argia.eus
INPRIMATU
Landareak: Barrabilak loretan
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21

Landareen munduan sendirik zabalenetakoa da orkidearena, 25.000 senide baino gehiago ezagutzen dira. Gure arteko orkideak loratzen hasi dira. Zibilizazio handienek bere izan dute orkideekiko gurtza: Txina, Mexiko, Grezia... Azken honetan Aristoteleren ikasle Teofrastok jaso omen zuen Orchys izena. Grekoz orkis hitzak barrabila adierazten du, orkidea lurtarrek duten sasierraboila parea eta lore gararen zakilaren antzagatik, itxuraz. Lurtarretaz gain, lurpekoak, epifitoak edo beste landareen gainean bizi direnak, litofitoak edo harkaitzaren gainekoak, saprofitoak edo inorkinaren bizkar bizi direnak ere badira... Munduko lur hotzenetan ez beste guztietan badira orkideak, milimetroko loreak dituztenetatik Machu Pichun lau metroko lore-garak ematen dituztenetarainokoak, nanoak eta tonak pisatu ditzaketenak.
Orkidea landareen artean aurreratuenetariko familia da. Ikaragarrizko espezializazioak landu ditu 65 milioi urtetako bilakaeran: polinizatzeko intsektu eme jakinen berdinak diren labeloa duten loreak, elikagaiak eta ura jaso eta egoki erabiltzeko sistemak... Horiek sendi honen oparotasunaren kakoak... Horiek eta onttoak eta hibridazioa. Bere artean hibridatzeko, sexualki nahasteko, izugarrizko erraztasuna dute orkideek. Ernalketaren ondoren lore bakoitzak milaka hazi emango ditu. Hauek ttiki-ttikiak dira, inolako janari erreserbarik gabekoak eta ernetu eta bizi nahi badute ontto batzuekin tratua egin beste aukerarik ez dute: gehienetan Rhizoctonia generokoa den onttoak landarea osatzeko adina elikagai gozo emango dio. Onttoek ekoitzitako azukreen nahi eta nahiezko parte hartze hau ezagutzen denetik lorategi botanikoetan eta bilduma pribatuetan ehunen bat mila hibridotik gora sortu da.
Aztekek bere txokolate famatua gozatzeko erabiltzen zuten bainila sonatua orkidea baten fruitua da, mundu osoan sendagai, Europan sexu grina pizteko edabetarako eta kafea ekarri aurretik ehotuta infusioan hartzeko, Filipinetan xextogintzan, Ginea Berrian musika tresnak egiteko, lurpean dituzten "barrabilak" jateko Iraken eta Ipar Ameriketan goseteetan eta Turkian beste gose baterako, afrodisiako... Dagoeneko geurean lehenak loratzen hasiak dira, urria arte bat ez bada bestea topatuko duzu.