Autoa Udaletxe atzeko Txantxila aparkalekuan utziko dugu eta oinez jaitsiko gara Gudarien plazatik behera, kaskoa zeharkatuz, Etxeberri auzora.
Plaza nagusian bertan, udaletxea eta XVI. mendeko eliza ditugu historiaren lekuko. Oraingo udaletxea 1890ean inauguratu zen, eta estiloz eklektikoa da. Arkupean, hiribildurako sarrera nagusietakoa zen atea du. Hamaika sute eta sarraski jasan ditu Hernaniko udaletxeak. Lehenengo Karlistaldian gudatalde karlistak sartu ziren lehenik herrian, eta isabeldarrak ondoren, Udal Artxibategiari su emanaz. Bigarren Karlistaldian, berriz, Santiagomenditik karlistek botatako granada batek suntsitu zuen 1679an eraikitako udaletxe osoa, liberalek areto nagusian zeukaten bolbora lehertarazi baitzuen. 229.085 pezeta kosta zen berria eta hori ordaintzeko 500 pezetako bonoak atera eta sagardoaren eta xaboiaren gaineko zergak jarri zituzten.
Bide denek daramate Zinkoeneara
Kaskoak sorrerako egiturari eusten dio: aurrez aurreko bi kale luze zituen, Nagusia eta Kardaberaz, harresiaz babesturiko etxeekin. Eta zeharkako bat, egun Zapa izenekoa. Herrirako sarrera ate bat gorde da Zapa kantoian.
Kale Nagusian behera, etxeek historiako hainbat garaietara eramango gaituzte: Kale Nagusiko 13 zenbakiak XV-XVI. mendeko eredua irudikatzen du, sarrera nagusian arku zorrotza duela.
15 zenbakidun Aierdi jauregia eta 17 zenbakia den Eginoko jauregia, XVIII. mendekoak dira.
Kale honek ere Zinkoenea errotondara garamatza, eta hemen San Agustin Komentuaren eskuineko bidea hartuko dugu.
Bidea zuzen jarraitu aurrera, eta Etxeberri auzoan dorreak diruditen etxe-bikietara joko dugu. Etxe multzoan goraino igo, eta azken blokeen atzetik barandaila berdedun goranzko bidea hartuko dugu. Lehen bihurgunean eskuinerantz doan bidezidorra hartuko dugu. Istant batean Montebideo gainean egongo gara. Ezkerrerantz jota, kalparretik gailurrera iritsiko gara.
Montebideotik Galarretara
Montebideotik Hernani izango dugu begi-gozagarri. Goia jo dugula esateko Gipuzkoako Foru Aldundiaren geodesia ukitu eta zelaian aurrera joz eskuinera jaitsi gara, hesolak saltatuta bidera sartzeko. Maldan behera, Buskando baserria jo dugu, bidera atera zaigula dirudi ia. Aurrera jarraituz, hiru bide elkartzen dituen gurutzera iritsi gara. Han, pare-parekoa hartuko dugu Galarretara iristeko. Aldapa gora honetan Beracorte baserria agurtuko dugu eta bideari jarraiki, Ospitaleetarako errepidera aterako gara. Kontu handiz, ertzetik jaitsiko gara Galarretako errotondara. Zebrabidetik errotonda gurutzatuz, Chillida-Lekurantz joko dugu, eta 200 metrora ezkerrera sartuko gara, Jauregi aldera. Jauregi etxearen atzeko zelaian jokatzen diren sega apustuetatik ezagutuko duzue, akaso.
Santa Barbarari itzulia
Bide nagusiari jarraituz, lehen bidegurutzean ezkerrera hartuko dugu, kartelek Elutxeta sagardotegia, Saretxo golf-txikia eta Santa Barbara diotenera. Kontuz eskuineko bidetik Lasartera erori. Baina aurrera jo baino lehenago, Ingelesen Harria edo Koronelarria (ikus argazkia) eta Pitikar baserria ikusiko ditugu.
