argia.eus
INPRIMATU
Juan Luis Goikoetxea: «Bizkaierak prestigioa ezagutu du azken hamabi urtean»
Miel Anjel Elustondo 2021eko uztailaren 19a
Euskaldunaren anekdotak du izena argitaratu duzun liburuak. CD-ROMa ere osatu duzu, Iñaki Gaminde eta Udane Goikoetxearen laguntzaz. Anekdotak direla azpimarratu nahi izan duzu, ez direla ipuin...
Hori da. Liburuan kontatzen dena gertatua da, ez da asmatua. Idazlearen tentazioa ere bada, esaldia gehitzekoa, alegia. Esaldia gehitu bai, baina, hala eta guztiz ere, gertatua gehitu gabe. Kontalariari hitza hartu eta gaurkora ekarri dut nik. Hor badago norberaren eskua, jakina, baina normala da hori.

Idatzian datoz orain, liburuan, baina irratiz eman dituzu zuk lehenengo...
Bai, entzuleak entzun eta lehenengoan ulertzeko moduan. Irratian ez dago atzera joaterik, "ea ondo ulertu dudan...", ez, zuzenean jaso behar da mezua. Horretarako, errepikapena egongo da inoiz, idatzian behar ez dena. Ahozkotik belarrirako emanak dira anekdota hauek, nahiz eta liburuan idatziz agertu behar duten.

Egoki diozu liburuaren sarreran bertan: "Idatziz ahozkoari tolestu gatzaizkio"... Bestalde, anekdotak noizkoak diren aditzera eman nahian, diozu: "Gure aurreko euskaldunen berbak eta ekintzak, orduko gurdien irrintziak, amamaren moinoak edo mahaietako gose urteak ia desagertu direnean" gertatuak direla pasadizook. Garai bateko kontuak, beraz...
Batzuk bai, lehengoak dira, nik ezagutu ez ditudanak. Gerra nik ez dut ezagutu, adibidez. Gerrako kontuak direnean, Jon Lopategirenak sartu ditut, edo neure aitak kontatuak... Ezagutu ez dugun garaia da. Bada beste garai bat zaharragoa, karlismoraino doana. Frantziako gerrakoak kontatzen direnean, berriz, askoz atzerago goaz denboran. Hizkuntza ere askotan ordukoa da. Hor dauden esaldi batzuk orain dela ehun eta berrogeita hamar urtekoak dira. Ordutik datoz. Gertaerak hizkuntza bat dakar eta, horrekin batera, kultura bat. Bilboko Gran Via-n behia hartuta ibiltzea, adibidez, guri harrigarri egiten zaigu baina ez da urterik hori izan dela. Lastimagarria da mundu hori -gertatua, hizkuntza, kultura-, galtzea. Guk aita Zavalak idatziz egin duena, hain ondo egin duena, eta Iñaki Gamindek era digitalizatuan, egin behar dugu: jaso, bitartekoak ere baditugu eta. Horretan saiatu naiz ni, mundu hori kontatzen, umore ukitu batekin betiere.

Tartean sartu dituzu urruneko kontuak: AEBetako euskaldunen anekdotak, atzerrian ibilitako puntistenak eta abar.
Nekazari-giro hori ez beste ere nahi nuen. Globalizatuak garela esaten dugunez, Euskal Herriko bi munduak kontatzen ahalegindu naiz. Bestela, ematen du beti tribuan geratzen garela. Arlotekeria ere ez dut nahi izan eta, horretarako, hemengo gertaera bati Boise-n edo Hong-Kong-en gertatutakoa ezarri diot alboan. Gu munduko parte gara, ez besterik. Normaltzat hartu behar dugu hori. Katea telebistakoak mugitzen ditugu eta Irakeko gerratik Ondarroako arrantzaleetara pasatzen gara, eta Ondarroako arrantzalea Senegalgoa da eta horrela.

Herri-jakintzatik hainbat du liburuak. Edo etnografiatik, ahozko literaturatik... Zein zenuen liburu honen helburu?
Ezin gorderik edukitzen den zerbaiten berri eman nahia...

