argia.eus
INPRIMATU
Zer da: CES
Daniel Udalaitz 2007ko otsailaren 21

Kontseilu Ekonomiko eta Soziala, CES, Gobernuaren eta Parlamentuaren kontsultarako entitatea da. Helburua interes ekonomiko eta sozialek herrialde bakoitzeko politika ekonomikoan duten partaidetza efektibo egitea da. Lau urterako hautatzen da CES kontseilua, eta kide hauek izaten ditu: sindikatuen eta enpresen ordezkariak, hainbat sektore ekonomiko eta finantzariotako ordezkariak eta pertsonalitate aditu eta independenteak. Kontseiluak pertsonalitate juridiko propioa du, autonomia erkidegoko administrazioarenaz bestelakoa (gure kasuan, EAE eta Nafarroa), eta erabateko gaitasuna eta independentzia du bere funtzioak egikaritzeko. Egiteko horiek, besteak beste, hauek dira: prezeptiboki informatzea politika ekonomiko eta sozialarekin zerikusia duten lege-proiektuak, aurrekontu orokorrak izan ezik; Gobernuari bere eskumeneko gaiei buruzko proposamenak egitea; prezeptiboki informatzea politika ekonomiko eta sozialarekin zerikusia duten eta Gobernuaren aburuz ardurazkoak diren dekretu-proiektuak; Parlamentuak egiten dituen kontsultei erantzutea; autonomia erkidegoko sektore publikoaren jarduera ekonomikoaz gobernuak egiten duen planifikazioan parte hartzea; eta urteko memoria egitea komunitatearen egoera ekonomiko eta sozialari buruz dituen kontsiderazioekin.