Egoera egonkorra, baina bozak dantzan


2021eko uztailaren 27an
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Eusko Legebiltzarrerako alderdien botoen bilakaera azalduko dugu jarraian. EAJ-EA koalizioak, 1988an, 458.957 boz lortu zuen, 2001ean 604.222 eta 463.873 2005ean. Bilakabide honetan boz kopuruari eutsi dio, baina, aurreko bozetako emaitzekin alderatuz 140.000 boz galdu ditu. PSE-EEk 220.052 boz lortu zuen 1998an. Orain lau urte 253.195 eta oraingo honetan 272.429. 50.000 boz irabazi du bilakabide horretan. PPren bilakaera hauxe da: 251.743, 326.933 eta 208.795 boz. Bilakabidean 50.000 boz inguru galdu du. Ezker abertzalearen bilakabidean berriz -aukerak aldatu direla kontuan hartuta-, honelakoa: EHk 224.001 boz bildu zuen 1998an, 143.139 2001ean eta EHAK-k 150.188 boz oraingoan. Aralar alderdiak -lehen aldikoz aurkeztu dena- 28.001 boz lortu ditu. Bi aukeren bozak batuta, EHAK eta Aralarrenak, 45.000 boz gutxiago bildu du oraingoan. Duela lau urteko emaitzekin alderatuta ordea, 40. 000 boz berreskuratu du. EBk 71.064, 78.862 eta 64.931 boz bildu ditu, hurrenez hurren. Bilakaera gorabeheratsua, aurrekoetan irabazi zuen halako bi galdu du oraingo hauetan. UA alderdiak 4.132 boz lortu du, eta besterik gabe, bilakabidean Legebiltzarretik desagertu da.

Ondorioz, Lizarra-Garaziko Akordioa indarrean izan zen hauteskundeetatik azken hauetara EAJ-EAk boz kopuruari eutsi badio ere »sendo egotetik indartsu egotera pasa zen lehen lau urtetan» Ibarretxe Plana tarteko izaki, ahulago agertu da 2005eko hauetan. PSE-EE da bilakabide honetan goranzko joera aurkitu duen bakarra, bozak irabazi dituen alderdi bakarra da, PPren bizkar irabaziak hain zuzen ere, beste alderdi konstituzionalistaren bizkar. PSE-EEk PPk galdu dituenak irabazi ditu; bilakaera horretan duela lau urteko inflexio puntua kontuan hartu behar da: PPk ordutik gaurrera Madrilgo Gobernua galduz batera, 120.000 boz galdu ditu EAEn. Ezker abertzalearen bi aukerak kontuan hartuta, duela lau urteko bozen beherakadari eutsi eta buelta eman dio nabarmen. EB da alderdi egonkorrena boz kontuetan.

Boz kopurua begiratzeaz batera, herritarren parte-hartzearen bilakaera esanguratsua da. Duela zortzi urteko hauteskundeetan EAEko %69,89k bozkatu zuen. Duela lau urte %78,97ak; oraingoetan, berriz, %69,0k. Azken zortzi urte hauetan, hamar puntuko bilakabide eta joera gorabeheratsu horrek ederki ondo erakusten du herritarren jarrera. Bozen bilakabideak eta alderdien indar korrelazioaren joera gorabeheratsuak bat egiten dute. Etorkizunean, abstentzioa hautatu duten herritarren bozak erabakiorrak izan litezke EAEko mapa politikoaren berrosatzeko.

Segidan, lurraldez lurraldeko emaitzei erreparatuko diegu, behako hurbilago batez, boz kopuru emaitza zaharrek eta berriek xehetasun gehiago eskainiko dutelakoan. Begirada hau azken bi hauteskundeetan baino ez dugu finkatuko ordea.