Liburuan bada esaera bat hori biribil esaten duena: "Batutzaileak hurrengo dau banatzailea"...
Gure amak erabiltzen duen esaera da hori. Diruagatik esaten da berez, baina kasu honetan beste zera bati dagokio. Bilketa lana egina nuenez, hurrengo galdera zen: "Eta zer egingo dut bilketa honekin? Ze modutara jendetaratu?". Hor Bizkaia Irratiaren eskaintza etorri zitzaidan eta, haren jarraipen, liburua eta CD-a egin ditugu. Liburuari dagokionez, edonork irakurtzeko moduko liburua egin nahi izan dut, eta badakit liburu honen irakurleen artean badirena inoiz libururik irakurriko ez dutenak ere. Ondo dakit hori, zazpi ezagutzen ditudalako!

Ahoz bildu dituzu anekdotak, baina bizkaiera literarioan eman dituzu idatzi behar izan dituzunean. Ze leku du bizkaierak euskaldunon gizartean?
Hemengo gizartearen azterketa egin beharko genuke horretarako, eta badakigu ze sakabanatuta dagoen. Sakabanaketa administratibo horrek eragin handia du hizkuntzan. Bizkaierak prestigioa ezagutu du azken hamabi urtean, prestigio naturala. Guk uste dugu horrek mesede handia egiten diola euskara batuari, bata bizirik egotean, bestea ere piztu egiten da eta. Batua ondo egoteak bizkaierari mesede egiten diola ez dago esan beharrik ere. Euskara bat da. Lehen egiten zen galdera: "Eguneroko komunikazioan, zergatik ez duzue erabiltzen zeuen hizkera, euskalkia?". Gaur egun, hori irabazi da. Joan den hamar urte honetan, batetik bizkaieraz idatzi dena dago eta, bestetik, ahoz, naturaltasunez, erabili dena. Larrabetzukoak Ondarroakoari Larrabetzuko euskaran egitea, hori irabazi da. Orain dela hamabost urte -ikasketak euskara batuan egindako belaunaldikoek-, batuan egingo zuten. Alde horretatik, naturaltasunean irabazi da. Bestalde, lehen isilik egon diren formak eta esapideak euskara batura etorri dira urte hauetan. Hori ere mesedeko da. Hala ere, beti dago mesfidantza bat, ze euskalkia beti euskalki izango da, eta euskara batua beti batu. Beti dialektika bat dago hor, eta bizkaieraz eta euskara batuan, bietan lanean dabilena deseroso dabil askotan. Erosoena "bat hartu eta kito!" esatea izango litzateke, baina nire joera dialektika horretan ibiltzea da: hemendik hartu, handik hartu... eta batzuetan deseroso da, ez gogo aldetik, corpus aldetik baizik: zalantza.

Komunikazioak dituen berezko zailtasunak batetik, eta hitzen formari buruzko zalantzak bestetik...
Bai, hitz batzuk hiztegian dira, baina beste batzuk, inoiz jaso ez direnak dira...

Eta nola eman horiek?
Baturantz eginda. Zalantza denean, baturantz jo beti. Euskara batua da gure eredua. Baina, lehia bat ere bada. Alegia, hitz bat guztiz euskara batura aldatu eta batzuetan zentzua galtzen du. "Beraz" esateko, adibidez, «halandaze» erabiltzen dugu bizkaieraz. Andolin Eguzkitzak halandaze, dena batera idazten zuen, baina Labayruk halanda ze erabiltzen du, hitz bitan... Zalantzak, beraz. Euskaltzaindiak erabakia duenean, hari jarraitu eta kito; hark agintzen duen forma da zuzena, baina inoiz idatziz jaso ez diren hitzak, nola idatzi? Orduan ez daukazu forma zuzenik eta letraz letra jardun behar du norberak: idaztea artisautza da orduan. Euskalkian idaztea artisautza da askotan.