argia.eus
INPRIMATU
Zer da: Euskal enpresaburuen bilgunea
Daniel Udalaitz 2021eko uztailaren 27a

Bilgune honek, CEVek, organikoki ez du zerikusirik EAEko enpresen Confebask patronalarekin, nahiz eta patronal horretako hainbat lagun handi kide dituen, hala nola lehendakaria. CEV, funtsean, talde edo lobby ideologiko kapitalista da, pentsamendua edo ideiak promozionatzeko zentroa eta kideen artean, EAEko enpresa garrantzizkoenetako 60 presidente edo kontseilari ordezkari baino gehiago daude. CEV Círculo de Empresarios Español erakundeko parte da. Elkarte hori duela hogeita sei urte sortu zen eta 200 kide baino gehiago ditu. Enpresa horiek 139.000 milioi eurotik gora (23,1 bilioi pezeta) fakturatzen dute eta 715.000 lagun enplegatzen. CEVeko presidentea Espainiako instituzio horretako ordezkaria ere bada. CEVen jomuga instituzionala da «enpresa librea, ekimen pribatua eta merkatuko ekonomia defendatzea». Horregatik, bere gain hartzen du «enpresaburuek gizarte libre eta demokratikoetan duten egitekoaz iritzi publikoa kontzientziatzeko ardura». CEVek epe luzeko perspektiba du bere jardunean: ideiak eta iritziak osatzen ditu eta zabaltzen, eta interes orokorreko gaiei buruzko eztabaidak eta azterketak bultzatzen. Langintza horretarako, batzordeak dauzka. Antolamendu horretan, bazkideek berek landutako dokumentuak, kontsentsu baten emaitzak, argitaratzen dituzte.