Araba

EAJ-EA koalizioak 51.601 boz lortu du oraingoan: %30,6 eta 9 eserleku. Hiru puntu jaitsi da portzentaian eta duela lau urte baino 13.000 boz gutxiago lortu du. Eserleku bat galdu duen arren, bera izan da alderdi irabazlea. PSE-EE 39.469tik 42.994ra igo da. Hiru mila boz irabazi ditu. Bost puntu irabazi ditu, eta bi eserleku. PPri hartu dizkio bi eserleku horiek. Aurreko hauteskundeetako emaitzekin alderatuta, bera da boz irabazle bakarra. PPk, bien bitartean, ia 20.000 boz galdu du, zazpi puntu. Beraz, konstituzionalistek 15.000 boz baino gehiago galdu dute. Koalizioak baino gehiago. Lurralde honetan, EHAK -ezker abertzalearen aukera- izan da beste irabazle nabarmena. Lurralde honetako laugarren indarra da, 14.810 boz irabazi ditu, bozen %8,4 lortu du eta bi eserleku. EHk, duela lau urte eserleku bakarra lortu zuen. EBk 3.000 boz galdu du, baina eserlekuari eutsi dio. Aralar alderdia urrun geratu da eserleku bat erdiestetik. 2.541 baino ez du lortu, bozen %1,5a; Legebiltzarrerako aukera politikoa izatetik urrun orainokoan. UA, 3.740 boz erdietsita ere, eserleku bat lortzeko behar diren 6.000 bozetatik urrun geratu da.


Bizkaia

EAJ-EAk irabazi du lurralde honetan ere. Alabaina, hemen ere, eserleku bat galdu du. 12 eserleku zituen eta 11 ditu orain, % 3 puntu eta 30.000 boz galdu ditu. PSE-EE da gehien irabazi duena: 2 eserleku; 4 zituen eta 6 ditu; 11.000 boz baino gehiago eta %5 puntu. Araban ez bezala ordea, eserleku horietako bat EAJ-EAri kendu dio eta bestea, berriz, PPri. PPk galdu du boz gehien: 32.000; bozen %6 puntu. Eserleku bat baino ez ordea. EHAKk 65.431 boz lortu du, bozen %10,1 eta bi eserleku. EHk lortu zituen bi eserlekuak atxiki ditu. Halaber, EHk baino 4.000 boz gehiago lortu du. Lurralde honetan ere, ezker abertzalearen aukera honek hobetu ditu aurrekoak. EBk eserleku bera beteko du. Nahiz eta 7.000 boz gutxiago eskuratu, ehunekoetan sostengu bera eskuratu du. Aralarrek 10.000 boz lortu ditu. Eserleku bat lortzeko behar diren 24.000tik urrun hemen ere.


Gipuzkoa

EAJ-EA irabazlea izanagatik, 12 eserleku izatetik 10 izatera pasa da. Galera handiena lurralde honetan jasan du, baita bozetan ere: 55.000 boz inguru galdu baitu, %6 puntu baino gehiago. %44,7tik %38,2ra jaitsi da portzentaian. Honetan eragin zuzena izan dute ezker abertzalearen aukerek lortutako emaitzek: EHAKk 5 eserleku lortu ditu eta Aralarrek 1. Lehenak 70.577 boz eta 15.173 bigarrenak. Bi aukera hauen artean, bozen %22,2 lortu dute: 6 eserleku. EHAK indar handiz agertu da lurralde honetan, zalantzarik gabe. PSE-EEk 4 eserleku zituen eta 5 ditu. Alabaina, 4.000 boz besterik ez ditu irabazi, %4 puntu. PPk galdu du eserleku hori, baina 30.000 boz baino gehiago galdu duela kontuan hartu behar da. Bozen galerak eta irabaziak ez dira proportzionalak, alegia. Kasuon, PSE-EEk etekin oparoa lortu du PPren bizkar. EBk 3.000 boz galdu du lurralde honetan, ehunekoetan eusten dio ordea.


Espainiako Kongresuarekikoak

Datu saltsa hau loditu edota argitu aldera, 2004ko Espainiako Kongresurako hauteskundeen emaitzetan azken begirada botako dugu. EAJk 420.980 eta EAk 80.905 boz lortu zituzten, orain biek elkarrekin: 463.873. PSE-EEk 339.751, orain 272.429. PPk 235.785, orain 208.709. Ezker abertzalearen HZk -boz baliogabetua- 91.978, EHAKk orain 150.188. Aralarrek 38.500 boto lortu zituen, orain 28.001. EBk 102.342 eskuratu zuen orduan eta orain 64.931. Datuen saltsa-maltsan aritzeak herritarren bozen joerak eta nahiak hautes-lapikoetako usainak hobekiago ezagutzen lagun gaitzake. Usainak usain eta usteak uste.

