argia.eus
INPRIMATU
Osasuna: Ordenagailuak arriskutsuak ote ume txikientzat?
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21
Haurtzaroaren Aldeko Batasuna izeneko erakunde iparramerikarrak dioenez, ordenagailuak, Internetek eta enparauek zaildu egiten omen dute eskolaurreko adinean dauden umeek beste haurrekin eta baita pertsona helduekin ere harremanak finkatzea. "Umeek hezkuntza osasungarria behar dute, eta ordenagailuek ezin diete horrelakorik eskaini, ez baitute bizi-bizian hezten, egiazko irakasle batek bezala", dio Joan Almon-ek, eskolaurreko irakasle izateaz gain, erakunde horretako koordinatzaile nagusia eta eleduna denak.

Ameriketako Estatu Batuetan milioika dolar inbertitzen dira urtero, lehen mailako eskoletarako eta baita oinarrizko eskoletarako ere teknologia berriak diseinatu eta garatzeko. Eta bertako Hezkuntza Sailaren arabera, eskola publikoen %99 Internetera lotuak zeuden 2004. urtearen amaieran. Almon irakaslearen ustez, teknologia berriekiko lilura horrek itsututa, eskola batzuek nabarmen gutxitu dute irakasle, liburu edo hainbat jardueren -musika, arte nahiz ibilaldien- kopurua, ordenagailuko programa eta ekipamendu informatikoetan milioiak gastatzen dituzten bitartean.

Aditu horrentzat, ordenagailuen erabilera bereziki zaindu behar da adinez txikienak diren haurretan, hain zuzen ere sozializaziorako orduantxe baitago umeen garuna unerik aktiboenean. Adin horretan, ordenagailuak oztopoa besterik ez dira umeen trebetasun sozialak garatzeko. Bestalde, ikerketa batzuek frogatu omen duten bezala, ordenagailuak 3-4 urteko umeen hezkuntzan sartzeak ez du haurren sormena gehitzen; aitzitik, nekea eragin dezake, ikusmenekoa batik bat, eta baita estresaren ondorio diren beste hainbat kalte sorrarazi ere, obesitatea bultzatzeaz gainera.

Dena den, badira kontrako iritziak ere; Alain Delamater psikologoak, esaterako, zenbait arrisku fisiko onartzen dituen arren, hezkuntza-mailako jolasek kalte baino onura gehiago ekartzen dituztela dio. "Bai, ordenagailuan jolastea jarduera sedentarioa da, baina baita irakurtzea ere", bere hitzetan, eta inork ez du irakurtzea gaitzesten.