Garai batean soldaduek basetxetzat zuten Pitikarretik, Lasarte eta Hernani arteko merkatal mugimendua zaintzen zuten. Diotenez, gutxienez hogei zaindari zeuden bertan. Karlistek honen berri jakinda lortu zuten liskar odoltsuen ondoren, baserriaren jabe egitea. Etxe azpiko arkuek eta fatxadak ematen digute izan zuen garrantziaren zantzurik.
Hernaniko bidean sartu berriz eta hurrengo bidegurutzean Saretxo ezkerrera utziz, bide nagusia jarraituko dugu maldan behera. Aurrerago ura edango dugu iturrian, gaurkoz azkeneko aldiz. Santa Barbara mendiaren matrailari begira egingo dugu bide zati hau, eta hurreratuz joan ahala, konturatuko gara jendea ari dela sokatik zintzilik Santa Barbararen zimurretan gora egin nahian.
Gotorlekua
Hurrengo bidegurutzean, indarrek esango digute ezkerreko bidetik Santa Barbara puntara igo, gure norabideari eutsiz herrira jaitsi edo eskuinera dagoen Elutxeta sagardotegian indarrak hartu. Igotzeak merezi du, Bigarren Karlistaldian (1872-1876an) eraiki zen gotorlekua baitugu zain. Bertan buru den baseliza 1955ean egin zen, XVI. mendea baino lehenagokoaren ordez.
Hernanirantz jaisteko maldaren bukaeran, ezkerreko bidezidorra hartuko dugu. Erraz aurkituko dugu: Gurutzbideko VII. gurutzea dago bertan, eta eskuineko aldean dagoen geziak ere markatzen du "Hernani". Bidezidorrak Agerre baserri aurrera garamatza, eta seinaleek dioten bezala, ezkerrera joko dugu.
Santa Barbarako lakua inguratuko dugu eta malda jaitsiz, Alberro sagardotegiko bidegurutzera iritsiko gara. Galarretatik datorren errepidea kontu handiz zeharkatu, eta kotxea utzi dugun Txantxilara iritsiko gara.
Sagardotegien (txu)ruta
Gose pixka bat eginik, sagardoaren usainari segiz Osinaga bailara zeharkatzera abiatu gara. Horretarako, udaletxe atzeko eskailerak jaitsiko ditugu, Portu auzora. Eskailera atzean, Leoka labanderiak garai bateko emakumeen bizimodua ekarri digu gogora.
Portu auzoaren izenak adierazten duen bezala, ibai garraiorako kaia izandakoa da. Portuko jarduerak garrantzia itzela izan zuen XVI. mendera arte eta baita geroago ere, nahiz azken urteetan batez ere Errege Ontzitegietarako egurra garraiatzen aritu zen. Auzoaren bukaerako Shangai taberna ezkerretara utziko dugu. Kartelek ongi markatzen digute "Sagardotegiak" non dauden.
Bidean aurrera jarraitu, eta ez entretenitu lehen zubi eskegian, gerora nahikoa gozatuko dugu eta. Aurrerago Itsasburu sagardotegia ikusiko dugu. Erreka bazterreko bide honek Hernaniren kontrastea erakusten digu: Zikuñaga-Eziago-Ibarluzeko industriguneak ezkerreko aldean; baratzeak eskuinean; atzean, itzal eginez, Oindi eta Adarra mendiak ditugula. Aurrera jota, Loidi etxe pareko zubitxoa pasa orduko, eskuinera pilotariek aurten hartu duten Olaizola sagardotegia eta Otsua-Enea ditugu. Lehengo bideari eutsiz Altzueta sagardotegia, Iparragirre, eta bidearen bukaeran Elorrabi pasatuko ditugu. Badugu non bazkaldu!
Izokinen helmuga
Elorrabi etxe atarian bertan ezkerrera biratu, eta bigarren zubi esekia ikusiko dugu. Oraingoan bai, atzera-aurrera zeharkatuz sentitu dezakegu egurraren kirrinka eta soken balantza. Izokinek bezala errioan gora egin dugunez bazkaritarainoko bidea, izokinek presa nola saltatzen duten ikustera joan gaitezke. Horretarako, zubi esekiaren ezkerretara ateratzen den bidezidorra jarraituko dugu. Kontuz presa ondoko kaiolan erori gabe!