Garmendia
errege
Kirmen Uribe, Mikel Valverde
Elkar
93 orrialde
9,60 euro
Adiskidetasunari eginiko kantua
Kirmen Uribek jarraipena eman dio Garmendia eta Zaldun Beltzarekin hasitako bideari, beti ere Mikel Valverdek egindako marrazki adierazkorren laguntzaz. Asko gozatu omen zuen Uribek XIX. mende bukaeran Ipar Ameriketara artzain joandako ondarrutarraren abenturak idazten, eta hori gertatzen zaion bitartean hari buruzko lan berriak sortzekotan da. Bigarren honetan, Buffalo Billen zirkuan aurkituko dugu Garmendia. Goseak bultzatuta gerturatu dira bere lagun mina den Amelio mexikarra eta biak zirkuko lanetara. Behin han, ordea, ezberdina izango da bakoitzak lortuko duena, Garmendiaren ospea lau haizetara zabaltzen den bitartean, Amalio hutsaren hurrengo besterik ez baita izango. Eta euskalduna itsutu egingo du arrakastak.
Superindarra (Naturaren teoria batu baten bila)
Paul Davies
Gaiak
338 orrialde
Kosmologia eta fisika kuantikoko fenomenoen teoria
Zientzia fisiko-matematikoen irakaslea den Paul Davies australiarrak kosmologia eta fisika kuantikoko fenomeno guztiak azaltzeko teoria bakarraren osaketaz dihardu Superindarra (Naturaren teoria batu baten bila) izenburuko lanean. Simetria matematikoen garrantzia eta elektrodinamika kuantikoan izan duten arrakasta aztertzeaz gain, indar elektroahula argitzeko liburuan garatzen dituen kapituluen artean, fisika berria eta sen onaren kolapsoa, errealitatea eta kuantua, simetria eta edertasuna, lau indarrak, partikula subatomikoen mundua, infinitua heziz, hirutasun handia, superindarraren arrastoa, fosil kosmikoak, zerk eragin zuen big banga, unibertsoaren batasuna eta plan kosmikoa daude.
Un chivo en la Corte del botellón
César López Llera
Artezblai
94 orrialde 9 euro
Serantes lehiaketako lehen saria
Un chivo en la Corte del botellón o Valle Inclán en Lavapiés izenburua duen César López Llera madrildarraren antzezlanak eskuratu zuen iaz Santurtziko Udaleko Serantes Kultur Aretoak antolatzen duen Serantes izeneko antzerki lehiaketako lehen saria. Esperpento ukitu nabarmena du On Ramon María de Valle Inclánen ohorez idatzitako egungo errealitate gordinaren ispilu mikatz honek. Eta Valle Inclán bera izango da antzezlaneko protagonistetako bat, drogaren menpe aurkitzen den gizon gazte bat, hari bezala zoritxarreko beste askori laguntzen irmoki saiatzen den emakume zaharra, honen etxeko teilatutik erortzen den gizagaixoa, haren adiskidea dela dioen morroia eta polizia batzuekin batera.
2005eko Aurrekontuak: Nora garamatzate
ELAko Azterketa Bulegoa
Manu Robles-Arangiz Institutua
76 orrialde
Aurrekontu antisozialak
ELA sindikatuko Azterketa Bulegoaren iritziz, aurrekontuak alderdi politikoek adierazten dutena baino askoz gehiago dira, haien menpe daudelako gure bizitzarekin loturiko alderdi asko, hau da, osasuna, hezkuntza, etxebizitza, gizarteratzea eta abarretan egiten den gastua; alegia, gizarte ereduarekin zerikusia eta guztion bizi-baldintzetan eragina duten gaiak. Gauzak horrela, Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroako Foru Erkidegoan 2005erako onartu diren aurrekontuen proiektuak aztertu ditu sindikatu horrek, eta ondorio tamalgarri honetara iritsi da: bai bateko zein besteko aurrekontuak atzerakoiak eta antisozialak dira. Eta, hain zuzen, horren berri ematen du, euskaraz eta gaztelaniaz, Manu Robles-Arangiz Institutuak kaleratutako liburuxka honek.
90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura
Batzuen artean
Pamiela
134 orrialde
12,50 euro
Manu Lopez eta Xabier Etxanizen lana
Pamiela argitaletxearen bidez kaleratu duten 90eko hamarkadako Haur eta Gazte Literatura lanean gazteenei euskaraz zuzendu izan zaien literatura izan dute aztergai Manu Lopez Gasenik eta Xabier Etxaniz Erlek. Izenburuan azpimarratzen den epea bereziki arakatu badute ere, XX. mende hasieran kaleratu ziren liburuetatik hasita eman diote errepaso haur eta gazteentzat euskaraz hedatu den literaturari, 1936ko Gerraren ondorioz egondako hutsunea ahaztu gabe. Izan ere, 70eko hamarkada arte itxaron behar izan zuen euskarazko haur eta gazte literatura modernoak nekez abiatzeko eta 80ko hamarkadan bultzada instituzionalari esker indartu zen.
Las mujeres...
Manuel Jorge Mermelo
Txalaparta
175 orrialde
13 euro
Emakumezkoek eraman beharreko argibideez
Txalaparta argitaletxeak orain gaztelaniaz kaleratu duen Manuel Jorge Mermelo portugaldarraren nobela arrakastatsu bezain umoretsu honen izenburu zehatza Las mujeres deberían llevar libro de instrucciones da. Bakoitzarekin hiru seme-alaba dituen emazte biko gizona da narrazioan kontalari. Bere bigamia zorion-iturri duen arren, buru hausteak ere ematen dizkio, eta hor dabil etengabe etxez etxe konponketak egiten. Emakume ugari ezagutu ditu horrela, eta zer egingo zaio, bera ez zen fidela izateko jaio.
Odolean
neraman
Joan Mari Irigoien
Elkar
324 orrialde 18,40 euro
Euskal futbol izar baten ospea eta gainbehera
Familia futbolzale itsu baten seme bakarra izaki, txiki-txikitandik ernetu zitzaion Joan Mari Irigoienen azken nobelako protagonistari futbolerako grina. Dohain izugarriak zituen horretarako, gainera. Bere inguruko inor baino hobea zen baloi bat oin artean hartuz gero. Bestelakoan, ordea, gauzak gaizki samar zituen: ikastetxeko irakasleri ia osoa berarekin haserre zen, futbolari arrakastatsua izateko grina baino ez zeukalako buruan; eta etxean ere ez zen oso ondo konpontzen gurasoekin, semea homosexual bilakatuko ote zioten beldur bizi zen aita alkoholikoarekin eta istilu gehiagorik izateko gogorik ez zeukan ama isilarekin. Eskerrak hantxe zuela amona, mutikoaren barne oreka gordetzeko. Eta itxuraz behintzat, lortu zuen bere ametsa betetzea, berehalakoan auzoko taldetik Realera, beranduago Barçara eta handik Espainiako Selekziora jauzi eginez. Arrakastak dirua eta ospea ekarri zizkion, gaztea txoratu eta gehiegikerietan erortzeko adina loria. Baina famaren liluraren menpe egote horrek ekarriko zion, hain zuzen ere, kirolari gisa ez ezik pertsona bezala ere ezagutuko zuen porrota.