Aingeru Epaltza (idazlea): "Berdinketa teknikoa"
Miraz nago batzuen negarrez eta bertzeen algarez. PPk beheiti egin du, egia. Ezker abertzale desgisatuak, berriz, goiti. Egia biribila, hori ere. Eta hala ere, joan den igandeko hauteskundeen emaitzei ohartuta atera daitekeen ondorioetariko bat da Euskadiko euskal herritarren artean kasik 60.000 gehiago direla ETAko presoak kartzelan betikoz usteldurik ikusi nahi lituzketenak, haien berehalako askatasuna sinatuko luketenak baino.

Hamaika gogoeta egiten ahal da hilaren 17ko bozketaz. Banan-banan azter daitezke alderdi bakoitzaren emaitzak, eta arrazoi pisuak mamitu honen gorakada edo haren beherakada argitu beharrez. Kanpotik begiratuta, ordea »hala ari naiz», Erkidego Autonomoko gizartearen argazkia eskaini digute. Gizarte nekatu baten argazkia oroz gain. Gatazka politikoaren portreta ere badelako. Eta berdinketa teknikoa baizik ez da ageri irudi horretan. Berdinketa teknikoa baita, 25 urte eta gero, abertzaleak abertzale ez direnak baino guti batzuk gehiago baizik ez izatea. Politikariak kezkatzeko moduko itsumenak joak leudeke, hori ikusten ez balute.

Hauteskunde hauek ekar zezaketen emaitzarik gaiztoena lehengoa egonkortzea zen. Jarleku dantza tikia izan da, eta hura aski panorama azpikoz goiti iraultzeko. Ibarretxe Plana deiturikoa izan ezik, dena izanen da posible legegintzaldi honetan. Bai okerrena, bai hoberena. Bai gizarte-urraketa itzulezin bilakatzea, bai 25 urtez interes politikoek gibelaturik eduki duten bakebideari ekitea. Kanpainako egun hauetan entzun ditugunek halako zirrikitu bat uzten diote baikortasunari. Egoera politiko nahasiari aterabidea aurkitzeko beharra bultzagarri izanen ote da, bi, hiru eta are lau kantoiko mahai batera biltzeko? Bai agian. Nahas-mahasak, iluntasuna barik, argia ekartzen du zenbaitetan.

Eta gure politikoek lurraldetasunaren kontzeptua simetria bilakatzen jakiten badute, argi horren errainuak EAEtik kanpora bizi garen euskaldunok ere berotuko gaitu. Horren premia ere badugu.

Ezker abertzaleak bozak berreskuratu ditu hiriburuetan

Bilbo

EAJ-EA irabazle, baina... Koalizioa izan da bozkatuena hiri honetan, 70.723 boz bildu du. Alta, 2001ean baino 20.000 boz gutxiago bildu du. Euskal nazionalisten edo jeltzaleen hirian galera nabarmena. PSE-EE izan da boz gehiago bildu duen bakarra: 48.805; 5.000 baino gehiago 2001ean baino. PPk 46.557 atera duen arren, duela lau urte bildu zituen 71.030 haietatik oso urrun geratu da. EHAK izan da bozetan ondo paratuta jalgi den beste alderdia, 14.408 boz bilduz. EHk 13.852 boz bildu zuen aurrekoetan. Aralarrek 2.591 lortu du. EBk 11.621 lortu du, 3.000 boz galduz. Bilbo hirian, datu deigarria, alderdi konstituzionalistek alderdi abertzaleek baino boz gehiago bildu dute: 7.000 boz gehiago. Boz konstituzionalisten kopurua gainditu ahal izateko EBren bozak behar dira.


Donostia

Koalizioa garaile eta ezker abertzalea tinko. EAJ-EAk 32.767 boz irabazi du, alabaina, 15.000 galdu du 2001eko bozekikoan. Hiri honetan ere PSE-EEk bozak irabazi ditu narbarmen: 21.846 boz izatetik 23.808 izatera pasa da. Kontuan hartu behar da, berak kudeatzen duela bertako Udala. PP da beste alderdi galtzailea: 32.045 lortzetik 22.239 biltzera pasa da. San Gil lehendakari hautagaiak, bertakoa izaki, emaitza kaskarra lortu du. EBk 1.500 boz baino gehiago galdu du. Ezker abertzalearen bi aukerek kendu dizkiote bozak apika: EHAK-k 12.750 bildu du, EHek 12.426 bildu zuen aurrekoetan. EHAKk ondo eutsi dio erronkari. Aralarrek ere kopuru polita bereganatu du: 3.201 boz. Donostian boz abertzalea da nagusi. Alkatea artean, PSE-EErena da.


