argia.eus
INPRIMATU
Begietatik entzuteko
2021eko uztailaren 16a

«Egidazu irribarre" esan zidan argazkilariak eta ni, gogogabe, ezpain ertzak aldamenetara tiratzen saiatu nintzen. "Ez, ez; egidazu irribarre, baina begiekin".

Halako keinu subliminalak egiten saiatzen dira kanpainako politikariak ere euren publizitatean, segurtasun, sinpatia, sinesgarritasun ez-esplizitu bat transmititzeko. Hitzen hauteskunde-lehia ia hutsa da. Irudiaren mundua nagusitzen ari: halako argiztapena, erretratua halako angelutatik, halako esku keinuak komeni, halako arropa halako publikoarentzako...

Eta ez, ez dut hauteskundeez aritzeko asmorik. Bertsolaritzaz ari nintzen pentsatzen... Eta gure hitzezko performancean, dela lehia dela jolas, mami-azalen orekan nola dagoen; nola, itxurak, formak, hitz biluziarekin duten maitasun-gorroto harremana. Bertsoa korronte kontran: belarriek ahotsa maite, begientzakoa den mundu-nini honetan.

Baina badabiltza hotsak. Gero eta kontu gehiago dabil, gero eta kontu gehiagoz ibiltzeko eskatuz. Zaintzeko estetika, azala, edukiontzia.

Eszenatokiena... Nola litekeen! Otorduetan, kentzeko kamera paretik Insalus botilak eta Cardu kopak, husteko hautsontziak, ezkutatzeko manteleko ardo orbana... Eta jaialdietako frankismoko dekorazio hori... Ikurrina, irudi-sinbolo erabatekoegia, egungo bertso-mezuen edukiarekin, ñabardurekin guztiz deskonpentsatua. Eta lore sorta horiek -aldarekoak? funeralekoak?-. Borondate ikaragarriz eta irizpide eskasez egindako edertze ahaleginak.

Eszenatokiaren itxura zaintzeak -telebistak ekarri duen premia izatez gain-, beldurtu ere egin izan gaitu: ez ote dion hornidura estetikoak hitzari garrantzia kenduko?

Neurrikoa bada, ez. Elegantzia sinpletasunean, testuinguru minimal bat, egokia, ederra, atsegina.

Eta bertsolariak...?! Nola ordea, kale-kaleko arropekin jendaurrera irten! Bakoitza bere maneran, ez hondoaren kolorerik kontutan hartu, ez...

Baina, zer da arropa arrunten hori: zabarkeria? ala beste inon ematen ez den ezaugarri berezi bat, adibidez, jendearekiko gertutasuna sortzen duena?

Kritikatzen gaituztenek ez dute arrazoirik falta. Ni lehena testuingurua zaintzearen aldekoa. Baina bereiz dezagun: helburua ez da noski zaharraren zaharrak xarmatu gaitzan; baina ezta, berritu nahi-eta, ikuskizunaren korronte moderno estandarrari jarraitzea ere.

Neurria berriz ere. Gure modu bat sortzea, estilo bat. Kultur planteamenduan bezala, estetikan ere, forman. Ez folkloriko abertzale frankismo ostekoa. Ez moderno estandar iparramerikarra.

Forma esan dut...? Performancearen forma?
Lehengoan ikastola batean, bi neskato -zortzina urte- euren kopla prestatuak ikaskideei kantatu aurretik, urduri: "non jarriko ditugu eskuak, atzean ala patriketan?".

Plaza-gizonaren postura. Baserritik ferira tratura jaisten ziren gizonena; korru-erdi bat eginez ganaduari begira egotekoa, bi eskuak pintzadun praken patriketan, eta koadrozko alkandoran, bihotzaren ondoan, doblatutako billete mordo bat.

Gaur egun bertsolariak hala kantatzen du. Lehengo emakume bertsolariek ez zuten horrela kantatuko akaso. Lehengo gizonek ere behar bada ez. Lehen, ez dakigu, akaso elementu teatralagoak egongo ziren. Mikrorik ere ez zen, eta kantatu ere posible da elkarri kantatzea bertsolariek, aurrez-aurre; eta ez elkarri, baina publikoaren bitartez.

Detailetxo horiek, mikroak adibidez, kanta-era eta forma aldatu ditu. Egun, mikro ia ikusezinak egonik ere, guk zaharkitzen ari diren betikoekin jarraitzen dugu, ahoa, gure mezuaren gunea estaltzen badute ere. Behar bilakatu zaigu hankadun mikrofonoa. Jendea eta gure arteko muga, babesa.

Baina zortzi urteko neskato horiei adibidez, balioko die plaza-gizonaren poseak? Balioko die bertsolarien gelditasun erabatekoak? Edo beste hautu batzuk egingo dituzte... nork daki... rap-aren ildokoagoak adibidez...?

Gaur egungo bertsolaria ere sentitzen hasia baita halako mugitzeko behar bat. Hitza interpretazio amiñi batez laguntzeko premia. Gero eta sarriagoak aurpegi keinuak, esku imintzioak, lepo jirak... Ahotsaren modulazioa eta tonuera landuagoak. Bertso-era teatralago bat -teatrala izan gabe-, gero eta interpretazio gehiagoduna. Espresibitate bila; espresibitaterako modu lagungarrien beharra. Bertsoak begientzako -ere-.

Baina itsutu gabe: Entzumena eta Hitza, Begiradarekin negoziazioetan. Mundu-ninian ahotsa izan nahi dute.

« Entzumena
eta Hitza,
Begiradarekin negoziazioetan.
Mundu-ninian
ahotsa
izan nahi dute »