Xabier Silveirak hitzok izkiriatu zituen Garan: «Beste hizkuntzetan kultura landu, hura izaki bizidun bilakatu eta publikoak bere dirua ikuskizunagatik trukatzea lortu behar duten bitartean, euskaraz ez da hala gertatzen; gutxik lantzen dute kultura. Aitzitik, zenbatek egiten du lan kulturaren izenean? Zenbat lagun bizi dira gure hizkuntzaren osasun egoera kaskarraren ondorio diren lanpostuen kontura?».
Mikel Erramuzpe EKEko lehendakariak Berriari: «Mendeetan hemen populu batek munduaren pentsatzeko asmatu eta sortu duen zerbait da kultura (...) Gero, teoria handi horiek praktikan biziki sinpleak dira. Alduden usaian egiten dugun zerbait, adibidez: antzerki edo kantu emanaldi batetik landa arratsaldeko askaria eskaintzea, jendea mintzatzeko gisan. Ez ote da kultura hori ere? Gauza sinpleenetan ere, zer zentzu ematen diozun, horretan da gakoa».
Iñaki Muruak adierazpenok egin zizkion Deiari: «Autokritika serioa egin beharra dugu bertsolariok. Antzina bertsolaria garaiz joaten zen kantatu behar zuen tokira eta orain, berriz, presaka eta azken unean ibiltzen gara. Gainera, sarritan, berdin zaigu Bilboko jendeari kantatu edo Matximentakoari (...); hau da, bertakotu gabe kantatzeak konektatu ezina dakar».