Gasteiz

PP galtzailea eta PSE-EE irabazlea. PSE-EE izan da irabazlea 35.892 bozekin; 3.000 boz irabazi du. PP, berriz, galtzailea. 2001ean baino 15.000 gutxiago lortu du. PPk Gasteizko Udaletxea eta Arabako Diputazioa kudeatzen dituela kontuan harturik, emaitza kaskarra lortu du. PPk Gasteiz jotzen du bere hiritzat eta Araba bere lurraldetzat. EAJ-EA ere ez da ondo paratua atera, duela lau urte baino 9.000 boz gutxiago lortu du. EBk ere galera nabarmena izan du: ia 3.000 boz. EHAKk 8.712 lortu du, EHek lortu zuen 7. 363 bozak gainditu du. Aralarrek, 1.750 boz lortu du. Ezker abertzalearen bi aukerek 10.462 boz pilatu dute. Edonola ere, konstituzionalisten bozak 70.000 dira eta indar abertzaleen eta EBren bozek batera ez dituzte 50.000 gainditzen hiri honetan.

Elixabete Garmendia (kazetaria): "Errauskine eta gazta"
Juan Jose Ibarretxeri izerdi tantak ikusi zaizkio hurbileko planoan, eta laster bota du, subkontzienteak eraginda seguru asko: "Merezi du izerditzeak". Maria San Gilek lausotuxe zeukan begitartea, kleenexa erabili berri balu bezala. Patxi Lopez beirazko igogailuan gora agurka, metafora zirudien bidaian. Javier Madrazok neurriko tonua erabili du, ez gora, ez behera. Aintzane Ezenarro pasatu egingo zen Kontxan bainua hartzeko proposamenarekin. Nekane Erauskini ezin izan diot bisaia ondo ikusi, La Casillako argiztapena ez baitzen telebistarako egokiena. Lasaitu ikaragarria hartuta zegoela iruditu zait, hori bai, Goierriko erara "do" eta "don"ka hitz eginez askatu denean.

Festazalea da bat, eta oportunista samarra. Sanferminetan iruindarra izan nahi luke, Iñauterietan tolosarra eta lekeitiarra Sanantolinetan. Gaur gauean berriz, EHAKekoa izan nahi luke batek, eta sentituko litzateke ipuineko Errauskine bezala, hankapean eta zarpail ibiltzetik, plazako eder eta miretsiena bihurtuta. Eta mendekua hartuko luke jasandako jipoi, irain eta gutxiespenengatik.

Festa gauetan, ordea, konturatzerako argitzen du egunak. Zortzietan zeukan jarrita lanarekin hitzordua Ibarretxek, zazpietara aurreratu zaio Patxi Zabaleta eta berandu arteko beta hartu du Arnaldo Otegik. Ordu batzuk gorabehera, xanpainaren eta ozpinaren lurrinak ezkutatzen direnean, hotz-hotzean, izerdia eta malkoak xukatuta, itsasoko kresala garbituta eta tenplea berdinduta, hasi beharko dute taxuz maneiatzen apirilaren 17ak ondutako gazta zapore anitz hori.

Bitartean ebidentzia bat daramat ohera: errealitatea egoskorra dela gero, eta ostrukarena egiteak ez duela balio lege eta bitarteko guztiak horren zerbitzura jarrita ere.

Baleren Bakaikoa (EHUko irakaslea): "Legeek ezin dute errealitatea ezkutatu"
Partidu Popularrak uste zuen alderdi bat legez kanpo utzi ondoren ezker abertzalea desagertuko zela. Bai, erakunde politikoetatik desagertu da, baina gizartean hor dirau. Horrela, PSOEk ireki duen zirrikitu interesatua zuhurki erabili ostean, Guadiana bezala agertu da eta ordezkaritza sendoa lortu du. Hala ere, ETAren itzala urrun zegoenean, ordezkaritza hori oparoagoa izan zen. Beraz, ezker abertzale ofizialak jakin badaki ETArengandik urrundu ahala, espazioa irabazten duela eta irabazten jarraituko duela erakunde armatua desagertzen denean eta borroka zibilari betirako bidea uzten dionean. Une ezin hobea dela deritzot ETArentzat irteera duin bat aurkitzeko, diren gehienen argazkia hor baitago.

