argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Katixa Garate 2021eko uztailaren 27a

Liburuaren Eguna

Ekitaldi mordoa izango da apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko: azokak, hitzaldiak... Hizpide egokia litzateke egun horretarako Joan Mari Torrealdaik Jakin aldizkarian euskal liburugintzaz kaleratu duen azterketa. 2003an 1.945 liburu argitaratu ziren euskaraz nahiz ele bitan, 2002an baino 312 gehiago. %41 hezkuntza eta irakaskuntza arlokoak ziren, %20 haur eta gazte literaturakoak, %18 giza eta gizarte zientziakoak eta %12 helduen literaturakoak. Torrealdaik azterketan aipatzen duenez, tituluek gora egin dute, baina tiradek behera eta kezkagarria da hori. Alde ilunen artean, argitaletxeen atomizazioa, berrargitalpenen eskasia, helduen literaturaren beherakada... aipatzen ditu. Cervantesen eta Shakespeareren heriotza egunaren urteurrenean, klasikoen lanak irakurri nahi dituenari lagungarri izango zaio Klasikoen Gordailua (www.armiarma.com/klasikoak). Patxi Salaberrik zuzendutako Euskal Testuen Gordailua oinarri hartuta, Erdi Arotik 1936ko Gerra bitarteko euskarazko liburuak jarri ditu bertan Susa argitaletxeak.


Musika Bestak Biarritzen

Musika izango da nagusi Biarritzen apirilaren 24a bitarte, Musika Bestak jaialdiaren karietara. Musika klasikoa gailenduko den arren, izango da jazza eta doinu berritzaileagoak entzuteko aukerarik. Oldarra abesbatzari egindako omenaldiarekin abiatuko da jaialdia asteazkenean. Oldarra abesbatzak, Biarritz baletak eta Kili Kolo zirku taldeak kabaret kutsuko ikuskizuna eskainiko dute Kasinoan. 21ean, Roberto Plano piano joleak Hego Ameriketako konposizioak interpretatuko ditu leku berean. 22an Parisko Orkestraren emanaldia izango da Gare du Midin, Michel Plassonek zuzenduta. Larunbatean, Lausanneko Camerataren saioa izango da Kasinoan eta bukatzeko, Thierry Caens tronpeta jolea eta Richard Galiano soinu jotzaileak jazz emanaldia eskainiko dute Marion aintziraren inguruan.


Ipuin kontalarien jaialdia

Ahozko tradizioko ipuinak, egile garaikideenak, pasadizoak, asmatutakoak... denetarik entzun ahal izango da apirilaren 28tik maiatzaren lehena arte Munduko Kontu Kontalariak jaialdian. Afrika, Hego Amerika, nahiz Espainiako Estatuko zazpi ipuin kontalari izango dira kontu kontari Elorrio, Zornotza, Durango, Mungia, Markina, Bermeo, Elgeta eta Agurain herrietan: Chati Calvo (Aragoi), Quico Cadaval (Galizia), Rubén Martínez (Venezuela), Mercedes Carrión (Peru), Marta Escudero (Mexiko), Willo (Kolonbia), Boni (Kamerun).


Periferiak hirugarrenez

Kultur sortzaile ugari bilduko ditu Bilbon eta Donostian Periferiak ekimenak. Hirugarren aldia du aurtengoa kultur topaketa berezi honek. «Periferiak gauzak inguratzen dituen begirada bat adierazten du. Egunero gure oraina egiten eta desegiten duten egia-jokoetako erreskatea ere bada. Memoria periferikoak esperientziaren denbora berreskuratzen du, eta aurre egiten dio solas ireki bati», diote antolatzaileek. Hitzaldiak, kontzertuak, dokumentalak antzerki emanaldiak Bilboko zubietan... ekitaldi andana izango da; Bilbon apirilaren 22tik maiatzaren 1a bitarte eta Donostian maiatzaren 16tik ekainaren 2a bitarte. Besteak beste, Belén Gopegui, Dora Salazar, Antzerkiola Imaginarioa, Anari, Angela Davis eta Santiago López izango dira topaketetan. Informazio gehiago www.periferike.org helbidean.


Aztekak hobe ezagutzeko

Azteken zibilizazioari buruzko erakusketa handia paratu du Bilboko Guggenheim museoak. Europako eta Ameriketako hainbat herrialdetako bildumetatik jasotako seiehun pieza jarri dituzte ikusgai. Azteken Inperioaren hasieratik gainbeheraraino, hamaika eremutan banatu dituzte piezak. Ez da inoiz aztekei buruzko halako erakusketarik antolatu, bertan dauden artelanak berrogeita hamarretik gora erakundetan sakabanatuta zeuden-eta. Irailaren 18a arte izango da zabalik.

* * * * * * * * * * * * * * * * * *

Pirateriaren Aurkako Plana onartu berri du Espainiako Gobernuak. Hala, lan taldea sortuko du propio pirateriaren aurka »top mantakoa nahiz Internet bidezkoa» neurriak har ditzan. Halaber, sentsibilizazio kanpainak jarrriko ditu martxan Planak, gazteei zuzendutakoak gehienak. Espainiako Internauten Elkartea eta Kontsumitzaileak Martxan aurka agertu dira, besteak beste.

Pottery café kafetegi artistikoa. Trago bat hartzen ari zarela eskulanak egiteko aukera ematen du Donostian (Benta Berri) dagoen kafetegi-tailer-dendak. Izan ere, zeramikazko piezak (kikarak, gatzontziak, platerak... ) margotu daitezke bertan. Piezak aurrez egosita daude, beraz, bezeroak hura margotzen du eta ondoren bigarren aldiz egosten dute Pottery caféko labean. 10-25 euroko prezioa dute piezek eta labean 24 orduz izan ondoren, etxera eraman ahal izango du bezeroak.

Ohitura eta praktika kulturalak neurtzeko inkesta egin zuen SGAEk Espainiako Kultura ministerioarekin lankidetzan, 2002ko apirila eta 2003ko martxoa bitartean. Hona 15 urtetik gorako 12.180 inkestatuen emaitzetatik eratorritako datu batzuk: %86,2k musika entzuteko ohitura du, %50ek disko bat erosten du urtean gutxienez eta %8,4 urtean behin doa gutxienez kontzertu batetara; %55,6k zinemara doala dio; %31,9 antzerkira joan ohi da; dantzari dagokionez, %8,3 doa soilik ikuskizunetara; opera eta zarzuela ikuskizunak, %5,7k eta %5,5ek ikusten dituzte, hurrenez hurren; %49,1 da ohiko irakurlea. Telebista da guztietan errege, %98k egunean 165 minutuz ikusten duela dio.