpe geratzen dira, baina larbak arrain bihurtzean gai izaten dira bertako soinuak entzuteko eta arrezifeetara itzultzeko.
Emaitza hauetara ailegatzeko Australiako itsasoan 24 koral-arrezife faltsu sortu zituzten, eta berauetan bozgorailuak jarri. Bozgorailuetatik soinu desberdinak igortzen ziren, hala nola, algek bere higidurarekin sortzen dituztenak edo hainbat krustazeok bere pintzekin egiten dituztenak. Ondorioa izan zen gero eta arrain gazte gehiago hurbiltzen zirela arrezife faltsura. Erakarritako arrainetatik gehientsuenak apogonidoak edo pomazentridoak ziren. Lehenek soinu bereziekiko erakargarritasunik ez zuten bitartean, bigarrenek frekuentzia handiko soinuak zituzten gustuko.
Une honetan, Stephen Simpson eta lagunek Ormuz-eko itsasartean jarraitzen dituzte beren ikerketak, baina oraingoan itsasontzi erraldoien zaratak zein neurritan eraldatzen duten arrainen ibilbidea da aztertu nahi dutena.


Erresonantzia magnetiko nuklear eramangarria

Medikuntzan egin bada ere ospetsu, erresonantzia magnetiko nuklearra (EMN) aurretik fisikan eta kimikan oso erabilia zen molekulen egitura atomikoa aztertzeko. Ikerlariek aspaldi amesten zuten laborategiko tresneriarekin kalera ateratzea, baina orain arte ezinezko zen izugarrizko aparatuak erabiltzen baitira EMNak egiteko. Berriki Science aldizkarian argitaratu denez, ikerlari alemanen eta estatubatuarren taldeek EMNen aparatuak miniaturizatzeko lehen urratsa eman dute eremu magnetikoen aldaketak zuzenduz. EMNren oinarria hauxe da: molekulak eremu magnetikoaren pean jarri eta atomoak iparrorratzaren gisa hasten dira mugitzen eta mugimendu horretan emititzen dituzten irrati-uhinak erregistratzen dira. Eremu magnetikoak egonkorra behar du izan eta ekipoa txikitzean oso zaila gertatzen zen egonkortasuna mantentzea. Baina alemaniako Aix-la-Chapelleko Unibertsitateko Bernhard Blumich-en eta Kaliforniako Berkeleyko Unibertsitateko Alexander Pines-en taldeek lortu egin dute. Epe motzean izugarri zabal daiteke sistema eramangarriaren erabilpena prospekzio geologikoan, industrian kalitate-kontrolean edo medikuntzako diagnosietan.