Itxarotako sorpresa izan da Aralarrek bere ordezkaritza lortzea, oztopo guztiak gainditu ostean. Zalantzarik gabe, ezkerretik Gipuzkoako Biltzar Nagusietan Ezenarro andereak egin duen lan bikainaren saria dela esan dezakegu. Orain, Legebiltzarrean erakutsi beharko du berak dakien hori guztia, beste ezker abertzalearen ordezkari garrantzitsua bilakatu baita.

Zalantzarik gabe, galtzailea EAJ-EA koalizioa izan da. Ibarretxe jaunak ez du jakin transmititzen bere planaren onurak, ez bere alderdiaren barruan, ezta ere kanpoan. Bestalde, gizarteari zaila egiten zaio ulertzea behin eta berriro aitortzea herriak izango duela azken hitza eta bien bitartean bere gobernukideek, kontseilariek, Abiadura Handiko Trena, Pasaiako Superportua, Saihesbide erraldoiak, Zornotzako zentrala, Ertzaintzaren jokaera eta abar gauza guztien gainetik egin behar direla azpimarratzea, iritzi ugariei jaramonik egin gabe. Beraz, proiektuak, edozein izanda ere, negoziatu beharko dituzte, sentsibilitate guztiak kontutan hartuz.

Ezker Batuak bere espazioa mantendu du, bere lan txukunaren sari gisa. Pentsatzen dut aukerak irekita geratzen direla ezkerreko politikak sendotzeko, Legebiltzar honen joerak ezkerrera egin baitu hauteskunde hauetan. Ea egiaztatzen den!

Alderdi Konstituzionalistek gora egin dute, garaile garbia PSE izan baita EHAKrekin batera. Horretan ez dago dudarik, nahiz gorakada hori ez den hain espektakularra izan. Espainiar eta euskaldun izan nahi dutenak hor daude, baina gutxiengoa izanik ezin dute jarraitu, estatuaren babesarekin, euskal gizartearen gehiengoaren borondateari irteerak ukatzen.

Beraz, euskal gizartearen argazki nahikoa erreala islatuko du Legebiltzarrak. Ikasi behar dugu denok elkarrekin bizi behar dugula, inoren bermerik gabe, ez estatuarena, ezta ETArena ere. Horretarako mahai batean eseri behar da marko juridiko-politiko eroso batera heltzeko eta sufrimendu orori ateak aurkitzeko.

Arantza Urkaregi (EHUko irakaslea): "Bake eta demokrazia"
Letra hauek idazten ditudanean, asteleheneko 8ak jota dira eta ez dakit Ibarretxek, kanpainan zehar eta atzo ere esan bezala, Zapaterori deitu dion ala ez, baina horrela egin badu ez dakit zer esango dion. Ibarretxek hauteskunde hauek konbokatu zituenean, ez dut uste atzoko emaitzak espero zituenik, baina bozkek adierazten dutena kontuan hartu beharko du. Horrexegatik, momentu honetan, presa ez da lagun ona.

Ez Ibarretxerentzat, ez inorentzat. Atzoko emaitzek indar politiko guztiei ematen diete zer hausnartu. Nire ustez, atzo, euskal herritarren gehiengoak, dudarik gabe, egoera berri batera ailegatzeko nahia adierazi zuen. Egoera berri bat, bake eta demokrazian oinarrituta, bide politikoen bidez egina eta aukera politiko guztien parte-hartzea beharko duena.

Hauteskunde-gauean Ibarretxek berriro azpimarratu du beraiek dutela lidergoa, eta EAJ-PNV da bozka gehien lortu dituen indar politikoa, bai, baina ez gehiengoa. Gakoa da zertarako nahi duen lidergoa. Eusko Jaurlaritza berria osatzeko ala gatazka konpontzeko oinarriak jarriko dituen akordio zabal bat lortzeko?

Patxi Lopezek bozka gehiago lortu ditu, baina ez du ere gehiengoa. Orain arte eramandako bidea Aznar gobernuak markaturikoari lotuta egon da eta Aukera Guztiak-en ilegalizazioa horren adierazle nabarmena izan da. Baina atzoko bozken beste ondorioa da PP-PSOEk bultzaturiko Partiduen Legearen porrota.

Oztopo guztien gainetik, Batasuna presente egon da hauteskundeetan eta EHAK-k lorturiko emaitzek, poztekoak izateaz gain, erronka ederra planteatzen digute ezkerreko eta abertzale garenoi: Anoetako proposamenean plazaraturikoa gauzatzea.

Ez da erraza izango. Hauteskunde-emaitzek irudikatu duten puzzlearen ondoren, lehendakari berria izango denaren inguruko eztabaidak hartuko du protagonismoa. Baina hori ez da garrantzitsuena. Guztion artean hitz egin behar dugu, gaurtik bertatik, baina ez Ajuria Eneara joateko behar den gehiengoa osatzeko. Mahai baten inguruan eseri behar gara eta euskal herritarren gehiengoak nahi dituen bakea eta demokrazia lortzeko bidea guztion artean adostu. Ez da lan makala izango!


Azkenak
Zergatik Durangora joan abenduaren 7an?

Euskalgintzaren Kontseilua hizkuntza larrialdia bizi dugula ohartarazten ari da azken astetan. Urte dezente pasa dira euskararen biziberritze-prozesuaren egoera bidegurutzean, errotondan, inpasse egoeran eta antzeko hitzekin deskribatzen hasi zenetik, hizkuntza politikek... [+]


Iruñerriko hondakinak bilduko dituen Imarkoaineko gunea %33 garestitu da

Iruñerriko Mankomunitateak Imarkoaineko Hondakin Zentroaren proiektuaren aldaketa onartu zuen ostegun honetan eta, horren arabera, azpiegitura 2026ko urtarrilaren 21ean hasiko da lanean.


Tuterako alkateak aurrekontuak aurkeztu ditu talde neonazi baten abestiarekin

Estirpe Imperial da talde neonazia, besteak beste ezagun egin dena erabiltzen dituen letra faxista eta arrazistengatik.


2024-11-29 | Axier Lopez
EAJ, PSE eta PPk mendietako gurutze katolikoak babestu nahi dituzte “euskal kultura eta ohituren parte” direlako

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]


Boikota Israelgo datilei (eta datil horiek saltzen dituzten supermerkatuei)

Israelek gosea erabiltzen du palestinarren aurkako gerra-arma gisa, eta nekazaritza-produktuak mundu osoan merkaturatzen ditu.<


2024-11-29 | Gedar
Etxebizitzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dute Iruñean

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk antolatuta, manifestazio bat izan zen ostegun arratsaldean Iruñeko Alde Zaharrean. "Etxebizitzaren negozioaren aurrean, eta hura sustatzen duten politikarien aurrean, etxebizitza eskubide unibertsalaren benetako defentsa... [+]


2024-11-29 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirik sarearen manifestazioa martxoaren 22an Gasteizen
“Indarrak batuta soilik lortuko dugu makroproiektuen oldarraldi hau gelditzea”

EH Bizirik sarea makroproiektuen aurkako plataformen elkargunea da eta martxoaren 22an manifestazio nazionala deitu du Gasteizen: "Lekuko borrokez gain, esparru zabalagoan lan egitea ezinbestekoa dela jakitun, manifestazio honek sare osoari eragiten dien puntuak izango ditu... [+]


Gaindegiaren 20 urteko argazkia
Euskal Herriak biztanlerian, energian eta pobrezian gora egin du, CO2 isurketetan eta elikagaien kontsumoan behera

Hogei urte bete ditu Gaindegiak, Euskal Herriaren garapen sozial eta ekonomiko iraunkorrerako Behategiak. Horren harira, denbora horretan Euskal Herriak esparru horietan izan duen garapenaren berri ematen duen azterketa aurkeztu dute, eta datuok Europar Batasunekoekin konparatu... [+]


2024-11-29 | Euskal Irratiak
Eguberriko merkatu solidario, etiko eta euskaltzale bat Baionan

Lau egunez idekia izanen den merkatu bat antolatzen du Plazara kooperatibak euskararen aldeko beste hamar bat eragilerekin –horien artean ARGIA–.


Komunikazio libreago baterantz

Azaroaren 21ean Errenteriako Torrekuan eta Badalaben egon nintzen "Komunikazio libreago baterantz trantsizioan" izeneko jardunaldian.


Eguneraketa berriak daude